Prestakuntza hobea duten pertsonek osasun hobea ere badute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bizi-itxaropena handiagoa da herrialde aberatsenetan —hau da, jendeak diru-sarrera handiagoak dituenetan— herrialde pobreenetan baino. Horren arrazoiak bistakoa dirudi: zenbat eta diru-sarrera handiagoak, orduan eta hobeak elikadura, etxebizitza, arropa, eta abar, eta, horrenbestez, orduan eta hobea, halaber, osasuna.

Alabaina, duela lau hamarkada baino gehiago, Samuel Preston demografoa eta soziologoa konturatu zen aldagai horien arteko erlazioa ez zela uste bezain sinplea. Egiaztatu zuen herrialde askotan biztanleen bizi-itxaropena ez zetorrela bat eskema horrekin eta, horretaz gain, ikusi zuen XX. mendean zehar, bizitza-luzera aberastasunaren hazkundearen efektuz espero zitekeena baino handiagoa zela. Eta, orduan, pentsatu zuen agian guztia ez zegoela diru-sarreren mailaren mende. Proposatu zuen osasun kondizioek izandako hobekuntzak eta medikuntzan gertatutako aurrerabideak –faktore ekonomikoen araberakoak ez erabat– izan zirela bizi-itxaropena handiagotzearen eragile nagusiak. Hamarkada bat geroago, John C. Caldwell demografoak ikusi zuen eskualde pobreetan (adibidez, Indiako Keralan, Sri Lankan eta Costa Rican) bizi-itxaropenak nabarmen egiten zuela gora osasun zerbitzuak hobetzeaz gain emakumeek hezkuntzarako sarbidea zuten tokietan.

Irudia: Hezkuntza maila eta osasunaren arteko harremana ikertu zuten 2018an Wolfgang Lutz eta Endale Kebede ikertzaileek. Lortutako emaitzen arabera hainbat egilek adierazitako diru-sarreren eta osasunaren arteko korrelazio estatistikoa faltsua izan litekeela ikusi zuten. Ikerketan adierazi zuten hezkuntza maila hobea dela osasun hobearen eta diru-sarrera gero eta handiagoen funtsezko determinatzailea. (Argazia: Steffen Eckart. Iturria: Pixabay.com)

Datu horiek eta beste azterlan batzuetan ikusitakoa kontuan izanik, Wolfgang Lutz eta Endale Kebede ikertzaileek osasunaren eta bizi-itxaropenaren baldintzatzaile nagusia identifikatzen saiatu ziren, eta, horretarako, oso aberastasun maila desberdinak dituzten 174 herrialderen datuak baliatu zituzten; datuak, 1970‑2010 tartekoak, bost urteko tartetan sailkatu zituzten azterlanerako. Azterlan horretan, jaiotzean bizi-itxaropenean eta haurren heriotza-tasan eragina izan dezaketen bi faktore hartu zituzten kontuan: batetik, herrialdeen batez besteko aberastasun maila (pertsona bakoitzeko barne produktu gordina); bestetik, biztanleriaren hezkuntza maila (azterlan batean, 15 urtetik gorakoen eskolatze urteak; bestean, 20-39 urteko emakumeen eskolatze urteak).

Datuen azterketa estatistikoen arabera ondoriozta daitekeenez, hezkuntza mailak diru-sarreren mailak baino askoz ere hobeki azaltzen du biztanleriaren osasun egoera. Ondorio hori azaltzeko beste modu bat da, jendearen hezkuntza maila herrialdearen aberastasun maila baino garrantzitsuagoa dela haurren heriotza-tasa eta bizi-itxaropenean. Ikertzaileek proposatzen dute hezkuntza mailak irizpide hobea ematen diela pertsonei, osasunarekin loturiko ondorioak dituzten erabakiak hartzeko orduan, dela elikadurari dagokionez, dela bizi ohitura orokorrei gagozkiela. Aberastasun mailaren efektua ez litzateke benetakoa izango; aitzitik, egileen hitzetan, lotura faltsua izango litzateke: herrialde aberatsenetan jendea hobeto prestatuta egotearen ondorioa litzateke diru-sarreren mailaren eta osasun-egoeraren arteko erlazioa.

Azterlanak ez du kontuan hartzen osasun sistemara bideratzen diren baliabideek bizi-itxaropenean duten eragina. Baina, jada azaldu den bezala, zenbat eta handiagoa izan biztanleen prestakuntza maila, orduan eta handiagoa izango da herrialdearen aberastasuna eta, horrenbestez, gehiago dira osasun sistemara bideratzen diren baliabideak. Berriz ere agerian geratzen da prestakuntzan baliabideak inbertitzea oso errentagarria dela. Prestakuntza ona duten pertsonen bizitza ez ezik, biztanleria osoarena ere hobeagotzen du.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude