Erakusteko kontsumoa

Argitalpenak · Dibulgazioa · Kolaborazioak

Pertsona baten diru-sarrerak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta handiagoa da luxuzko ondasunak erosteko erabiltzen dituen gastuen proportzioa. Horrela esanda, badirudi esandakoa huskeria bat dela; azken finean, oinarrizko premiak beteta dituztenek baliabideak dituzte beste ondasun batzuk eskuratzeko edo hain beharrezkoak ez diren zerbitzuez gozatzeko. Baina, egia esan, hau ez da hain kontu hutsala.

Gure diru-sarrerak ez dira baliabideez egiten dugun erabilera baldintzatzen duten bakarrak. Izan ere, lan egiten dugun erakundean dugun kokapen hierarkikoak edo mailak eta erakunde horren barruan dagoen soldata-desberdintasunaren graduak ere eragina dute hartzen ditugun gastu-erabakietan.

kontsumoa
Irudia: luxuzko artikuluen kontsumoa handitu egiten da, hautemandako estatusa handitzea nahi duten norbanakoen artean. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ezaguna da desberdintasun ekonomiko handiko eskualdeetan luxuzko objektu gehiago erosten eta bilatzen direla Interneten, desberdintasun txikiagoko eskualdeetan baino. Baina ondorio horretara iristeko datu erantsiak erabili ziren, eta hauek ez zuten ahalbidetzen jakitea nortzuk ziren luxuzko ondasunetan gehien gastatzen zutenak.

Ikerketa-talde batek luxuzko gastuaren jatorria zehaztu ahal izateko, Erresuma Batuko 32 008 entitatetan hamar hilabetez lan egin duten 683 677 pertsonaren txartel bidezko transakzioak aztertu ditu. Erosketak (4 118 markaren ingurukoak) lau kategoria hauetako bati atxiki zitzaizkion: beharrezkoak (% 24), hautazkoak (% 54), luxuzkoak (% 10) eta ezezagunak (% 12). Arrazoi metodologikoengatik, gainerako kopuruetatik kanpo utzi zituzten kategoria ezezaguneko erosketak. Eta beste hirurei zuzendutako zenbatekoekin, bakoitzaren gastuaren ehunekoak kalkulatu zituzten: beharrezko zerbitzu eta produktuetan % 46koa izan zen; hautazkoetan, % 42koa; eta luxuzko ondasunetan, % 12koa.

Oro har, zenbat eta handiagoa izan soldata, orduan eta handiagoa zen luxuzko objektu eta zerbitzuen gastua. Halaber, gastua ere handiagoa zen lan egiten zuten entitateko soldata-aldeak zenbat eta zabalagoak izan. Hala ere, desberdintasunaren efektuak gehiago eragiten zien diru-sarrera gutxien zutenei. Gehien irabazten zutenentzat, enpresa barruko diru-sarreren desberdintasunak ia ez zuen eraginik luxuzko produktuak erostera bideratzen zuten portzentajean. Gainera, langileek beren enpresako soldata-eskalan zuten mailak ere eragina zuen luxuzko produktuak erosteko erabiltzen zuten gastuaren ehunekoan. Soldata bererako, kantitate absolutuetan, gehiago gastatzen zuten luxuzko objektu eta zerbitzuetan enpresan maila apalagoa zutenek.

Lanaren egileek ondorioztatu dute luxuzko ondasun eta zerbitzuetan egindako gastua gizabanakoek estatus handiagoa erakusteko erabiltzen duten seinalea dela. Aberatsenetan, gastu handiagoak benetako estatus altua islatzen du, baina gauzak konplexuagoak dira gutxien irabazten dutenetan. Ikerketaren egileen arabera, soldata-berdintasuneko egoeran, enpresan estatus baxuagoa dutenek diru-sarreren proportzio handiagoa gastatzen dute luxuzko objektuetan, eta honek “estatusak eragindako antsietatearen hipotesia” deritzona berresten du. Baldintza horrek (soldata-maila baxu bati dagokiona), objektu garestiagoak eskuratzeko baliabideekin konbinatuta – soldata handiagoa –, gastu erlatibo handiagoa ekarriko luke luxuzko ondasun eta zerbitzuetan.

Luxuzko objektuen gastua “erakusteko kontsumoa” deritzonera bideratzen da, estatus altua duela aditzera emateko egiten den kontsumoa. Estatus hori benetakoa izan daiteke, baina baliteke ez izatea ere. Gogoratu hurrengoan, urrezko lepoko bat edo gama altuko kirol-autoa ikusten duzunean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Muggleton, Naomi; Trendl, Anna; Walasek, Lukasz; Leake, David; Gathergood, John eta Stewart D., Neil (2022). Workplace inequality is associated with status-signaling expenditure. PNAS, 119 (15), e2115196119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2115196119


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

2 iruzkinak

  • […] Ikerketa baten egileek ondorioztatu dute luxuzko ondasun eta zerbitzuak erostea gizabanakoek estatus handiagoa erakusteko erabiltzen dutela. Hau aztertzeko, Erresuma Batuko 32 008 entitatetan hamar hilabetez lan egin zuten 683 677 pertsonaren txartel bidezko transakzioak aztertu zituzten, luxuzko gastuaren jatorria […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..