Bueltatuko zenioke diruz betetako zorroa bere jabeari?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Demagun diru zorro bat topatzen dugula kalean, jabearen datuekin. Itzuliko al genioke? Berdin itzuliko genuke diru zorroa hutsik edo 15 eurorekin aurkituko bagenu? Eta 90 euro baleuzka? Bada, galdera horiei erantzun zaie, mundu mailako esperimentu bati esker. Orain gutxi eman dira argitara emaitzak.

Esperimentua egiteko bezero arretako sailak aukeratu ziren, banku, antzoki, museo, posta bulego, hotel, polizia etxe, epaitegi eta bestelako egoitza publikoetakoak. Ikertzaileen laguntzaile bat horien arduradunarengana joaten zen eta diru zorro garden bat ematen zion –kreditu txartelak, bestelako agiriak eta, zenbaitetan, billete batzuk ikus zitezkeen–, eta handik hurbil topatu zuela esaten zion eta, arren, jabearekin harremanetan jartzeko, datuak dokumentazioan ageri baitziren. Azkenik, ehun egun igarota, langilea diru zorroaren ustezko jabearekin harremanetan jarri zen kasuak zenbatu zituzten.

Irudia: Zintzotasunaren eta norberaren interesaren arteko oreka aztertu dute munduko hainbat hiritan egindako esperimentu baten bidez. (Argazkia: BNN_News – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

40 herrialdetako 355 hiritan egin zuten esperimentua; guztira, 17.303 diru zorro entregatu zituzten, 400 bat herrialdeko. Hiri horietan guztietan eskema bera erabili zen: diru zorroetako batzuek ez zuten dirurik, eta beste batzuek, erosahalmen baliokidean, 13,45 dolar zeuzkaten. Hiru herrialde hautatutan –Polonia, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua– hirugarren motako diru zorro bat ere entregatu zuten, 94,15 dolarrekin (edo tokiko monetan, erosahalmen baliokidearen adinako zenbatekoarekin). Esperimentuaren emaitzak ezeztatu egin zuen espero zitezkeen emaitzei buruz galdetutako pertsonek –tartean, ekonomialariak eta ez adituak– emandako iritzia.

Ia herrialde guztietan, langilea jabearekin harremanetan jartzen ahalegintzen zen kasuen ehunekoa txikiagoa zen zorroetan dirurik ez zegoen kasuan, eta zorroetan zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta handiagoa zen kasuon ehunekoa. Ikertzaileek ezusteko portaera horren arrazoiak aztertu zituzten modu independentean. Ondorioztatu zutenaren arabera, itzultzeko joera zorroan zenbat eta diru gehiago egon orduan eta handiagoa izatearen arrazoia hau da: langileak ez du bere burua lapurtzat hartu nahi. Bestela esanda: erabakian bi indar kontrajarrik eragiten dute; berekoia, dirua beretzat hartzearen aldekoa, eta altruista, diru zorroa itzultzearen aldekoa, galdu duenari kalterik ez egiteko.

Ikerketak emaitza gehiago izan zituen. Esaterako, desberdintasun handia dago jabearekin harremanetan jartzeko kasuen ehunekoetan 40 herrialdeen artean; alegia, kapital sozialaren osagai oso garrantzitsua den ondradutasunean, aldea dago herrialde batetik bestera. Peru, Mexiko, Kenya, Kazakhstan, Txina, Maroko, Ghana eta Malaysia dira, ehuneko txikienetik handienera ordenatuta, diru zorroak itzultzeko ahalegin txikiena egin zen herrialdeak (kasuen % 25ean baino gutxiagoan). Diru zorroak itzultzeko ahalegin handiena egin zen herrialdeak (% 70etik gora), handienetik txikienera ordenatuta, Danimarka, Suedia, Zeelanda Berria, Suitza, Norvegia, Txekiar Errepublika eta Herbehereak izan ziren.

Ikertzaileen arabera, hautemandako desberdintasunek korrelazio positiboa dute aldagai hauekin: baldintza geografiko onuragarriak ekonomian, erakunde politiko inklusiboak, hezkuntzaren hedadura soziala eta norbere taldeaz haragoko estaldura duten balio moralen aldeko balio kulturalak.

Esperimentua eta ondorioak oso interesgarriak dira, baina irudia osatzeko, jakin nahi nuke jendeak berdin jokatuko ote zukeen ondasun publikoen edo ondasun komunalen kasuan. Nik zalantzak ditut.

Iturria

Cohn, A., Maréchal, M. A., Tannenbaum, D., & Zünd, C. L., (2019). Civic honesty around the globe. Science, 365(6448), 70-73. DOI: 10.1126/science.aau8712.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude