Asteon zientzia begi-bistan #7

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

Argazkia @Uhandrea
Argazkia @Uhandrea

2012an Uppsalako Unibertsitateko ikertzaileek Afrikako Hegoaldeko 11 herrietako 220 pertsonen aldaera genetikoa aztertu zuten, hauen harremanak eta diferentziak antzemateko. Ikerketak berretsi zuen, boskimanoak, San herriko etnia gaur egun bizirik dirauen munduko herririk zaharrenetarikoa dela. Eli Astiasaranek 7K gehigarrian boskimanoei buruz argitaratu zuen artikulua eta bertan, Spencer Well genetistaren aurkikuntzetatik hasita, San herria hurreratzen digu San herria. Lehenengo gizaki modernoaren aztarna artikuluan.

Eguraldiaren iragarpenetan meteorologoek egunean zehar tenperatura maximoa eta minimoa zein izango den esaten digute. Tenperatura kontzeptu arrunta da guretzat baina uste duguna baino sakonagoa da. Ion Erreak Donostia International Physics Centerreko ikertzaileak tenperatura neurtzeko lehen tresnetatik hasita, fisikako hainbat teoriatan kontzeptuak duen tokia aztertzen du bere blogean. Adibidez, interesgarria da nola tenperaturaren eraginez molekuletan atomoak bibratzen hasten dira oreka egoeraren inguruan. Tenperatura, zero absolutua eta ziurgabetasuna artikuluan tenperatura oinarrietatik fisika kuantikoraino.

Bartzelona, Zurich eta Vienako unibertsitateetako ikertzailez osatutako nazioarteko ikerketa-talde batek termodinamikaren bigarren printzipioa hausten duen aurkikuntza bat egin du. Laser-argiaz harrapatutako nanopartikula batek beroa transmititu diezaioke are beroago dagoen gas bati. Hau da, beroa xurgatu beharrean, termodinamikaren printzipioa jarraituz, hedatu egiten du beroago dagoen ingurune baten. Mikel Irastorza biologoak Euskalnatura atarian azaltzen digu fenomenoa Termodinamikari aurre egiten dion salbuespena artikuluan.

Gizakia esploratzailea da, mundua ezagutzeko hamaika espedizio abiatu izan ditu. Mundua eta unibertsoa ere. Espaziora bidaiak XX. mendean abiatu ziren baina gizakiak ezin du nahi duen tokietaraino joan, urrun gelditzen baitira. Baina esploratzaileak bidaltzen ditugu, robotak. Gorka Azkune ikertzaileak Elhuyar Aldizkarian Marten esploratzailea den Curiosity robota aurkezten digu Lurraz haragoko esploratzaileak artikuluan. Curiosity robota helburu zientifikoak dituen laborategi osatu bat da.

Ixa Taldeko Iñigo Lopez-Gazpiok galdera masiboak modu automatikoan sortzen dituzten Question Generator, QG sistemen xehetasunak plazaratzen dizkigu. Galderak sortzeko sistema hauek lau urrats bete behar dituzte: corpusa prozesatu, galderen emaitzak hautatu, galdetzaileak aukeratu eta galderak eraikitzea. Agian galderak sortu zaizkizue hau irakurri ondoren, ba Elhuyar Aldizkarian argitaratu duen Bota galdera! artikuluan dituzue erantzun guztiak.

Zientziak ez du izan bide errazik. Historian murgiltzen bagara badira hamaika egoera eta gertakari hau baieztatzen dutena. Zientzia Kaiera blogean Juan Ignacio Pérezek Natur Zientzia Hobetzeko Londresko Erret Elkartea edota Royal Society of London for Improving Natural Knowledge-n hasierako uneetara garamatza. Erret Elkartea XVII. mendean sortu zen eta Europako elkarte zientifikorik zaharrenetarikoa da. Estutasun ekonomiko asko izan zituen eta aurrera joateko diru-iturriak behar zituen, hori dela eta soilik bazkide dirudunak onartzen zituzten elkartean. Guzti hau Zientziarako zailak, hasierako urteak ere artikuluan.

Gizakion garunaren funtzionamendua deskribatzea da gaur egun zientziaren erronka nagusietariko bat. Helburu hori lortzeko asmoz sortu zen BRAIN Initiative (Brain Research through Advancing Innovative Neurotechnologies ). Proiektuaren lehen emaitzak kaleratu dira asteon, Nature aldizkariak argitaratutako bi artikuluetan garunaren bi mapa deskribatzea lortu dutela adierazten dute. Lehenean, saguaren nerbio-konexioen loturak deskribatzen dira eta bigarrenean, giza enbrioiaren garunaren garapenean parte hartzen duten geneen xehetasunak azalarazten dira. Elhuyar Aldizkarian Ana Galarragak honen berri ematen digu Garunaren bi mapa, BRAIN proiektuaren lehen fruituak artikuluan.

Lilura eta jakin-min berezia eragiten digute Lurretik kanpo dauden tokiak. Esploratzaileak bidaltzen ditugu Unibertsoa zeharkatzen gu oraingoz ezin gara bertara iritsi gure espazio ontzi tripulatuetan eta. Toki hauek izen zientzia-fikziozko izenak dituzte: Nebulosa Trifida, Kariklo, Oorten hodeia… eta toki urrun eta ezkutu hauei buruzko bi aurkikuntza egin dituzte astronomoek. Horien karira, pentsa liteke badagoela planeta erraldoi bat Plutonez harantz, Saturnoren eraztunen antzerako batzuk dituen asteroide bat dagoela. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaieran kontatzen digu guztia haren artikuluan: Eguzki sistemaren ertzak geografo modernoentzat.

New Yorkeko NYU Langone Medical Centerreko Sistema Genetikoen Institutuko ikertzaileek legamiaren kromosoma oso bat sortu dute laborategian. Legamiaren hamasei kromosomen artean hirugarrena sintetizatu dute. Bioteknologia alorrean honek garrantzi handia du, orain arte bakarrik kromosoma prokariotikoak sintetizatu dituzte bakterioetan. Kromosoma eukarioto sinpleenak prokariotikoak baino kromosoma konplexuagoak dituzte, eta horrez gain, gizakiengatik hurbilago daude. Amaia Portugal kazetariak Berrian azaltzen dizkigu lorpen honen xehetasun guztiak Minimalismoa laborategian artikuluan.

Permiarra Paleozoikoko azken garai geologikoa da. Lurraren gehiengoa superkontinente bakarrean bilduta zegoen eta garaiaren bukaera ezaguna da espezien desagerpen masibo bat suertatu zelako. Desagerpenaren erantzule nagusitzat jo izan da aktibitate bolkanikoaren ondorioz suertatu zen klima-aldaketa. Baina MITeko ikertzaileek teoria hori albo batera uzten duen frogak lortu omen dituzte. Methanosarcina generoko arkeobakterioak jotzen dituzte erantzule nagusitzat. Mikel Irastorza Euskalnatura.net-en kontatzen digu: Txiki handia zinen zu.

BICEP2 teleskopioaren azken asteotako emaitzek, fisikaren mundua asaldatu du. Teleskopioak Big Bang-aren ondorengo grabitazio-uhinen arrastoak antzeman zituen. Inflazio kosmikoaren teoria, egiaztatzen duen froga omen litzateke teleskopioaren bidez zientzialariek harrapatu dutena. Teoriak dio, Big Bang-a gertatu zenean ikaragarrizko denbora tarte txikian, sekulako hedapena izan zuela unibertsoak eta horrekin batera grabitazio-uhinak sortu zirela. Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian hurbiltzen gaitu azalpenetara Big Bang-ean gertatutakoa ulertzetik hurbilago artikuluan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.