Klimaren gorabeherak Asian, Izurri Beltza Europan

#KZJaia · Kolaborazioak

Izurri agerraldien eta klimaren gorabeheren arteko lotura aztertu dute Osloko Unibertsitateko zenbait ikertzailek. Ondorioztatu dutenez, arratoi beltzak ez ziren pandemiaren gordailu izan Europan. Horren ordez, Asiatik kontinente zaharrera behin eta berriz iristen zen gaitza, itsasontzien bidez.

Izurri Beltzak milioika lagun hil zituen Asian, Europan eta Afrika iparraldean; edozein hondamendik edo gerrak baino gehiago. 1347a eta 1353a bitartean gertatu zen, eta gure kontinentearen kasuan, herritarren %30 eta %50 artean akabatu zituela estimatzen da. Baina ez hori bakarrik, pandemia hura ondorengo lau mendeetan izan ziren gisa bereko plaga askoren abiapuntu beldurgarria izan baitzen.

Gaitza Asian hasi zela nahiko garbi dago, baina Europan nola zabaldu zen, ez dago egiaztatuta. Jakina da Yersinia pestis bakterioak eragin zuela, Asian infektatutako karraskarietan zegoela abiapuntua, eta gaixotasuna itsasontziz iritsi zela kontinente zaharrera. Baina zergatik ez zen joan bezala etorri? Zergatik agertu zen behin eta berriz lau mendetan zehar? Tesirik zabalduena zera da, infektatutako karraskari horietan bizi ziren arkakusoek arratoi beltzetara egin zutela jauzi Europara ontziz iristean, eta animaliok izan zirela gaitzaren gordailu 400 urte luzetan, sarritan gizakiengana iritsiz eta unean uneko eta tokian tokiko izurri agerraldiak eraginez.

1. irudia: Izurrien Asiatik Europarako bidea islatzen duen grafikoa. (Argazkia: Nils Stenseth)
1. irudia: Izurrien Asiatik Europarako bidea islatzen duen grafikoa.
(Argazkia: Nils Stenseth)

Osloko Unibertsitateko zenbait ikertzailek, baina, bestelako proposamen bat egin dute, Erdi Aroko Europa eta Asiako klima aztertu eta gero. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian defendatu dutenez, ez dute aurkitu arratoi beltzak gordailu izan zirela frogatzen duen aztarnarik, eta izurriak Asiatik Europara behin eta berriz iritsi zirela ondorioztatu dute. Bestela esanda, izurriak hasi eta buka egiten ziren; gaitza ez zen gordailu baten babespean lozorroan geratzen eta ez zuen halako batean berriz erasotzen, lau mende luzetan. Pandemiaren agerraldi bakoitza berria zen, Asiako itsasontziren baten beste etorrera batek ekarria.

Nils Stenseth ikertzaileak zuzendutako talde honek ezohiko bide batetik egin du azterketa, izurrien hedapena eta klimaren gorabeherak elkarri lotuta. Zehazki, Erdi Aroan gertatutako 7.711 izurri agerraldi erlazionatu dituzte Europa eta Asiako hamabost erregistro paleoklimatikorekin. Emaitzak ikertzaileak berak harritu ditu: Europako izurrien agerraldiek ez dute bat egiten bertako klimaren gorabeherekin, baina bai Asiakoekin. Izan ere, kontinente honetan ezaugarri zehatz batzuk zituen gorabehera klimatiko bat gertatzen zen aldiro, hamabost urteren buruan, izurri agerraldiak izaten ziren Europako portuen bueltan.

Zergatik, ordea? Zerk lotzen ditu Asiako klima eta Europako pandemiak? Hori azaltzeko, Kazakhstanen arrunta den Rhombomys opimus karraskari espezieaz dihardute Osloko ikertzaileok haien artikuluan. Animaliotan izurria zabaldu bada, eta izurria izaten den urteko udaberria beroa bada eta uda hezeagoa, horrek hedapen arriskua dakar. Izan ere, ezaugarri klimatiko horiek ez dira egokiak karraskariontzat, eta haien populazioaren gainbehera ekar dezakete. Orain hilda dauden karraskarietan bizi ziren arkakusoak beste batera joango dira orduan; arkakuso dentsitate handiagoa edukita, eta izurria tartean dela, hura animalion artean areago zabaltzeko arriskua handiagoa da horrela. Azkenerako, gainera, arkakuso horiek beste bizileku batzuk bilatu baino beste erremediorik ez dute izango, eta orduan gerta liteke gizakiengana iristea, izurriarekin batera.

2. irudia: Izurri beltza irudikatzen duen pintura.
2. irudia: Izurri beltza irudikatzen duen pintura.

Ikertzaileon ustez, litekeena da arkakusoek Asiatik Europara zihoazen itsasontzietako arratoi beltzetan ostatu hartzea, eta horrek gaitzaren inportazioa erraztea helmugako portuetan, baina ez dute uste bakterioaren gordailu izan zirenik lau mendez, haien jatorrizko habitata zen Europan. Izan ere, izurria XIX. mendean desagertu zen gure kontinentean, baina Asian, Afrikan eta Amerikan hedatzen jarraitu zuen. Osloko talde honek dioenez, Europan gaitzaren gordailu zen espezie propiorik ez zegoela pentsarazten duen gertaera da hori.

Gainera, izurri agerraldi nagusiak Erdi Aroan Europan zeuden portu garrantzitsuenen bueltan abiatu zirela ondorioztatu dute ikertzaileok, eta horrek bat egiten du agerraldi bakoitza Asiatik etorritako itsasontzi desberdin batek ekarri zuela dioen hipotesiarekin.

Hala ere, ikertzaile batzuk ez daude ados Nils Stensethen taldearen ondorioekin, eta Yersinia pestis bakterioa lau mendetan Europan geratu zela uste dute, arratoi beltzen laguntzaz. Besteak beste, argudiatu dutenez, Izurri Beltza hasi aurreko urteetan Zetaren Bidea baliatzeko debekua zegoen, eta horixe zen, hain zuzen, Asia eta Europaren arteko itsas lotura komertzial nagusia.

Erreferentzia bibliografikoa

Boris V. Schmid, Ulf Büntgen et al. Climate-driven introduction of the Black Death and successive plague reintroductions into Europe. PNAS 2015; published ahead of print February 23, 2015, doi:10.1073/pnas.1412887112


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.