Iktusari aurrea hartzeko biomarkatzaileak identifikatu dituzte

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Pertsona batek iktusa (gaixotasun zerebrobaskularra) izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte.

Irudia: Euskadin, urtero, 6.000 iktus kasu berri izaten dira eta 600 heriotza eragiten ditu gaixotasunak, gutxi gorabehera.

Jada iktusa izan duten edo izateko arrisku handia duten pazienteak aztertuta, iktusa izateko probabilitate handiagoa adierazten duen gene-taldea identifikatu dute ikertzaileek. Arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak, hauskorragoak, izatea eragiten dute gene horiek. Plaka hausten denean, zatiak garuneko odol-hodietara iristen dira eta buxatu egiten dituzte, gaixotasuna sorraraziz.

Gene horiek odol-analisi bidez identifikatzeko ari dira lanean ikertzaileak, era horretara sintomarik izan gabe ere iktusa izateko probabilitate handiagoa nork duen aurresan ahal izateko. Praktika klinikoan analitika hori erabiltzea mugarri izango litzateke patologia horri aurre egiteko bidean: kontrol handiagoa eta prebentzio-lan askoz ere eraginkorragoa egitea ahalbidetuko luke.

Euskadin, urtero, 6.000 kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu. Bestalde, iktusa munduan heriotza eragiten duen bigarren kausa da, eta urtean 17 milioi kasu berri izaten dira.

Gaixotasuna eragiten duten prozesuak oso konplexuak dira eta horrek asko zailtzen du benetako diagnostiko-balioa duten biomarkatzaileak aurkitzea. Era berean, orain arte ez da lortu iktusa garatzeko arriskua baloratzen lagunduko duen testik. Horregatik da hain garrantzitsua abian den ikerketa, eta bere emaitzak.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Osakidetza, UPV/EHU eta Achucarroko ikertzaileek iktusari aurrea hartzeko funtsezko biomarkatzaileak identifikatu dituzte.

1 iruzkina

  • […] Pertsona batek iktusa (gaixotasun zerebrobaskularra) izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte. Hain zuzen, iktusa izateko probabilitate handiagoa adierazten duen gene-taldea identifikatu dute. Gene horiek izateak arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak eta hauskorragoak izatea eragiten dute. Euskadin, urtero, 6.000 […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.