Melanomaren diagnostikoa eta pronostikoa egiteko metodo berria

Melanozitoak

Melanozitoak

UPV/EHUn garatutako diagnostiko-metodo batek aukera emango du melanoma goiz detektatzeko; garrantzi handikoa da hori, pazienteen biziraupenerako

UPV/EHUko ikertzaile batzuek azaleko melanomaren, heriotza-tasa handiena duen azaleko minbizi-motaren, diagnostikoa eta pronostikoa egiteko metodo bat garatu eta patentatu dute. Metodo horri esker, batetik, minbizi-mota horren detekzio goiztiarra modu eraginkorragoan egin ahal izango da, eta, bestetik, tratamendu pertsonalizatuagoak garatu ahal izango dira.

Melanoma tumore gaizto bat da, melanozitoak eraldatzean sortzen dena. Eguzki-erradiazioaren eragin kaltegarrietatik babesten gaituen melanina sintetizatzeaz arduratzen dira melanozito horiek. Azaleko minbizien artean hirugarren ohikoena da melanoma, baina heriotza-tasa handiena du, metastasiak eragiteko ahalmen handia duelako.

Hori dela eta, “diagnostiko goiztiarra da pazienteak salbatzeko oraingoz dugun tresnarik onena. Hain zuzen ere, fase goiztiarreko melanoma bat duten pazienteek % 95eko biziraupen-tasa izaten dute; metastasia duten pazienteetan, berriz, 5 urtera duten biziraupena % 50eraino jaisten da”, azaldu du Yoana Arroyok, ikerketa egin duen UPV/EHUko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzaileak.

Zelulen Biologia eta Histologia Saileko Tumore Markatzaileak eta Terapia Berriak ikerketa-taldeak hiru urte daramatza azaleko melanoma aztertzen. Taldearen lanaren helburua da melanoma gaiztoaren diagnostikoa eta/edo pronostikoa egiteko balia daitezkeen markatzaileak edota harekiko sentikortasunaren ardura dutenak identifikatzea. “Melanozito arruntekin alderatuta melanoma-zeluletan espresioa aldatuta zuten proteinak bilatzen hasi ginen, eta, hortik abiatuz, dagokien geneetan aztertzen ari gara, espresioa, mutazioak eta epigenetika ikertzen”, zehaztu du Arroyok.

Emaitzek berretsi zuten melanoma-zelulek espresio geniko eta proteiko bereizgarriak dituztela, eta horiek aukera ematen dutela, batetik, tumore izango den edo ez bereizteko, eta, bestetik, tumore den kasuetan, gaitasun inbaditzailea -eta, beraz, metastasia eragiteko probabilitate handiagoa- duten zelulak bereizteko. Hala, bada, ikertzaileek molekula-biomarkatzaile berriak identifikatu dituzte, melanomaren diagnostikoan, pronostikoan eta harekiko sentikortasunean intereseko izan daitezkeenak.

Yoana Arroyo, metodo berria patentatu duen ikerketa-taldeko burua.

Yoana Arroyo, metodo berria patentatu duen ikerketa-taldeko burua.

Tratamendu pertsonalizatuagoen bila

Une honetan, UPV/EHUko ikertzaileak gene hautagaiak baliozkotzeko fasean ari dira lanean; horretarako, geneen espresio-mailaren analisia egiten dute melanomen eta nevien (gaiztoak ez diren melanozitoen ugaltzea) biopsietan. Gurutzeta eta Basurtuko unibertsitate-ospitaleetan diagnostikatutako pazienteen biopsiak jasotzen dituzte. Helburua da “molekula-markatzaileen konbinazio bat aurkitzea aukera emango diguna melanomaren diagnostikoa eta pronostikoa modurik eraginkorrenean egiteko”.

”Diagnostikatzeko metodo hori dela eta, metastasiak garatzeko probabilitate handiena duten pazienteak identifika daitezke, eta, hala, haien tratamendua eta biziraupena hobetzeko aukera izan. Gainera, ikerketa honek bidea ireki diezaieke tratamendu pertsonalizatuagoak garatzeko ikerketa-lerro berriei”, azaldu du Arroyok.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>