Asteon zientzia begi-bistan #231

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronomia

Asteko albistea izan da zientziaren munduan! Insight zunda onik iritsi da Marteren azalera. Martera iritsi den NASAren zortzigarren misioa da eta helburu batzuk ditu: planetaren barne-egitura eta fluxu termikoa aztertzea, eta uhin sismikoak neurtzea eta haien jatorria argitzea. Lortzen dituzten datuak baliagarriak izango dira planetaren sorrera eta bilakaera ulertzeko. 2020ra arte iraungo du baina baliteke gehiago irautea.

Berriaren bidez ikusi izan ditugu asteon Lurrera Insight zundak bidalitako Marteko lehen irudiak. Ez galdu!

Medikuntza eta Osasuna

Pertsona batek iktusa (gaixotasun zerebrobaskularra) izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte. Hain zuzen, iktusa izateko probabilitate handiagoa adierazten duen gene-taldea identifikatu dute. Gene horiek izateak arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak eta hauskorragoak izatea eragiten dute. Euskadin, urtero, 6.000 kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu.

Minbiziaren esparruan ere aplika daitezke eboluzioaren eta Darwinen hautespen naturalaren arauak. Tumore berdin bateko atal ezberdinak sekuentziazio masiboz analizatuz, atal hauetan aldi ebolutibo ezberdinetan aurkitzen diren zelulak daudela deskribatu zen. Honek frogatu zuen bien arteko harremana. Eredu adarkatua, adibide bat izan daiteke. Bertan tumore-zelulen arteko lehia gertatzen da, eta zelula talde bakoitzaren uneko eraginkortasun biologikoaren arabera klon batzuk desagertu eta beste batzuk agertu eta tumorearen eboluzioan aurrera egiten dute.

Anses Frantziako Osasun Segurtasunaren Agentziak beltzarantzeko kabinak debekatzeko eskatu du minbizia sortzeko arriskua areagotzen dutelakoan. Pauso hori jada beste herrialde batzuek egin dute, hala nola Brasilek 2009an debekatu zuen eta Australiak 2015ean. CIRC minbizia ikertzeko nazioarteko zentroak 2009an ofizialki sailkatu zuen UV izpi artifizialak kantzerigeno gisa. Ordutik, hainbat ikerketa egin dira, eta ondorio berberetara iritsi dira. Ansesek 2014an egindakoak, adibidez, nabarmentzen du 35 urte baino lehen kabina mota horiek behin bederen erabili dituztenei %59z handitzen zaiela arriskua azaleko melanoma bat garatzeko.

Donostia ospitaleko oftalmologiako zerbitzuburu Javier Mendikuteren ustez, begiak ez dira nahikoa zaintzen. Denok joan beharko genuke okulistarengana baina batez ere bi arrisku talde azpimarratu ditu adina kontuan harturik: 6 urtetik beherako haurrena eta 50 urtetik gorako helduena. Testuan zehar, begiak zaintzeko aholkuak aurkeztu eta begietako gaitzak azaldu dizkigute honetan.

Biokimika eta emakumeak zientzian

Aste honetako protagonista Gertrude Belle Elion biokimikaria izan da, 1988an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen emakumea. DNAk bakterioen, parasitoen eta tumore-zelulen hazkunde prozesuan protagonismo handia zeukala bazekien beraz organismo horien DNAren erreplikazioa blokeatu nahi zuen, hazkundea geldiarazteko. Horretarako, azido nukleikoen base pirimidiniko eta purikoen antza duten molekulak fabrikatzea izan zuen helburu, baina egitura-akats batekin, hazkundea geldi zedin horrela. Nitrogenodun oinarria zuten sendagai analogoak diseinatu zituen zelula patogenoen hazkundea inhibitzeko.

Ekologia eta ingurumena

Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatzen diren mikrozuntzen lehen inbentarioa egin dute zientzialariek. Zuntz horien jatorria argi dute: etxeko garbigailu eta ehungintzari lotutako prozesu industrialetatik datoz. Are gehiago, garbiketa ziklo bakar batean garbigailu batek 1.900 eta 700.000 zuntz artean aska ditzake! 50 mililitro sedimentu bakoitzeko 10-70 mikrozuntz aurkitu dituzte eta jakinarazi dutenez, Kantauri itsasoan dago halako material gehiena.

EHUko ikertzaile talde batek 30 erreka artifizial sortu ditu Leioako campuseko (Bizkaia) Biofisika eraikin zaharreko sotoan. Honekin, klima-aldaketak Euskal Herriko ur-lasterretan izan dezakeen eragina aztertzeko. Jesus Pozo irakasleak dioenez, “laborategi honen funtsa da esperimentuak errepikatu ahalko direla, eta hori oso zaila da naturan, ezin delako benetako ibai edo erreka bateko emaitza estrapolatu beste batera”.

Genetika

Gehien ikertzen diren geneak garrantzitsuak dira, jakina, baina horiek neurriz kanpoko atentzioa jasotzen dutela iritzi dio Koldo Garciak. Ikerkuntza biomedikoak gehiegizko arreta ematen die jada nahiko ondo ezagutzen diren geneei. Horrek eragin bat du: diru-laguntzak gene horietara bideratzen dira. Testuan azaltzen duen moduan, egun, ia gene guztiak ikertzeko gaitasun teknikoak dituzte ikertzaileek. Beraz, zergatik ez dute egiten?

Jiankui He zientzialari txinatarrak genetikoki editatutako bi haur aurkeztu ditu komunikabideetan. Bideo baten bidez azaldu duen moduan, zazpi bikoteren enbrioiak eraldatu zituen, CRISPR teknikaren bidez, hiesarekiko erresistente egiteko. Eta, enbrioi haietatik, bikoteetako baten biki batzuk iritsi dira jaiotzera. Esperimentua egiazkoa dela baieztatu baino lehen ere, zientzia-komunitateak arbuiatu egin du. Koldo Garcia Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak bere iritzia eman du: “Benetan edizio genomikoa burutu badu, eta bere unibertsitatea edota etika batzordeak ez baditu jakinaren gainean jarri, edizio genomikoaren marra gorri etikoak gainditzeaz gain, praxi txarra da. Honi ezin diogu zientzia deitu”.

Hizkuntzaren prozesamendua

Gure gizartean egunero milioika testu sortzen dira eta horietariko asko konplexuak izaten dira, testuak atzerriko hizkuntza batean idatzita daudelako, hizkuntza ulertzeko arazoak dituztelako edota besterik gabe konplexuegiak direlako. Aurkezten diguten tesi-lan honetan euskarazko testu idatzien konplexutasuna aztertu dute eta testuen sinplifikazio automatikoa proposatu dute arazo horiei aurre egiteko.

Berriki aurkeztu dute euskarazko itzultzaile automatikorik onena: MODELA. Azken belaunaldiko teknologia adimenduna du oinarri, eta tresna azkarra eta erabilerraza da. Elhuyarren eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da. Sistema honek lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen.

Sustatuk ere eman du honen berri: Modela euskarazko itzultzaile automatiko berria aurkeztu dute.

Biologia

Historian zehar zer esan dute loari buruz? Pentsaera naturalista primitiboaren arabera, loa egoera pasiboa zen. Aristotelesek ‘De somno et vigilia’ lanean baieztatu zuen loaren arrazoia bihotzaren hoztea zela. XVIII. eta XIX. mendeetan bi pentsaera-eskola zeuden: Batak zioen loa anemia bat zela eta besteak odol-gehiegia zela. XX. mendean ere fisiologia-heziketa zuten pertsonek baieztatu zuten loaldian entzefaloak jarduteari uzten diola. XX. mendean, René Legendre-k, Henri Piéron-ek eta beste batzuek uste zuten loaldian lehengoratu egiten zirela egunean zehar galdutako energia edo entzefaloaren eta gorputzaren nahitaezko osagaiak. Loaren ikerketa benetako diziplina bihurtu zen 1953an.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.