Asteon zientzia begi-bistan #202

Uxune Martinez

Biologia

The Cornell Lab of Ornithology New Yorken dagoen Cornell Universityren ikerketa gunea da. 1915. urtean sortua, ordutik hona hegaztien ikerketa eta kontserbazioa dute gidalerro. Zientzia erabiltzen dute mundua ulertzeko eta kontserbazioa bideragarria izan dadin bideak aurkitzeko. Asier Sarasua biologoak Sustatu agerkarian kontatu digu maiatzaren 5ean Global Big Day ekimena antolatu zutela. Helburua izan zen, munduko txorizaleak aktibatu eta txorien behaketa masiboa egin ondoren jasotako datuak eBird.org plataforman gehitzea. Emaitzak nabarmenak izan dira, munduan zehar 28.000 txorizalek jasotako datuak gehitu dira datu-basean, guztira 1,6 milioi txori behatu zituzten.

Kilometro askotako bidaiak egiten dituzten hegaztiak daude. Migrazio luzeak egiten ditu, esaterako, ipar-txenadak. Hegazti hau eskualde artiko eta azpiartikoetan bizi da eta urtero Antartikarako bidaia abiatzen du neguan. Migratzaile aparta eta miresgarria da, urtero ia 40.000 kilometro egiten dituen ipar-txenada (Sterna paradisiaea). Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia biologoek azaldu digute, hori baino migrazio luzeagorik egiten duen animaliarik ez dela ezagutzen. Izan ere, ipar-txenadak bizitza osoan zehar, ilargira joan eta itzultzeko bidaiaren pareko distantzia egiten du! Zientzia Kaiera blogean, migratzaile aparta.

Zer gertatzen da animaliak drogaren mende suertatzen direnean? Josu Lopez-Gazpio kimikariak hainbat adibide plazaratu ditu asteon: 2016an Galesen marihuana landareen hondakinak jan zituen artaldeak pairatutako gaitza; drogak elefanteengan duen eragina ikertzeko erabili zuten elefantearen kasua edo substantzia psikoaktiboen eraginpean egonik hainbat forma eta tamaina desberdinetako sareak egin zituzten armiarmena. Kasu guztietan Josuk erakutsi digu drogek, gizakiengan gertatzen den bezalaxe, albo ondorioak dituztela animalietan ere. Besteak beste, desorientazioa, despertsonalizazioa, haluzinazioak edota paranoia eragin ditzakete. Datu guztiak “Animaliak drogatzen direnean” artikuluan.

Genetika

“Genomaren zaindaria” ezizenarekin ezagutzen da TP53 genea, berak sortzen baitu proteina garrantzitsu bat: p53 proteina. Gene honek beste 1.457 generekin elkarrekintzak ditu eta 112 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Bera da gene ikertuen artean ohorezko tokia duena, XXI. mendeko lehen hamarkadan piztu zen berarekiko interesa eta ordutik aurrera gehien ikertu den genea dela azaltzen digu Koldo Garcia ikertzaileak. TP53 geneak p53 tumore-proteina sortzeko aginduak ematen ditu eta p53 proteina oso garrantzitsua da, tumore-ezabatzaile gisa jarduten baitu. Proteina hau gorputz osoko zelulen nukleoan aurkitzen da eta ezinbestekoa da zelula-zatiketan erregulatzeko eta tumoreen sorrera prebenitzeko.

Ingurumena

Egia esan ozono geruzari eragiten dizkiogun kalteak aztertzerakoan gutxitan pentsatzen dugu gure smartphoneak edo on-lineako jarduerak ere baduela eragina. Izan ere, zenbateko kostu energetikoa dauka sare sozialetan egiten dugun jardunak? Zenbat CO2 isurtzen dugu sare sozialetako jardunagatik? Egin kontuak: txio batek 90 joule inguru kontsumitzen ditu, hau da, 0.02g CO2 emisioen baliokidea. Segundo bakoitzeko 8.000 txio inguru argitaratzen dira. Azkue Fundazioak eman ditu datu zehatzak Sustatu agerkarian asteon: Internetek eta sare sozialek sortutako karbono aztarna.

Sydneyko Unibertsitateko Manfred Lenzen ikertzaileak gidatu duen nazioarteko ikertalde batek turismoaren aztarna ekologiko osoa neurtu du. Ikerketaren emaitzak adierazi du turismoaren aztarna ekologia uste zena baino handiagoa dela. Elhuyar aldizkarian jakinarazi dutenez, turismoa karbono-igorpen globalaren % 8aren erantzulea da, orain arte %4era ez zela heltzen uste zen arren.

Fisika

Pedro Miguel Etxenike fisikaria elkarrizketatu zuen Berriako Arantxa Iraola kazetariak. Europako Fisika Elkarteko kide berria izendatu dute zientzialaria, egindako ibilbideari nazioarteko aitormena emanez. Haren ibilbideaz eta zientziak gizartean duen garrantziaz jardun du DIPCko presidenteak elkarrizketan. Etxenikeren esanetan zientzia gizarteratzeak onurak dakarzkio gizarteari: “zientifikoki ongi informatutako gizarte bat libreagoa da; kultuagoa izanda, presio taldeek manipulatua izateko arriskua txikiagoa da, eta ahalmen handiagoa du herritar modura erabakiak hartzeko”. Merezi du Berriak argitaratutako solasaldia osorik irakurtzea: «Gero eta etika dudazkoagoan biziko gara; zalantzan bizitzen ikasi beharko dugu».

Medikuntza

Batzuetan gauzak aldrebesak bihurtzen dira. Hori berori da egun gertatzen zaiguna, adibidez, antibiotikoekin. Juanma Gallego kazetariaren hitzetan, “antibiotikoak bi ahoko armak dira: akabatu nahi ditugun bakterioak akabatzen dituzte, eta, bide batez, akabatu nahi ez ditugunak ere”. Horrez gain, osasun arloan badugu beste arazo bat, bakterioek antibiotikoen aurrean garatu duten erresistentzia. Munduko Osasun Erakundearen esanetan, gizateriak hurrengo urteetan izango duen arazo nagusienetakoa izango da berori. Mutazio genetikoei esker bakterioak antibiotikoen aurrean erresistente bihurtzen dira, eta horrek armarik gabe uzten gaitu haien aurkako borrokan. Baina esperantzarako bideak ere ireki dira. Juanma Gallegok asteon argitu digu, ikertzaile talde batek aurkitu duela lurzoruan bizi diren hainbat bakteriok penizilina “jateko” erabiltzen duten estrategia zein den, eta horri esker antibiotiko hobeagoak lortzea espero da.

Ikertzaile talde batek lehen aldiz lortu du giza garun organoideak beste espezie batean txertatzea. Elhuyar aldizkarian jakinarazi du Aitziber Agirre kazetariak, AEBko Salk Institutuko ikertzaileek giza zelula ametan oinarritutako garun txikien antzeko egitura batzuk sortu ondoren saguetan transplantatu dituztela eta funtzional mantentzea lortu. Xehetasun guztiak “Giza garun txiki funtzionalak lortu dituzte, saguei transplantatuta” artikuluan.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>