Asteon zientzia begi-bistan #189

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronautika

Azken 45 urteotan bidali den espazio-ontzirik handiena eta “ahaltsuena” espazioratu dute aste honetan: SpaceX enpresak diseinatu du eta Falcon Heavy izena jarri diote. Bere potentziari esker, giltzarria bilaka daiteke gizakia Martera bidaltzeko asmoan. Saiakera gaizki irten zitekeela aurreikusten zuten arduradunek, baina ez da horrela gertatu. Arrakastatsua izan da. Ikusi bideoa!

Astronomia

TRAPPIST-1 exoplanetak eguzki-sistemako planeten antzekoak direla baieztatu dute. Iaz jakin zen izar nano gorri eta hotzaren inguruan zazpi planeta zeudela. Orain ezagutzera eman dituzte emaitzak: gehienak arrokatsuak dira eta badute ura. Zehazki, haien masaren % 5 da ura, Lurraren beraren kasuan baino dezente gehiago (ozeanoak gure planetaren masaren % 0,02 baino ez dira).

Carlos Briones astrobiologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bere lana Unibertsoan bizia bilatzea da, horretarako Lurrean bizia nola sortu zen ikertzen du. Besteak beste, laborategian egiten duen lanaz mintzatu da: “Diziplina arteko zientzia da gurea. Laborategian bereziki bionanoteknologia erabiltzen dugu, biziaren jatorria argitzeko. Lurrean biziaren lehen pausoak nolakoak izan ziren argitzen saiatzen gara”. Bere lankideekin batera kimikaren eta biologiaren arteko trantsizioa nolakoa izan zen argitzen saiatzen da: “Estruktura horiek nola hasi ziren automuntatzen, ondoren sistema konplexuagoak garatzeko”. Bizia sortzearen auziaz ere mintzo da.

Biologia

Zefalopodoek milaka urte daramatzate itsasoetan. Gero arrainak sortu ziren eta gailendu egin zitzaien. Nola gertatu zen hori? Zefalopodoak oso trebeak dira igeri egiten baina igeriketa-modu horrek energia asko kontsumitzen du eta, energiarekin batera, oxigeno asko. Izan ere, zefalopodo batek arrain batek baino lau bider oxigeno gehiago kontsumitu behar du abiadura bera lortzeko. Arrainak gailendu ziren eta ozeanoetako harrapari nagusi bilakatu ziren, besteak beste, garatutako igeri egiteko moduari eta arnas pigmentuaren ezaugarriei esker.

Demografia

Joan den azaroan 7.500 milioi biztanletik gora egin genuen gure planetan. Luze hitz egin da giza populazioak jasan duen gorakadaz. Artikulu honen hasieran, galdera bat: Zenbat gizaki bizi izan ote dira Lurrean historian zehar? Lehenik, abiapuntua argi izan behar da. Autoreak dioen bezala, duela 50.000 urte izango genuke abiapuntua, “uste baita une horretan egin zuela Afrikatik kanpo Homo sapiens espezieak”. Bigarren urrats batean, kalkulatu beharko litzateke zenbat Homo sapiens bizi ziren duela 50.000 urte Lurrean. Hemen ez dago aztarnarik, beraz estimazioak egin behar dira. Hainbat ikertzailek esan dute 5 milioi biztanle zeudela orain 8.000 urte. Hirugarren pausoa, ezarri behar da zein jaiotze tasa egon den hasieratik gaur egun arte. Egindako estimazioen arabera (testuan irakurgai dituzue), inoiz bizirik egon diren gizakien % 6-7 bizi da egun gure planetan.

Fisika eta Kimika

Lur arraroen bitartez “margotutako” harea erabilita, kodetze sistema eraiki du Danimarkako ikertzaile talde batek. Argi mota berezi baten aurrean jartzen direnean, hondar ale horiek kitzikatuak izaten dira, eta argi kode berezia, ia-ia bakarra, sortzen dute. Artikuluaren autoreak azaltzen du lur arraroek, taula periodikoan, lantanidoen taldea osatzen dutela. Azken urteetan asko erabiltzen ari dira industrian, bereziki elektronikaren alorrean. Teknika berri hau hackeatzea ezinezkoa dela esan dute. Modu berean, kriptografian erabiltzeko aukera dagoela ere proposatu dute. “Patroi edo giltza digital hau erabil daiteke bai faltsutzeen kontrako giltza fisikoa egiaztatzeko edo edozein mezu enkriptatzeko ere”, esan dute ikertzaileek.

Genetika

Heste minberaren sindromea (HMS) gaixotasun gastrointestinalaz mintzatu da Koldo bere blogean. Orain dela gutxi egindako ikerketa bat ezagutzera eman du. Sakarasaren genea aztertu zuten horretarako. Zergatik? Koldok azaltzen digunez, gene honekin lotutako gaixotasun genetikoak (sakarasaren eskasia kongenitoa delakoak) HMS mota baten antzeko sintomak dituelako: “Sakarosa digeritzeko gai ez direnez, hesteetako bakterioek hartzidura egiten dute sakarosarekin, ta horrek tripako mina ta beherakoa sortzen ditu”. Gene horrek sortzen dituen aldaera arraroak izan zituen aztergai eta berretsi dute gene honen eta HMS arteko lotura badagoela.

Asko ikertzen diren bi geneen adibideak ekarri dizkigu Koldok. MTHFR (metilenetetrahydrofolate) eta ESR1 dira horiek. Lehenengoa 1. kromosoman kokatzen da eta izenak honakoa esan nahi du: metionina aminoazidoaren (aminoazidoak proteinen “piezak” dira) ekoizpenean parte hartzen duela. Gaixotasun baskularretan, nerbio-sistema zentraleko garapenean, koloneko minbizian eta leuzemia akutuan eragin dezake. Bere espresioa ehun guztietan gertatzen da. 20 generekin elkarrekintzak ditu eta 18 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Bigarren genea, ESR1 delakoa, 6. kromosoman kokatzen da eta estrogeno hormonaren hartzailea da. Sexu-garapenean ezinbesteko funtzioa du eta bular eta endometrioko minbizietan, migrainan eta osteoporosian eragina du. 954 generekin elkarrekintzak ditu eta 48 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Gene hau hizpide izanda, Koldok, orobat, hartzaileei buruz ere hitz egin digu. Ez galdu!

Geologia

Arantza Aranburu geologoari elkarrizketa egin diote, aurkeztu duen ‘Lurraren Bidean’ dokumentalaren harira. Geologia gizarteratu nahian, Euskal Herriko historiaren 300 milioi urte bildu dituzte. Ikus-entzunezko pieza honetan, Aranburuk esan duenez, “Euskal Herriko geologiaren bi pasarte kontatu ditugu 50 minutuan. Ikusten diren ebidentzietatik abiatu eta interpretazio bat eman diegu, metodo zientifikoaren bidez”.

Ingeniaritza

Gaur egungo eredu energetikoa energia ez berriztagarrietan oinarritzen da. Baina eredu energetikoen aldaketa egin behar dela bistan da, energia berriztagarrien erabilera sustatuz. Espainiako zein Europako hainbat legek energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute. Espainiaren kasuan, esaterako, ur bero sanitarioko (UBS) eskaria asetzeko eguzki energia termikoko kontribuzio minimo bat egin behar dela azaltzen da. Urtaro arteko biltegiratze termikoko sistema (STES: Seasonal Thermal Energy Storage) kalefakzioko eta UBSko beharrak asetzeko erabili ohi da. Eguzki energia termikoa erabiltzen duen sistema da, non udako hilabeteetan, eguzki energia termikoa biltegiratzen den, ondoren, neguko hilabeteetan erabiltzeko. Europako energiaren kontsumo osoaren %40 eraikinek eragiten dute. Espainiaren kasuan, berokuntza %50 da, eta UBSa, berriz, %27. Proiektu honen bitartez, Espainia mailan Urtaroko biltegiratze termikoko sistemen (STES) bideragarritasun ekonomiko zein energetikoa aztertu da.

Medikuntza

UPV/EHUko ikerketa batean jakinarazi dute mingarriagoa dela odola ateratzea zainean kateter bat jartzea baino. Guztira, zaineko 780 kateter jarri eta arteriako 101 odol lagin atera dira oxigeno eta karbono dioxido mailak eta bikarbonato kontzentrazioa neurtzeko (gasonometria). Numeric Pain Rating Scale (NRS-11) izeneko eskala baliatuta neurtu da mina: 0tik 10era bitarteko balioa ematen dio norberak hautemandako minari; 3tik gorako mina ez litzateke onartu behar. Zainean kateterra jartzeak batez beste 2,8ko puntuazioa izan zuen eta gasometriak 3,6. Horretaz gain, ziztatzen den lekuaren (eskumuturra/ukondoko tolestura edo kubitu aurreko hobia) arabera aldeak ikusi dira. Mingarriagoa da gasometria arteria humerala kubitu aurreko hobiaren parean ziztatzean arteria erradiala eskumuturrean ziztatzen denean baino.

Minbizia izateko arriskua adinarekin handitzen da. Ikusi dute mutazioen hipotesiak baino hobeto azaltzen duela immunitate sistemaren ahultzeak zahartzean minbizi gehiago izatea. Immunitate-sistemaren zahartzearen arrazoi nagusietako bat timoa txikitzea da. Timoa txikiagoa egiten den heinean T zelula gutxiago sortzen dira, eta tumoreak sortzea galarazteko gaitasuna txikitu egiten da.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.