Faltsutzeei aurre egiteko, lur arraroetan oinarritutako kodetze sistema

Juanma Gallego

Lur arraroen bitartez “margotutako” harea erabilita, kodetze sistema eraiki du Danimarkako ikertzaile talde batek. Argia islatzean sortzen den ausazko patroia dago teknikaren oinarrian.

Behin baino gehiagotan agertu da gaiaren inguruko kezka: konputazio kuantikoa garatzen den heinean, gero eta errazagoa izango omen da kodeak apurtzea. Azken hamarkadetan eratu den informazioaren gizarteak kode horien beharra du. Izan ere, ia dena lotuta dago Internetera eta sarearen bitartez egiten diren operazioek gutxienezko segurtasuna behar dute. Batzuek diote, ordea, konputazio kuantikoak ere kode hobeagoak ezartzeko bidea emango duela… arrautza ala oiloa, nor ote aurrena?

Informazioa lapurtzeaz gain, produktuak faltsutzeko lehia ere abian da aspalditik. Teknologiak halako iruzurrak sortzeko aukera errazten du. Batzuetan enpresek baino ez dute jasaten kalte ekonomikoa, baina, beste zenbaitetan kontsumitzaileentzako arriskua ere egon daiteke tartean. Adibidez, faltsututako botiken kasuan.

Lehia teknologiko hau argitzen den bitartean, zientzialariek fisika eta kimika elkartzen diren eremu oparoan jarraitzen dute ikertzen; tartean, kode ziurragoak lortzeko ahaleginetan. Norabide horretan, Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) ikertzaileek aurkeztu dute azken aurrerapena, Science Advances aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez.

1. irudia: Hasierako probak egiteko erabilitako txartelak. Bakoitzean 200 kode sartzeko aukera dago (Argazkia: Kopenhageko Unibertsitatea)

Sistemaren oinarria lur arraroen bitartez margotutako hondar aleetan datza. Argi mota berezi baten aurrean jartzen direnean, hondar ale horiek kitzikatuak izaten dira, eta argi kode berezia, ia-ia bakarra, sortzen dute. Kontuaren koska, noski, hondar aleen antolaketan datza eta baita espektroskopia bidezko irakurketan.

Taula periodikoan, lur arraroek lantanidoen taldea osatzen dute. Azken urteetan asko erabiltzen ari dira industrian, bereziki elektronikaren alorrean.

Horrelako kode bat sortzeko, ikertzaileek honako prozesua erabiltzen dute: hondar lagin handi bat hartu, eta hondarra hiru hobi desberdinetan banatzen dute. Ondoren, hodi bakoitzean lur arraro zehatz bat sartzen dute: Europioa, Terbioa eta Disprosioa.

Modu horretan, hondar ale bakoitza lur arraro batekin “margotuta” gelditzen da (edo dopatuta, kimikarien hizkera erabilita). Behin hori eginda, hiru laginak nahasten dituzte, eta euskarri batean, bildu dituzten hondar aleekin osatutako geruza fin bat osatzen dute. Uhin-luzera zehatza duen argia jasotzean, lur arraro bakoitzak argia modu desberdinean islatzen du. Hortaz, azalera txiki horrek berezko argi marka berezia izango du. Marka hori irakurtzeko, hiru laser ezberdin dituen gailu bat erabiltzen da. Bakoitzak era selektiboan kitzikatzen ditu lur arraroetako ioiak. Era horretan, ausazko patroi bat sortzen da hondarrez betetako gailuaren azaleran. Kitzikapen horren atzean eratzen den argiaren marka jasotzen da ondoren eta datu-base batean gordetzen da. Produktuaren fabrikatzaileak baino ez du izango datu hori; nahi izanez gero, produktua saltzaileak aukera izango du alderatzeko bere saltokian dagoen produktua benetan fabrikatzaile ofizialak ekoiztu ote duen ala norbaitek ziria sartu dion. Produktu bakoitzak kode bakarra izango du, beraz.

Antzeko bidea jorratu izan diren aurreko teknikekin alderatuz, prozesu berriaren abantailak nabarmendu dituzte ikerketa artikuluan. “Lantanidoetan oinarritutako koloratzaileak guztiz fotoegonkorrak dira, eta argia xurgatzen eta igortzen dute oso ondo zehaztuta dauden espektro elektromagnetikoko eremuetan”.

Diotenez, “hackeatu” ezin den segurtasun neurria da asmatutakoa. Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaile Thomas Just Sørensen-en esanetan “munduko ziurrena” litzateke honakoa. Praktikan, eta estatistikaren arabera, marka hori ia bakarra dela adierazi du ikertzaileak prentsa ohar batean. “Bi produktuk ‘hatz marka’ berdina izateko duten probabilitatea hain da txikia ezen, praktikan, existitzen ez dela esan baitaiteke”, ziurtatu du Sørensenek. Guztiz imajinaezin den probabilitate hori 1/6.10104 da, hau da, aukera bat 104 zeroz jarraitutako 6 zenbaki bakoitzeko.

2. irudia: Itxura honetakoak dira argia islatzean sortzen diren patroiak. Horietatik, hasierakoa baino ez da onargarria (Irudia: Science Advances/Kopenhageko Unibertsitatea/ moldatuta)

Bestetik, teknika hau kriptografian erabiltzeko aukera dagoela ere proposatu dute. “Patroi edo giltza digital hau erabil daiteke bai faltsutzeen kontrako giltza fisikoa egiaztatzeko edo edozein mezu enkriptatzeko ere”.

Praktikotasunari begira

Unibertsitateak sistema patentatu du jada eta, ikertzaileek egin duten aurreikuspenen arabera, urtebete barru merkatuan egon daiteke teknologia berria. Une honetan, eskanerrak hobetzeko lanean ari dira.

Zelako kostuan, ordea? Jakina da, askotan, merkatura heltzean, segurtasun neurri txukunek ez dutela arrakastarik lortzen erabilitako gailu bakoitzaren prezioa handiegia delako, babesten duen produktuaren prezioarekin alderatuz. Besteak beste, RFID teknologiaz babestutako alarmekin gertatu izan da hori. Irrati frekuentzia bidezko segurtasun gailu horiei asko kostatu zaie merkatura heltzea.

Kasu honetan, ez dirudi kostua arazo handiegia izango denik, gutxienez, euskarriari dagokionez. Produktuak markatzeko dispositiboaren kostua daniar koro bat baina pixka bat handiagoa izango dela aurreikusten dute ikertzaileek. Egun, 14 euro zentimo inguru balio du daniar koroak. Halere, produktuaren kodea irakurtzeak eta konprobatzeak guztira zenbat balioko duen kalkulatzeke dago oraindik.

Merkea izango omen den teknologia hau ausazkotasunean oinarritzen da. Ikerketa artikuluaren hasieran argitu dutenez, faltsutzeen aurka egun martxan dauden teknologia gehienak prozesu deterministetan oinarritzen dira. Horrek esan nahi du prozesuak bide jakin bat jarraitzen duela. Beraz, bide hori nolakoa den jakinda, aukera dago kodea “apurtzeko”. Horregatik nahiko erraza da, adibidez, softwarea edota WIFI sareak babesteko kodeak sortzeko algoritmoak igartzea. Danimarkako adituek aurkeztutako sistema, berriz, ez da determinista. Hasitako bideak nola jarraituko duen igartzeko modurik ez dago, erabat ausazkoa baita.

Erreferentzia bibliografikoa:

Carro-Temboury M. et al. An optical authentication system based on imaging of excitation-selected lanthanide luminescence. Science Advances 26 Jan 2018: Vol. 4, no. 1, e1701384 DOI: 10.1126/sciadv.1701384

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>