Arrainak vs. zefalopodoak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten


Zefalopodoek milaka urte daramatzate itsasoetan. Arrainak sortu baino lehen, haiek ziren itsasoetako harrapari nagusiak. Zefalopodoak ziren aktibitate-maila altuena garatzen zuten animaliak. Baina gero arrainak sortu ziren, uretako ornodunak, lehen ornodunak, eta gailendu egin zitzaizkien. Sortu eta berehala, sekulako arrakasta lortu zuten; arrainak harrapari nagusi bilakatu, eta zefalopodoak bigarren maila batean geratu ziren.

Arrainen arrakasta horren gakoa da hemen laburki aztertu nahi duguna. Litekeena da oxigenoa izatea gako hori, edo hobeto esanda, oxigenoarekin zerikusi handia duten fisiologia-ezaugarriak.

Zefalopodoen igeri egiteko modua ikusgarria da benetan, oso trebeak dira. Baina ez da batere eraginkorra arrainen igeri egiteko moduaren alboan, zefalopodoen jet-propultsioko igeriketa oso garestia baita. Igeriketa-modu horrek energia asko kontsumitzen du eta, energiarekin batera, oxigeno asko. Izan ere, zefalopodo batek arrain batek baino lau bider oxigeno gehiago kontsumitu behar du abiadura bera lortzeko.

Energia gehiago kontsumitu behar izatea, berez, eragozpena da janaria mugatua denean (eta janaria ia beti izaten da mugatua). Baina baliteke energia baino areago oxigenoa izatea kasu honetan gakoa. Abiadura bera garatzeko zefalopodoek arrainek baino lau bider oxigeno gehiago erabili behar dute. Garrantzi handikoa izan daiteke hori, noski, baina, horrez gain, zefalopodoen odolaren oxigeno-edukiera arrainena baino askoz txikiagoa da: %5ekoa zefalopodoena eta %10ekoa arrainena. Horren ondorioz, arrainek zefalopodoek baino askoz oxigeno gehiago eskura dezakete kanpo-mediotik, bi aldiz gehiago, zehatzagoak izateko.

Zefalopodoen arnas pigmentua hemozianina da, eta arrainena hemoglobina. Arrainek globulu gorrietan gordetzen dute, baina zefalopodoek plasman disolbatuta daramate. Hori dela eta, zefalopodoek ezin dute hemozianina-kontzentrazio altuagorik izan; pigmentua plasman disolbatuta egonik, haren kontzentrazioa handituko balitz odolaren biskositatea gehiegizkoa izango litzateke.

Laburtuz, arrainek garatu zuten igeri egiteko modua, batetik ,eta arnas pigmentuaren ezaugarriak, bestetik, horiek biak izan omen ziren ozeanoetako harrapari nagusi gisa gailendu ahal izateko gakoak.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.