Asteon zientzia begi-bistan #201

Uxune Martinez

Biologia

UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioko Ibon Cancio ikertzailearen esanetan, itsas estazioak biodibertsitaterako ateak dira. Plentziako Itsas Estazioa (PiE) goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentroa da. Bertan, zientzian eta teknologian oinarritutako ikerketa gauzatzen da, itsas ekosistemak giza osasunean duen eragina aztertzeko helburuarekin. Berrian Asier Arrate kazetariak PiEk egiten duen lanaren berri eman digu eta baita ere, Europako Itsas Baliabide Biologikoen Zentroko kide egin berri dutela: Ate bat itsasoaren sakonera.

Duda barik garrantzitsua da burua hotz mantentzea eta gizakiok, gainontzeko ugaztun homeotermoen antzera, baditugu tresnak horretarako. Hala ere, burua hotz mantentzea garrantzitsua bada, biologiari erreparatzen badiogu are inportanteagoa da garuneko tenperaturari 41 °C-tik behera eustea. Balio horretatik gora kalte larriak gertatzen zaizkio ia edozein animaliari, baita gizakiari ere. Gai honen xehetasunak Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutira biologoen eskutik etorri zaizkigu asteon: Bihotza bero eta burua hotz.

Genetika

TNF du izena eta gene bat da. Geneari erreparatu dio Koldo Garcia genetistak bera baita gene ikertuenen artean bigarrena. Izan ere, badaude arrazoiak bera ikertzeko, Koldok azaltzen digun moduan 6. kromosoman kokatzen den gene hau zelula-hazkuntzan, -garapenean, -amaieran garrantzitsua da eta baita ere, lipidoen prozesamenduan eta koagulazioan. Baina horrez gain, TNF geneak badu ere zeresana gaixotasun autoimmuneetan, intsulinarekiko erresistentzian eta minbizian. Gene honek ez du minbizirik sortzen baina arestian aipatu dugun moduan, eragina du zelulen hazkunde eta garapenean, prozesu anormalak sorrarazteko gai da, hau da, mutazioak eta horiek dira propio minbizia sorrarazi dezaketenak. Agian ez dut behar den argi azaldu, lasai, Koldo Garciak azaltzen digu garbi bere blogean: Generik ikertuenak: TNF.

Ekologia

1.500 ikerketa berrikusi ondoren, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA) hiru intsektizida neonikotinoidek erleengan eragin kaltegarriak dituztela ondorioztatu du. Elhuyar aldizkarian Aitziber Agirrek azaldu digu pestizida hauek paralisia eta heriotza eragiten dietela erleei, eta erle-populazioa arriskuan jar ditzaketela. Emaitza honen eraginez Europar Batasunak urte amaieran abian jarriko duen erabakia hartu du: hiru intsektizida neonikotinoideren erabilera debekatzea.

Emakumeak zientzian

Nola funtzionatzen du honek? Eta zer egin dezaket nik nahi nukeen eran funtziona dezaten gauzek? Aurreko galderei erantzun bat emateko asmoz abiatu zituen Nerea Lópezek ingeniaritzako ikasketak. Behin ikasketak burututa ikerketan sartzea erabaki zuen, hezkuntza-munduan baina zientzia eta teknologiari lotuta. Egun, ikerketa eta irakaskuntza ditu lan ildo Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Ana Galarragak hurbildu digu Nerearen ibilbidea eta egungo jarduna: “Emakume izanda ikerketan aritzeak, eta, gainera, arlo zientifiko-teknologikoan, motibatu egiten nau”.

Klima-aldaketa

Datuen arabera, orain arte isuri dugun gas kopuru berbera isurtzen jarraituz gero, sortuko litzatekeen poluzioak 128 milioi heriotza eragingo lituzke mundu osoan 2020tik 2050era. Egoera horri aurre egiteko ezinbestekoa da berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztea, eta horrek inbertsioak eskatuko dizkie estatuei. Inbertsio hauen errentagarritasun ekonomikoa aztertu du ikertzaile talde batek eta ondorioek plazaratu dute, besteak beste, gasen isurketak gutxitzeko inbertitutako diruak osasun arloan dirua aurreztuko lukeela. Zehazki, klima-aldaketari aurre egiteko neurrietan inbertitutako euro bakoitzak osasun arloan 1,4 eta 2,4 euro arteko aurrezpena ekarriko luke. Ibai Marurik kontatzen digu Berrian: Osasungarri eta errentagarri.

Medikuntza

Egun, minbizia gaixotasun hedatuenetariko bat da herrialde garatuetan. Gaitz ezaguna bada ere eta hainbat ikerketa bideratu badira minbiziaren nondik norakoak ezagutzeko, ikerketek eta tratamendu berrien agerpenak ageri-agerian jartzen dute minbiziaren konplexutasuna. Minbiziari buruzko ikerketak urte askotan zehar jakintzat eman du gaixotasunaren protagonista bakarrak tumore-zelulak zirela. Minbizi baten garapena eta progresioa ordea ez dira bakarrik zelula hauetan gertatutako aldaketen ondorioak. Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta Jose Ignacio López ikertzaileek azaltzen digute, gaixotasunaren bilakaera baldintzatuko duten elkarrekintza konplexu eta dinamikoak gertatzen direla minbizi-zelulen eta zelula normalen artean. Azalpen guztiak Minbizia: zauri sendaezina artikuluan.

Martera bidaiatzeko asmorik daukazu? Horrela bada, dakigunez, aurretik prestaketa bat beharrezkoa izango duzu. Izan ere, Juanma Gallego kazetariak asteon gogoratu digun moduan, Martera joatea beste kontu bat da, oso bestelako beharrak ekarriko baititu planeta gorrira bidaiatzeak. Besteak beste, mikrograbitatean egoteak ondorio kaltegarriak izango lituzke organo askotan eta arazo nagusietako bat grabitatearen eta ariketa fisikoaren faltak ekarriko luke: muskuluen atrofia. Horren harira ikerketa baten ondorioztatu dute espaziora bagoaz, jarduera fisikoaren falta oxigenoaren falta baino larriagoa izan daitekeela gure osasunerako.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>