Marterako bidaia prestatzen: hobe ahalik eta gehien mugitzea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Espazio bidaia luze batek izango lituzkeen ondorioak aztertzen saiatu dira zientzialariak, eta ondorio garbia atera dute: oxigenoren eskasia baino, jarduera fisikoaren falta izango da erabakigarriena.

Hilabeteak espazioan, eta, batzuetan, urtebete inguru ere. Bilobei hau kontatu ahal dieten pertsonak badira munduan. Horren meritua aitortuta, esan beharra dago hori ez dela guztiz egia. Edo, bederen, erdipurdiko egia dela. Astronauta gehienek nazioarteko espazio estazioan izan direla kontatu dezakete, baina gutxiago dira Ilargira joan direnak.

Espazio estazioa 400 kilometrora dago, eta espazioa 100 kilometroko altueran hasten den konbentzioa badago. Teknikoki, beraz, espazioa da hori. Baina, berez, etengabe lurrera erortzen ari dira espazio estazioan direnek, Lurraren orbitan. Bestetik, izpi kosmikoetatik ondo babestuta daude, Lurraren eremu magnetikoari esker.

1. irudia: Duela hainbat hamarkadatatik espazioan dago gizakia, baina Martera joateak oso bestelako beharrak ekarriko ditu. (Argazkia: NASA)

Ilargira joatea bestelako kontua da. Hara joateko magnetosfera atzean utzi eta, espazio ontziko leihatilatik begiratuz gero, Lurraren tamaina txikitu egiten da. Laguntza jasotzeko aukerak Lur horren tamainarekin batera ere txikitu egiten dira. Ilargira jatea espazioan egotea da, letra guztiekin esana.

Baina Martera joateak beste maila batean jokatzea ekarriko du. Diotenez, bidaia hasi eta egun gutxira, leihatilatik begiratuta, Lurrak beste ezein izarren tamaina hartuko du. Arriskuak biderkatu egingo dira, eta ez da Soiuz ontzirik eskura izango laguntza helarazteko. Baina ustekabeko ezustekoek baino, ezagunak diren arazoek pizten dute ardura gehien. Batez ere izpi kosmikoek berebiziko arriskua dakarte. Horiek direla eta, minbizi bat garatzeko aukera asko handituko da. Momentuz, arazoari aurre egitea zaila dirudi, ez baita erraza izpi horietatik babestea.

Beste arazo ezaguna da grabitatearen faltak eta ariketa fisikoaren faltak dakarten muskuluen atrofia. Arazo hori espazio estazioan daukate ere, eta aspalditik ikertzen ari dira horri aurre egiteko moduak. Teorian ontziaren barruan ariketa fisiko asko egitearekin nahikoa izango zela zirudien, baina, ohi bezala, errealitatea uste baino dezente konplikatuagoa da.

The Journal of Physiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean berretsi dute espazioan jarduera fisikorik gabe egoteak arrisku larria ekar diezaiekeela astronautei. Arazoa gertutik jarraitu dute PlanHab izeneko egitasmoaren baitan kokatzen den ikerketan, halako bidaia batek izango lituzkeen ondorioak hobeto ezagutzeko.

Zehazki, espazio bidaia batek hezurduretako muskuluetan gertatzen den funtzio oxidatiboan izango lukeen eragina aztertu dute ikerketan, eta grabitate gutxiko tokietan egoteak ekarriko dituen ondorioak argitzen ere saiatu dira. Izan ere, mikrograbitatean egoteak ondorio kaltegarriak izango ditu organo askotan, tartean hezurretan eta muskuluetan. Sistema kardiobaskularrean zein arnas eta nerbio sistemetan ere nabarituko dira ondorioak. Baina hipoxia da astronautek aurrean izango duten beste arazo handi bat. Espazio ontzietan oxigenoaren eskuragarritasuna urriagoa da eta.

2. irudia: Ohikoak dira oheko egonaldiak erabiltzen dituzten ikerketak, jarduera fisikoaren faltak eragindako ondorioak aztertzeko. (Argazkia: NASA)

Egin duten esperimentuan, hamaika lagunek 21 eguneko egonaldia ohean egin dute, eta hipoxia baxuko baldintzak ezarri dizkiete, 4.000 metroko altueran jasoko lituzketen oxigeno mailak eskainiz. Parte-hartzaileen aukeraketa egitean, 500 metroko edo gutxiagoko altueran bizi ohi diren lagunak aukeratu dituzte. Halako ingurumen baldintzak erreproduzitzeko gai den Esloveniako kirol instalazio batean egin dute esperimentua, herrialde horretako medikuntza etika batzordearen oniritziarekin.

Zertarako, bada, ohean izandako egonaldia? Modu erraz batean mikrograbitatearen eraginaren neurria izateko. Medikuntzan, oheko egonaldia eta mikrograbitatearen ondorioak baliokidetzat jotzen dira.

Muskuluetan gertatzen dena gertutik jarraitu dute. Lan egiteko, muskuluek metabolismo oxidatiboa behar dute. Zeluletan dauden mitokondriek prozesu hori darabilte, oxigenoa baliatuta muskuluek behar duten energia lortu ahal izateko. Hain prozesu garrantzitsua izanik, zientzialariek espero zuten hipoxia bereziki erabakigarria izatea. Izan ere, zientzialari talde berak lehenago egindako beste ikerketa batean ikusi zuten hipoxiaren eragina organismoan bazegoela mikrograbitate baldintzetan. Baina oraingo ikerketa ondorioztatu dutenez, jarduera fisikoaren falta oxigenoaren falta baino larriagoa izan daiteke. Emaitzen arabera, beraz, hipoxiak ez ditu larriagotzen jarduera faltak muskuluetan izandako ondorio negatiboa.

Ohi bezala, ikerketa honetatik ateratako emaitzak ez dira soilik baliagarriak izango astronautentzat: edozein arrazoiagatik denbora asko ohean eman behar duten lagunak artatzeko orduan medikuntza estrategiak garatzeko ere erabili ahal izango dira.

Halere, emaitzen irakurketan modu orokorrean findu beharko dituzte. Ikerketa proiektuko zuzendari Bruno Grassik ohartarazi du horretaz. “Etorkizunean egingo diren ikerketek zehaztasun handiagorekin aztertu beharko dituzte oraingo emaitzen atzean dauden mekanismoak. Gainera, hezurdurako muskuluen inguruan eskuratu diren datuak PlanHab proiektuaren baitan dauden beste ikerketetan lortutako datuekin batera interpretatu beharko dira”.

Erreferentzia bibliografikoa

Desy Salvadego et al. PlanHab: hypoxia does not worsen the impairment of skeletal muscle oxidative function induced by bed rest alone. The Journal of Physiology (2018), 1–15. DOI: 10.1113/JP275605


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] daukazu? Horrela bada, dakigunez, aurretik prestaketa bat beharrezkoa izango duzu. Izan ere, Juanma Gallego kazetariak asteon gogoratu digun moduan, Martera joatea beste kontu bat da, oso bestelako beharrak ekarriko baititu planeta gorrira bidaiatzeak. Besteak beste, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.