Landareek ezin dituzte gizakiaren akatsak zuzendu

Amaia Portugal

Fotosintesiaren bitartez, guk atmosferara isuritako karbono dioxidoaren zati bat xurgatzen dute landareek. Klima aldaketa kontrolatzeko borrokan, hori lagungarria izan zitekeela uste izan da. Ikerketa berri baten arabera, ordea, xurgatze hori uste baino mugatuagoa da, eta isuriak murrizteko neurriak, are premiazkoagoak.

Landareek karbono dioxidoa behar dute fotosintesia egiteko, eta guk landareak behar ditugu, fotosintesia egin eta hartara karbono dioxidoa xurga dezaten. Are gehiago gaur egun, Lurrak erruz jasaten baitu guk geuk eragindako gas isurien gaindosia. Landareak, baina, ez daude guri nahi besteko mesedea egiteko moduan. Iragarpenek huts egin dute, eta eredu matematikoek aurreikusi baino karbono dioxido gutxiago ari dira xurgatzen azken hiru hamarkadotan.

Izan ere, landareak hazi egiten dira karbono dioxidoa bereganatu ahala, eta isuriak areagotu direnez, florak gora egingo zuela uste zen. Bada, hala izan da, baina ez espero bezainbeste. Izan ere, beste faktore batzuk sartu dira tartean, eta horiek mugatu egin dute landareen hazkundea eta aipaturiko gasak xurgatzeko ahalmena. Hala ondorioztatu dute Montanako Unibertsitatean (AEB) egindako ikerketa batean, satelite bidez bildutako informazioa aztertu eta gero. Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman dute lanaren berri.

1. irudia: Satelite bidezko datuen arabera, landaredia globala hazi egin da azken hiru hamarkadetan, baina ez aurreikusi bezainbeste. (Argazkia: Pedro1267 / CC BY-SA 4.0-3.0-2.5-2.0-1.0)

1. irudia: Satelite bidezko datuen arabera, landaredia globala hazi egin da azken hiru hamarkadetan, baina ez aurreikusi bezainbeste.
(Argazkia: Pedro1267 / CC BY-SA 4.0-3.0-2.5-2.0-1.0)

“Lurraren sistema ereduetan oinarrituta, uste izan da, neurri handi batean, landareen hazkunde globalak orekatu egingo zuela gizateriak sortutako karbono dioxido kopurua, eta horri esker denbora baliotsua izango genuela, isuriak kontrolatze aldera. Tamalez, behaketan oinarritutako gure estimazioek adierazten dutenez, landareen hazkundeak ez digu emango guk espero adina denbora. Horrenbestez, isuriak eteteko hartu behar diren neurriak are premiazkoagoak dira orain”, esan du Kolby Smith artikuluaren egile nagusiak.

Ikerketa honetan, satelite bidez neurtu diren landarediaren produktibitate datuak izan dituzte abiapuntu. Horiek esku artean, gizakiek eragindako karbono dioxido isurien eta horiek ekarritako landareen hazkundearen arteko harremana aztertu dute. Jarraian, emaitza horiek alderatu egin dituzte, eredu matematikoek landareen hazkundeari dagokionez egindako iragarpenekin. Hori horrela, ondorioztatu dute aurreikuspen horiek ez direla errealistak, eta florak baduela berotegi efektuaren gasak xurgatzeko ahalmena, baina ez espero bezain handia, eta are gutxiago mugagabea.

Zergatik, ordea? Hain zuzen ere, karbono dioxidoa ez delako landareek bizirauteko eta hazteko behar duten osagai bakarra. Ikertzaileon ustez, ur eta nutriente eskasia izan daitezke bi oztopo nagusiak. Izan ere, klima epeltzearen ondorioz, litekeena da landareek behar duten uraren gaineko estresa areagotu izana. Gainera, klima aldaketa dela eta, nitrogenoa eta fosforoa ez dituzte hain eskuragarri; ikertzaileon ustez, nutriente horien faltak mugatu egin dezake landareek karbono dioxidoa xurgatzeko duten gaitasuna.

2. irudia: Zer gertatuko litzaioke Lurraren klimari, lurrazalak eta ozeanoek ezingo balute karbono dioxido isurien erdia xurgatzen jarraitu? Balizko ondorioak erakusten ditu NASAren simulazio honek. (Argazkia: NASA/GSFC)

2. irudia: Zer gertatuko litzaioke Lurraren klimari, lurrazalak eta ozeanoek ezingo balute karbono dioxido isurien erdia xurgatzen jarraitu? Balizko ondorioak erakusten ditu NASAren simulazio honek. (Argazkia: NASA/GSFC)

Horrenbestez, artikuluaren arabera, gaur egun baliatzen diren ereduek ez dute balio etorkizuneko landareen hazkundea behar bezala iragartzeko. Eta oraingoz, behintzat, sateliteetan oinarritutako datuak zehatzagoak dira, karbono dioxidoak lur ekosistemetan duen inpaktua neurtzeko.

“Lan honek aurrerapauso garrantzitsua dakar, areagotzen ari den karbono dioxidoaren aurrean, landareek nola erreakzionatu dezaketen ikuste aldera. Gainera, espezialitate askotako zientzialariak elkarlanean aritzeko moduak badaudela erakutsi du, aldaketa globalaren aurrean ekosistemek nola jokatuko duten hobeki ulertzeko”, gaineratu du Sasha Reed ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako batek.

Erreferentzia bibliografikoa:
W. Kolby Smith et al. Large divergence of satellite and Earth system model estimates of global terrestrial CO2 fertilization. Nature Climate Change (2015). Published online 07 December 2015. doi:10.1038/nclimate2879

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>