Tomateak, lurreko kutsatzaile metalikoetatik salbu

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Euskal Autonomia Erkidegoan landareak dira hirugarren elikagai kontsumituenak, frutaren eta esnekien atzetik. Landareen artean, berriz, tomatea da gehien kontsumitzen dena. Egunean herritar bakoitzak 60 bat gramo tomate kontsumitzen ditu batez besteko. Aipatutako kontsumoa kontuan izanik, giza osasunerako kaltegarria izan daiteke kutsatzaile-kontzentrazio handia duten tomateak kontsumitzea.

Tomate-landareen kutsatzaile-iturri nagusia da laborantza-lurra. Izan ere, kutsatzaile metaliko eta metaloide kantitate handiak egon daitezke laborantza-lurretan, hauei ematen zaien erabilera dela eta. Ondorioz, metalak eta metaloideak xurgatzea dituzte lurretik tomate-landareek eta kontsumitzen ditugun fruituetara iristen diren kutsatzaile horien zenbatekoa aztertu du UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa).

tomateak

Lurreko kutsatzaileen eta tomateetan daudenen artean lotura adierazgarririk badagoen aztertu du UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldeak. Horretarako, lurreko metal- eta metaloide-kontzentrazioa analizatu dute EAEko hainbat ingurutan. Eta horrez gain, kontzentrazio horren eta leku horietan hazitako tomateen kutsatzaile-edukiaren arteko lotura ere aztertu dute.

Guztira, hamahiru lekutan hartu ditu ikerketa-taldeak lur eta tomate-laginak eta haien metaloide-kontzentrazioak aztertu dituzte. Bizkaiko hamabi herrikoak: Urduña, Balmaseda, Getxo, Barrika, Unbe, Arteaga, Zamudio, Lezama, Gamiz, Larrabetzu, Lemoa eta Dima. Eta, Gipuzkoan bakarrekoa, Donostiakoa.

Aztertutako lurren emaitzen arabera, Donostiako lurrean agertu dira berun eta zink-kontzentrazioak baimendutako mugetatik gora. Honen arrazoia da meategiak egon zirela antzina lur horietan. Leku guztietan aztertutako gainerako elementu guztiek, berriz, baimendutako gehienezko mugaz azpiko kontzentrazioak zituzten; tomate-laginetako kontzentrazioak, berriz, munduko beste ingurune kutsatu batzuetakoak baino askoz txikiagoak ziren.

Bestalde, Zamudion atzeman zuten kobre-kontzentraziorik handiena tomateetan. Baina batez besteko tomate-kontsumoa (pertsonako eta eguneko) eta kobrearen toxikotasuna (baxu samarra) kontuan hartuta, balio horrek ez du arriskuan jartzen giza osasuna, FAOk (Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea) gomendatzen duen eguneko kontsumoaren % 0,5 baita.

Horrez gain, EAEn hazitako tomateen kontsumoari lotutako arriskua ere aztertu du IBeA ikerketa-taldeak , Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako legediak ematen dituzten gomendioak jarraituz. Egindako lanaren ondorioz ikertzaileek baieztatu dute ez dagoela zuzeneko loturarik lurreko metal-edukiaren eta tomateek dutenaren artean. Metal-kontzentrazio handiak dituzten lurretan hazitako tomate-landareek ez dute zertan kutsatzaile-eduki handirik izan beren fruituetan; alegia, laborantza-lurrean halako elementurik egoteak ez du esan nahi landarearen alde jangarriak nahitaez metatuko direnik.

UPV/EHU ikertzaile den Azibar Rodríguezek esanetan “ikerketa honetan aztertutako landareetako metal toxikoen edukia beti izan da Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazioa baino txikiagoa”. Izan ere, landareei buruzko Europako legediak berun- eta kadmio-mailei ezartzen dizkie mugak, baina tomate-laginetan atzeman diren kontzentrazioak beti izan dira muga horretatik azpikoak.

Laburbilduz, Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazio-mailaren azpitik dago EAEko tomateetan aurkitutako metal toxikoen kantitatea.

Ikertzaileari buruz

Azibar Rodríguez Iruretagoiena (Zamudio, 1987), doktorego-tesia egiten ari da eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldeko kidea da (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa).

Erreferentzia bibliografikoa:
A. Rodríguez Iruretagoiena, J. Trebolazabala, I. Martínez Arkarazo, A. de Diego, J.M. Madariaga. “Metals and metalloids in fruits of tomatoes (Solanum lycopersicum) and their cultivation soils in the Basque Country: Concentrations and accumulation trends”. Food Chemistry, 2015, 173. liburukia, pp 1083-1089.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Laborantza-lurreko kutsatzaile metalikoak ez dira tomateetara iristen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.