Haurdunaldiko goragale larria bi generekin lotu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zenbait haurdunalditan goragaleak eta oka asko egitea eragiten dituen hipermesiaren atzean GDF15 eta IGFBP7 geneak daudela proposatu du ikertzaile talde batek; horrek gaitza arintzeko itxaropena piztu du.

Umetxo berria etxera heltzear da. Ama edo aita izan diren guztiek ondo dakitenez, une polita bezain konplikatua da hori. Praktikan, amatasun eta aitatasun ikastaro azkarra jasotzen da hilabete horietan, eta besopean ogirik ez baino ordura arte guztiz ezezagunak ziren hitz berriak datoz umearekin batera. Batzuk zinez ederrak dira, baina, tamalez, kezka eragiteko moduko termino asko ere sartzen dira etxeko atetik. Horietako bat haurdunaldiaren hiperemesia da.

1. irudia: Ohikoa da haurdunaldian goragaleak izatea, baina zenbait kasutan ezinegona izatetik benetako arazo izatera igaro daiteke hori, amaren eta haurtxoaren osasunaren kalterako. (Argazkia: Tawny Nina)

Goragaleek eta okek haurdun diren emakumeen %50-80ri eragiten diete, eta bost emakumetatik batek botikak hartzen ditu egoera hori arindu nahian. Zenbait kasutan, baina, sintoma desatsegin horiek arazo larri bilaka daitezke. Medikuek haurdunaldiaren hiperemesia izenarekin ezagutzen dute gaitz hori. Haurdunaldien %0,3-2tan nozitzen da gaixotasuna.

Batez ere goizean goiz izaten dira gorakoak, eta kasurik larrienetan emakumeak ospitalera joan behar du, batez ere gutxienezko elikadura eta hidratazioa bermatu ahal izateko. Baina haurdunaldiari lotutako kasu gehienetan gertatu ohi den modura, ondorioak ez dira soilik amarentzat. Haurdunaldiko hiperemesia izatea ere haurtxoarentzat ere kaltegarria izan daiteke. Besteak beste, erditze goiztiarra, garapen neurologikoaren atzerapena eta K bitamina faltak eragindako enbriopatia eragin ditzake.

Jatorri ezezaguneko gaitza bada ere, orain arte egindako ikerketek erakutsi dute genetikak zeresan handia izan dezakeela gaixotasunaren abiapuntua ulertzeko orduan, zenbait familiatan gaitza bereziki errepikatzen delako. Horregatik, UCLA Los Angeles Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde bat saiatu da gaitzaren jatorria argitzen; genetikara jo dute erantzunen bila. Gaitzaren jatorria guztiz argitu ez badute ere, jomuga zehatza identifikatu dute: hiperemesia GDF15 eta IGFBP7 geneei loturik dagoela argitu dute. Besteak beste, bi gene hauek plazentaren garapena eta jateko gogoa arautzen dituzte. Aurretik jakina da gene horiek ere lotura dutela kakexiarekin, hiperemesiaren antzeko sintomak duen gaitza, eta minbiziak jota dauden lagunei bereziki eragiten diena.

Nature Communications aldizkarian aurkeztu dituzte UCLAko zientzialariek egindako lanaren emaitzak. Bertan diotenez, “goragaleek eta okek prebalentzia handia dute, eta haurdunaldiko hiperemesia gaitz larria da. Hala eta guztiz ere, hamarkadatan zehar egindako ikerketek ezin izan dute identifikatu gaitzaren zioa, eta arlo klinikoan ezin izan da aurkitu ondo egiaztatutako tratamendu ziur eta eraginkor bat”.

Ustezko errudunak, jomugan

Halakoetan egin ohi den moduan, gaitza duten eta gaitza ez duten lagunen genomak alderatu dituzte, ezberdintasunik ote zegoen jakiteko. Behin jakinda GDF15 eta IGFBP7 geneetan aldea bazegoela, beste ikerketa batean baieztatu dute hiperemesia jasan duten emakumeengan berezitasun genetiko hori bazegoela.

2. irudia: UCLA Unibertsitateko Marlena Fejzo medikuak gidatu du ikerketa. Behin gaitza eta geneen arteko korrelazioa ikusita, kausalitatea aurkitzea du oraingo erronka. (Argazkia: UCLA)

Ikerketaren egile nagusi Marlena Fejzo-k adierazi duenez, “aspalditik ziurtzat eman da haurdunaldiko hormonak, giza gonadotropina korionikoa edo estrogenoa izan direla muturreko goragaleen eta oken errudunak, baina gure ikerketan ez dugu aurkitu ideia hau berresten duen frogarik”.

Ikerketa honi esker, orain medikuek gaitzari aurre egiteko aukera berriak izango dituzte. Izan ere, eta jatorri genetikora bideratzen zuten zantzuak baziren ere, orain arte ez zegoen argi jatorria psikologikoa ala fisikoa ote zen. Behin lotura genetiko bat aurkituta, gero eta argiago dago jatorri fisikoa duen gaitza dela. Beraz, errazagoa izango da goragaleen kontrako botiken inguruan ikertzea, sintomen arintze hutsetik harago.

Dena dela, eta UCLAk zabaldutako bideo batean aitortu duenez, erronketako bat izango da bi gene horien eta gaitzaren arteko kausalitatea frogatzea. Izan ere, eta hala dirudien arren, berez lotura egoteak ez du halabeharrez esan nahi gene horiek gaitzaren “errudunak” direnik.

Halaber, ohi bezala, kausalitate hori bilatzea ikerketa garatzeko bidea eman dezake. Bilaketa horretan ari direla, ikertzaileek gaitza arintzeko edo guztiz sendatzeko estrategia bat garatu nahi dute. Fejzok berak esan duenez, ikertzaileek ikusi nahi dute orain ez biderik ote duten modu ziur batean haurdunaldian zehar gene horiek kodetzen dituzten proteinen mailak aldatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa

Marlena S. Fejzo et al. Placenta and appetite genes GDF15 and IGFBP7 are associated with hyperemesis gravidarum. Nature Communications, volume 9, Article number: 1178 (2018). DOI:10.1038/s41467-018-03258-0


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.