Antigorputzez

Zientziaren historia

Antigorputzak immunoglobulina izeneko proteinak dira, odolean eta linfa-sisteman daudenak; beren funtzioa, immunitate-sistemaren parte diren aldetik, antigenoekin elkar eragitea da, antigenoak identifikatuz eta neutralizatuz. Antigenoa esaten zaio banakoarena ez den substantzia, proteina edo polisakarido orori; birusek, bakterioek, parasitoek eta beste banako batetik transplantatutako ehunek —eta ondorioz, organoek— antigeno bezala jokatzen dute. Antigeno-antigorputz interakzioa oso espezifikoa da. Uste da gizakiok milioi bat antigorputz ezberdin inguru ekoitzi ahal dugula.

antigorputzak
Irudia: Antigorputzak, antigeno baten aurrean organismoak ekoizten duen molekula proteikoa da, antigeno hori neutralizatzeko propio sortua.

Antigorputz kontzeptua XIX. mendearen amaieran garatu zen, infekzio-gaixotasunen prebentzio moduen eta sendabideen bilaketaren testuinguruan. 1890ean, bakterio-toxinak aurkitu ondoren, Emil von Behring-ek, Kitasato Shibasaburo-rekin elkarlanean, difteriaren aurkako serum esperimental bat garatu zuen. Akuri batzuk difteriaren toxinaren eraginpean gradualki jarri ondoren, akuri horien odoleko gazura injektatuez gero toxinaren eraginpean egon ez zen akuri bati, gaixotasuna agertzea saihesten zen. Paul Ehrlich-ek, fenomenoa deskribatzean, “antigorputz” izendatu zituen gazurean zeuden babes-elementuak. 1891ean, Pierre Paul Émile Roux-ek, Pasteur Institutuaren sortzaileetako batek, gizakientzako moduko serum bat garatu zuen difteriaren kontra.

1900ean, Karl Landsteinerrek eta bere ikasleek gizakien lau odol-talde nagusiak isolatu zituzten (A, AB, B, O; guztira 33 dira) antigeno-antigorputz interakzioaren arabera. Landsteinerrek, odol-transfusioak askoz ere seguruagoak egiteaz gain, frogatu zuen antigorputzek ez zituztela soilik infekzioak suntsitzen. 1901ean hasitako esperimentu sorta batean, molekula organiko bakunak lotu zizkien proteinei, egitura ezaguneko antigeno artifizial gisa jokatu zezaten. Antigeno horiek suntsitzeko produzitzen ziren antigorputzak aztertuz, frogatu zuen beren espezifikotasuna ez zela ezaugarri lauso bat, baizik eta modu argian definituta zegoela egitura kimiko batean. Aurkikuntza horrek Ehrlichen intuizioa baieztatu zuen, zeinak antigeno-antigorputz interakzioaren espezifikotasuna giltza eta sarrailaren analogiaren bidez deskribatzen baitzuen.

1939ean Arne Tiselius-ek eta Elvin Kabat-ek zehaztu zuten antigorputzak proteinak zirela (geroago immunoglobulina izendatuak). 60ko urteen hasieran Rodney Porter-ek eta Gerald Maurice Edelman-ek entzimak erabili zituzten molekula horiek unitate txikiagoetan apurtzeko, beren egitura jakiteko xedearekin bereizmen handiko X izpien kristalografia erabiliz. Immunoglobulina bakoitza lau proteina-katek osatzen zuten: bi astun edo luzeak, eta bi arin edo motzak, Y forma osatuz. Kateen toki zehatzek funtzio zehatzak zituzten, eta antigenoa Y-aren besoen muturretan lotzen zen. Hala kate astunek nola kate arinek beti daukate konstantea den atal bat eta oso aldakorra den beste bat; aldakortasun horrek azaltzen du egitura mota bakarrean antigorputz sorta zabala egon ahal izatea potentzialki.

30eko urteetan zehaztu zen antigorputzak nodulu linfatikoetan ekoizten zirela (nahiz eta barean ere ekoizten diren). Geroagoko ikerketek agerian ipini zuten B linfozitoek, zeinek hezur-muinean sortu eta ehun linfatikoetara migratzen baitute, antigenoen presentziari erantzuteko ugaltzean eta bereiztean, antigorputzak ekoizteko gaitasuna duten zelulak sortzen dituztela; klon-hautespenaren teoria esaten zaio, eta Frank Macfarlane Burnet-ek aurkeztu zuen lehen aldiz 1957an. B zelulek ez dute modu isolatuan funtzionatzen; antigorputzak ekoizteko, T linfozitoen laguntza behar dute (zeinak orobat hezur-muinean ekoizten baitira, baina timo guruinetik igaroz).

Antigorputzak lehen mailako tresna biomediko bilakatu dira. 1975ean Cesar Milstein-ek eta Georges Köhler-ek antigorputz monoklonalak –substantzia bat espezifikoki identifikatu eta neutralizatzen duten antigorputzak– ekoizteko teknika garatu zuten. Tumore-zelula bat eta B zelula bat fusionatu zituzten, zelula mota berri bat ekoizteko (hibridoma), eta gero in vitro zatitu zuten antigorputz homogeneo eta puruak ekoitziz. Antigorputz horiek antigeno jakin batzuk identifikatu eta erasotzeko ekoitz daitezke. Antigorputz monoklonalak oso tresna eraginkorrak bihurtu dira gaixotasun askoren diagnostikoa eta sendabidea lortzeko.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.