Litekeena da ipuin herrikoi ezagunenetako batzuek historiaurrean izatea erroa. Ondorio hori ateratzeko, metodo estatistikoak eta konputazionalak baliatu dituzte; biologian, adibidez, espezie batzuen historia ebolutiboa eta aurreko beste espezie batzuen jatorria berregiteko erabiltzen dira.
Azterketa biologikoak espezieen sekuentzia genetikoen –edo leinuen– alderaketan oinarritzen dira; horrela, haien historia marrazten da. Informazio genetikoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina, batzuetan, DNAren kateak mutazioak izaten ditu erreplikatzean, eta leinu berriak sortzen dira, jatorrizkoaren ondoz ondoko adarkaduren ondorioz. Hizkuntzen bilakaerarekin eta adarkatzearekin ere antzeko azterketak egiten dira, baina geneen ordez, hitzak transmititzen dira. Hitzek denboran zehar izaten dituzten aldaketen ondorioz, beste hizkuntza batzuk sortzen dira, aurreko hizkuntzetatik adarkatzen direlako. Jatorri bereko hitzen artean une honetan dauden desberdintasunak irizpide gisa erabiltzen dira hizkuntzen bilakaera berregiteko.
Hizpide dugun ikerketan, indoeuropar hizkuntzen zuhaitz filogenetikoa (“genealogia”) zuten erreferentziatzat, eta 275 “magia ipuinen” presentzia aztertu zuten hizkuntza horietako berrogeita hamarretan. Ipuinok Aarne Thompson Uther nazioarteko katalogokoak dira; guztira, 200 gizarte baino gehiagoko 2.000 ipuinetik gora biltzen ditu katalogoak. Hansel eta Gretel eta Ederra eta piztia, esaterako, ipuin horien artean daude. 275 ipuinetatik 199 baztertu zituzten, ziurrenik horizontalki transmititu zirelako, alegia, gizarte batetik gertuko beste gizarte batera. Nahiko argi zuten, baina, gainerako 76ak bertikalki transmititu zirela, belaunaldi batetik hurrengora, gizarte beraren barruan. Hansel eta Gretel ipuina, adibidez, ez zen hurrengo fasera pasatu. Ederra eta piztia, aldiz, bai.
Gero, kalkulatu zuten ea zer probabilitate zuen ipuin bakoitzak hizkuntza azpifamilia handiak sortzea eragin zuten adarkatzeak gertatu ziren garaian egoteko. Probabilitate hori aipatu narrazioek hizkuntza garaikideetan duten presentziaren araberakoa da, kontuan hartuta, baita ere, hizkuntza horiek zuhaitz filogenetikoan duten posizioa. 76 ipuin horietatik, 14 –Ederra eta piztia, besteak beste– hizkuntza zelten, erromantzeen, germaniarren eta eslaviarren jatorri den hizkuntzan existitu ziren % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, eta uste dute hizkuntza hori duela 6.800 urte jaio zela. Hamalau horietatik, lau indoeuropar hizkuntzen jatorrian –zuhaitzaren oinean– sortu ziren, % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, duela 7.000 urte baino gehiago.
Aspaldiko garai hartan existitzeko probabilitate handiena duen ipuina (% 87) Errementaria eta deabrua da; istorio horren oihartzuna, hain zuzen, Fausto kondairara iritsi zen. Duela 7.000 urteko ipuin bat errementari bati buruzkoa izatea ez da harritzekoa izan behar. Galdaketen lehen ebidentziak duela 8.000 urtetakoak dira, Çatal Höyükoak (Anatolia). Oraingo aroaren aurreko VI. milurtekoan ere kobre galdaketak egiten ziren Anatolian bertan eta egungo Kurdistanen, eremu horiek aberatsak baitziren mineral horretan.
Ipuin batzuen jatorria hain zaharra bada, esan nahi du, alde batetik, ipuinok transmititzen dituzten gizataldeengan hezkuntza eginkizun bat betetzen duten bizi egoeren eta kondizioen berri ematen dutela. Eta, bestetik, ipuinok transmititzeko moduak gure ezagutzaren ezaugarriak ustiatzen dituela eta transmisioa leiala izaten laguntzen duela. Eredu izateko istorioak dira, kontakizun eredugarriak.
Erreferentzia bibliografikoa:
da Silva, S.G., and Tehrani, J.J. (2016). Comparative phylogenetic analyses uncover the ancient roots of Indo-European folktales. Royal Society Open Science, 3, 150645. DOI: 10.1098/rsos.150645
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] ordez, elementu kultural baten historia aztertu nahi dugunean; hala nola ipuin batena, adibidez, gure garaira iritsi diren bertsio desberdinetan denboran zehar ipuinean mantendu edo galdu diren alderdiak […]