Alicja Dorabialska, kimikari poloniarra, Marie Curie Parisko kale ilunetan gidatzen zuen erradioaktibitate arloko aitzindaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ezagutza eraikitzea ikerketa zientifikoaren azken helburua izanik, ezagutza hori partekatu ahal izatea ezinbestekoa da helburu horretan aurrera egiteko. Haien aurretikoen aurkikuntzen gainean, adimen zientifikoak gero eta gorago iristen dira eta aurkikuntza berriak egiten dituzte. Ezagutza hori partekatzeko sistema estandarizatu bat erabiltzea (argitalpen eta aldizkari zientifikoak), hortaz, funtsezkoa izan da, nahiz eta eredu akastuna izan eta gaur egun kritika erabat bidezkoak jaso.

Ez da kasualitatea argitalpen horien zati handi bat eta, jakina, argitalpen garrantzitsuenetako asko eta asko, duela hamarkada askotatik hizkuntza berean idatzi izana, ingelesez. Ezagutza partekatzeaz ari garenez, hizkuntza komun bat erabiltzea logikoa eta, azken batean, eraginkorra dela dirudi. Halere, horrek eragozpenak ere baditu; handienetako bat, beste hizkuntza batzuetan lan egin eta argitaratu duten zientzialariek (are gehiago emakume zientzialariek) zailagoa izan dutela sarritan merezi zuten tokia lortzeko.

Alicja Dorabialska
1. irudia: Alicja Dorabialska erradioaktibitatean aitzindaria izan zen baina polonieraz argitaratzeagatik baztertua. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Abertzaletasun poloniarrez jositako etxea

Arazo horren adibideetako bat Alicja Dorabialskaren kasua da. Kimikari horrek, zeinak Marie Curierekin batera ikertu zuen 1925ean, Curiek jada bi Nobel sari zituela, zientziari eman zion bizitza eta bere jatorrizko herrialdean, Polonian, aitortza handia jaso zuen egindako aurkikuntzengatik, baina beste herrialde batzuetan apenas ezagutzen zuten eta dute; neurri handi batean, bere laurogeitik gora argitalpenak Poloniako aldizkarietan agertu zirelako.

Dorabialska 1897ko urriaren 14an jaio zen, Sosnowiec meatze-hirian, gaur egungo Polonian. Aitak hiriko postetxean egiten zuen lan, eta amaren aldeko aitona Errusiako agintariek ideia politikoengatik atxilotu eta Siberiara bidalitako abertzale poloniar bat zen. Etxean, oroimina, errusiarren aurkako iraultza eta kanta aberkoiak nahasten ziren. Eskualdean eskola poloniarrik ez zegoenez, amak etxean hezi zuen Dorabialska.

1908an, aldiz, ireki berria zen eskola tekniko batean matrikulatu zen eta lehen egunetik gustura sentitu zen han. 1913an, Dorabialska eta ama Varsoviara lekualdatu ziren; bere ahizpa dagoeneko han bizi zen eta ikasten ari zen. 1914an, bigarren hezkuntza amaitu zuen Varsoviako Eskola Teknikoan.

Varsoviatik Moskura

Garai hartan, Varsoviako Unibertsitatean Matematika ikastea zuen irrika. Haatik, Balkanetan gerra piztu berria zen, eta berehala Europa osora hedatu zen; ondorioz, unibertsitateko hurrengo ikasturtearen hasiera kolokan geratu zen. Udazkenean, Dorabialska unibertsitatean matrikulatu ahal izan zen, baina, hurrengo urtean, armada batzuen eta besteen hainbat aurrerapen eta erretreten ondorioz, berak eta familiak ekialdera joan behar izan zuen.

Alicja Dorabialska
2. irudia: Alicja Dorabialska eta Wojciech Świętosławski. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Azkenean, hurrengo ikasturteak Moskuko Unibertsitatean egin zituen. Garai hartan, Errusiako unibertsitateek ez zieten graduatzen uzten emakumeei, baina emakumeentzako ikastaro berezi batzuk, unibertsitateko tituluen baliokideak, egiteko aukera zegoen. Dorabialskak Moskuko Unibertsitatearen Fisika eta Matematika Sailean egin zituen unibertsitate prestakuntzako azken ikasturteak.

1916an, Wojciech Świętosławski fisikari eta kimikari poloniarra ezagutu zuen, termokimika modernoaren bultzatzaileetako bat, eta lagun eta mentore izan zuen. Titulua eskuratu zuenean, familia utzi, eta Poloniara itzuli zen, Świętosławskirekin; izan ere, azken horrek Varsoviako Unibertsitateko Fisika Kimikoa Saileko presidente postua onartu zuen eta Dorabialskari sail horretara sartzeko eskatu zion. 1918ko abuztuan hartu zuen lanpostua, eta, hasierako kontratua bi urterako bazen ere, 16 urtez aritu zen bertan, 1934ra arte. 1922ra arte, irakaskuntza eta ikerkuntza uztartu zituen, doktoregoa lortzeko. Egile bakar gisa, 1921ean argitaratu zituen lehenengo bi lanak, elementuen arteko erreakzio kimikoetan izaten diren tenperatura aldaketei buruzkoak.

Erradiaktibitateak ia itsututako Marie Curierekiko adiskidetasuna

Marie Curie beti izan zen eredu Dorabialskarentzat, baina doktoregoa eskuratu arte ez zuen jakin benetan zer ondorio zituzten Curiek erradioaktibitateari buruz egindako lanek. 1922an, zientziaren adar horri buruzko programa batean eman zuen izena, unibertsitateko Erradiologia Eskolan. Han, esperimentu ugari egin zituen eta erradiaktibitatearekin lotutako tresneria erabili zuen.

Alicja Dorabialska
3. irudia: Alicja Dorabialska (erdian), Parisko Radioaren Institutuan (1925). (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1925ean, Curie ezagutzeko aukera izan zuen, hura Poloniako Erradiologia Institutua inauguratzera joan zenean, Poloniako Gobernuak gonbidatuta, polonioaren eta radioaren aurkikuntzaren 25. urteurrena zela-eta. Solasaldi labur baten ondoren, Curiek hurrengo ikasturtean Parisko Curie Institutuan berarekin lan egitea proposatu zion Dorabialskari. Amarekin eta ahizparekin iritsi zen hara, 1925eko urriaren 1ean. Egonaldi hartan, aurretik zituen tenperatura aldaketei buruzko ezagutzak erradioaktibitatearekiko jakin-min berriarekin uztartuta, elementu erradioaktiboen aldaketek beroa nola askatzen zuten aztertu zuen. Erradioaktibitatearen manipulazioak duen energia ahal izugarriari buruzko lehenengo ikerketetako bat izan zen.

Curie eta Dorabialska kide eta lagun egin ziren. Curie, garai hartan, ia-ia itsu zegoen, erradioaktibitatearen ondorioengatik, eta Irene alabak lagundu ohi zion paseoetan, gidatzeko. Alaba ezkondu zenean, Curiek Dorabialskari eskatu zion bere gidaria izan zedin eta Parisko kaleetan pasieran ibiltzen ziren. Elkarrizketa nostalgikoak izaten zituzten polonieraz; askotan, Varsovian izan zituzten bizimoduez hitz egiten zuten. Curieren biografo baten arabera, Dorabialskak askotan laguntzen zion gau ilunetan, laborategitik etxeraino. Garai hartan, Curiek berak aitortu zuen artean ez zuela guztiz ulertzen erradioaktibitateak giza gorputzean zuen efektua, baina bere osasun arazoen eragilea izan zen susmoa zeukan.

Erradioaktibitatean aitzindaria, polonieraz argitaratzeagatik baztertua

1926an Poloniara itzuli zenean, berriz ere Świętosławskirekin egin zuen lan. Elkarrekin mikrokalorimetro bat diseinatu zuten, hau da, elementu bat beste elementu bat bihurtzen denean izaten diren tenperatura aldaketak zehaztasunez neurtzeko tresna bat, elementu erradioaktiboekiko interes bereziarekin. Bigarren Mundu Gerra hasi aurreko urteetan erradioaktibitatea interes zientifiko handiko gaia izan zen, bai energia iturri gisa zuen potentzialagatik, bai gerrako arma izateko balio zezakeelako (azkenean, balio izan zuen); Dorabialskaren lanak, ordea, polonieraz argitaratu zirenez, alde batera utzi zituzten. 1929an, Parisera itzuli zen denboraldi baterako, baina, orduko hartan, Curie ez zegoen bertan.

1931n, Lviv-eko Unibertsitatean (gaur egun, Ukraina) Fisika Kimikoko irakasle aritzeko eskaintza jaso zuen Dorabialskak. Horrek unibertsitate barruan eztabaida bizia sortu zuen, ez baitzuten argi emakume batek kategoria horretako postu bat hartzea egokia ote zen. Eztabaidak ez zuen eragin handirik izan berarengan une hartan: Varsoviako Unibertsitatean pozik zegoen eta ez zuen handik alde egiteko inolako presarik. 1934an, baina, joan egin zen. Urte haietan lorpen zientifiko asko egin zituen arren, bizipen osoa ez zen atsegina izan: garai hartan, antisemitismoa gorabidean zegoen, ikasleen artean tentsio eta polarizazio handiak zeuden, eta horrek berari ezintasun handia eta tristura sentiarazten zizkion.

Alicja Dorabialska
4. irudia: Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Erresistentziako irakaslea

1939an, berriro ere gerra lehertu zen Europan. Tropa alemanek Polonia indarrez hartu zutenean, irailaren 1 hartan, familiarekin oporretan zegoen Dorabialska. Unibertsitatera itzultzea erabaki zuen, baina gatazka laster iritsi zen Lviv-era: irailaren 17an, Alemaniak hiria okupatu zuen, eta, handik gutxira, SEBSi eman zion. Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen.

Gerraren ondoren, lehenik, Varsoviako Institutu Politekniko birfundatuan Kimikako irakasle postua hartu zuen, eta, gero, antzeko postu bat, instalazio hobeak zituen institutu politekniko batean, Lodz-etik hurbil. Handik urte gutxi batzuetara, zentro horrek Kimika Fisikoko Saila ireki zuen, eta Dorabialska zuzendari izendatu zuten. Gerraosteko urteetan, bere interes zientifikoa erradiokimikara bideratu zuen; hau da, prozesu kimikoak aztertzeko, isotopoak markatzaile gisa erabiltzen hasi zen. Argitalpenengatik izandako mozkinekin, Varsoviako hilerrian gerran eroritako kideen omenezko monumentu bat altxarazi zuen.

Dorabialska Lodzen bizi izan zen erretiroa hartu zuen arte, 1968ra arte; orduan, bere hiririk gustukoenera itzuli zen, Varsoviara. Hantxe hil zen, 1975ean, eta berak urte batzuk lehenago hilerrian sustatutako monumentuaren ondoan ehortzi zuten.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 10ean: Alicja Dorabialska, química polaca, pionera de la radiactividad que guiaba a Marie Curie por las calles oscuras de París.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.