Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Geologia
UPV/EHUko ikerketa batek Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu du. Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldea izan da azterlan honen egilea, eta dunek harri-jausietan duten eragina aztertu dute. Fenomeno horren aurka, ohikoa da dikeak, sareak eta hesiak eraikitzea, baina ikerketa-taldeak aztertu nahi izan du babes-neurri horiek nola naturalizatu. Droneak edo laser eskanerra erabiliz, Barinatxe hondartzaren eremuko 3Dko ereduak sortu dituzte, eta zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egin ostean, ondorioztatu dute itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Datuak Zientzia Kaieran: Dunak hondartzetako harri-jausien aurka.
Paleontologia
Anbar zatien ikerketa berri batean aurkitu dute kakalardoak dinosauroen lumez elikatzen zirela, duela 105 milioi urte inguru. Enrique Peñalverrek, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutu Nazionaleko ikertzaileak, eta bere kideek egin dute aurkikuntza, Teruel, Urizaharra eta Kantabriako anbar hobietan aurkitutako piezak aztertu ondoren. Kakalardo-hondarrekin kontserbatutako lumak dinosauro ezezagun batenak dira, eta ez dira hegazti modernoenak; izan ere, talde hori 30 milioi urte beranduago agertu zen erregistroetan. Ikertzaileek uste dute erlazio sinbiotiko baten zantzuak ematen dituela aurkikuntza honek; izan ere, litekeena da dinosauro lumadunak kakalardo-larben jardueraz baliatzea habia garbi mantentzeko. Azalpenak Alea astekarian: Dinosauroen lumak, otordura.
Genetika
Ugaztunak forma eta tamaina askotarikoak dira. Batzuk oso ezagunak, baina badira ere ezezagunak diren hainbat, esaterako, Cryptoprocta ferox espezieko fosa bat, hatz biko nagia, tenrec triku ñimiñoa, pangolina edo aie-aiea. Ugaztunen aniztasuna eta bilakaera ulertzeko asmoarekin jarri zuten martxan Zoonomia proiektua. Egitasmo honek ugaztunen 240 ugaztun espezieren genoma sekuentziatu ditu hauen bilakaera aztertzeko eta, horrekin batera, baita geurea ere. Elhuyar aldizkarian ematen dute honen berri: 240 ugaztunen genomak alderatu dituzte.
Antropologia
Dantza giza jarduera oso hedatua da, bai denboran bai espazioan, eta zientzialariek pentsatzen dute oinarri ebolutiboa duela. Zehazki, lotura sozialak sortu eta indartzen duela uste da. Hau horrela zen jakiteko, Oxford Unibertsitateko Bronwyn Jarr ikertzaileak Brasilgo institututako 264 ikasle batu zituen eta dantzan jarri zituen, hainbat neurketa hartzen zituzten bitartean. Hala frogatu ahal izan zuen dantzaren sinkronizazioak eta ariketa fisikoak endorfinen maila igo eta horrek, era berean, poztasun edo plazera sentsazioa sortzen zuela. Datuak Zientzia Kaieran: Zergatik dugu atsegin dantza egitea?
Biologia
Drosophila melanogaster edo frutaren euliaren larbaren garunaren mapa osoa egin dute: 3.016 neurona eta beren arteko 548.000 loturak zehaztu dituzte. Hamabi urtez luzatu da ikerketa eta orain arte egin den garuneko maparik osatuena dela esan daiteke. Azken helburua azterketa bera giza garunean egitea litzateke, baina ikertzaileek argi utzi dute etorkizun hurbil batean ez garela giza garuna modu horretan aztertzeko moduan egongo. Ugaztunetara ia salto handia litzateke, sagu baten garuna euliarena halako milioi bat baita. Gizaki heldu baten garuna, berriz, 86.000 milioi neuronez osatuta dago. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektu baten garunaren mapa osatu dute.
“Landareekiko itsutasuna” fenomenoa landareen presentzia ahaztean datza, hau da, gure inguruan landareak egon arren ez ditugu erreparatzen eta begietarako ikusezin bihurtzen dira. Fenomeno hori egungo gizarte modernoen berezko anomalia edo isuria da eta Ainara Achurra biologoaren ustez hainbat izan daitezke honen arrazoiak. Alde batetik, biologikoak: landareak berdeak dira eta multzotan ikusten ditugu naturan, eszena monokromatikoa sortuz eta horrek ez du arreta punturik islatzen. Bestalde, soziokulturalak: modernitatearen eraginez ez ditugu landareak manipulatzen, ukitzen, aztertzen eta horrek eurekiko interesa murriztu du. Ainara Achurra ikertzailearen esanetan “Landareak ezagutzeko, interesgarri egin behar ditugu”. Datu guztiak Berria egunkarian.
Osasuna
Saio Domingok Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) egiten du lan eta farmakokutsadura izan du bere tesian ikergai. Zehazki, farmakoek ingurumenean duten inpaktua ikertu du, kutsatzaile izendatu berrien taldean, farmakoak baitira kezka gehien sorrarazten dutenak. Izan ere, oso kontzentrazio baxutan eragin dezakete, eta ingurumenean agertzen direnean ekosistemetan eragin dezakete gainera. Domingok minbiziaren aurkako farmakoak aukeratu ditu ikerketarako, eta jakin nahi izan du farmako horiek ingurumenean duten presentzia eta balizko ingurumen-inpaktua ezaguna ote zen. Gai honen inguruan, nabarmendu nahi izan du diziplinarteko ikerketa oso beharrezkoa dela arazoa konpondu ahal izateko. Azalpen guztiak Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean: Saioa Domingo: “Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate”
Astronomia
Mundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabiliz, zulo beltz bat eta igortzen duen zorrotada jaso dituzte, irudi berean. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, eta jada 2019an albiste bihurtu zen irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Ikertzaileek azaldu dute orain hautemandako eraztuna aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa dela, eta, beraz, uste da material gehiago ari dela zulo beltzera erortzen. Irudi horren bidez espero da zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak hobeto ulertu ahal izatea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
James Webb Space teleskopioaren bidez inoiz hautemandako galaxia nanorik urrunena aurkitu dute ikertzaileek eta, ondorioztatu dute, unibertso goiztiarrean sortutako galaxiak halakoak zirela. Webb teleskopioak bereizmen handikoa da eta grabitazio lenteez baliatzen da behaketak egiteko. Honen bidez, urruneko unibertsoko zenbait galaxia multzoen atzean dauden espektroak aztertzeko aukera izan dute, hau da, galaxia multzoen atzean dauden objektuen argitasuna eta tamaina handituz. Berrian azaltzen ditu datuak Iker Tubia kazetariak.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.