Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gaur egun, elikagaien segurtasuna eta kalitatea bermatzen duten eta elikagaien bizitza baliagarria luzatzen duten ontzien ikerketa nabarmentzen ari da eta horretarako elikagaien industriak baliabide berriztagarrietatik datozen material biodegradagarriekiko interesa erakutsi du. Testuinguru honetan, bio-hondakinetatik eratorritako proteinez osatutako filmen inguruko ikerketa-lanak burutu dira azken urteotan eta horien artean esne-gazuraren proteina dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, 130 gaztandegik 32 ML/urte esne-gazur ekoizten dituzte, eta sortutako bio-hondakinaren % 35a lursailetara edota araztegietara isurtzen da, honek ingurunean inpaktu nabarmenak eragiten ditu. Baiesten da, 1.000 L esne-gazureko 35 kg-tako oxigeno-eskari biokimikoa eta 68 kg-ko oxigeno-eskari kimikoa sortzen direla.

Gaztaren ekoizpenean sortutako esne-gazura balio erantsiko produktu bihurtzeak ekonomia zirkularra sustatu dezake: lehengaia, esne-gazuraren proteina, gaztaren ekoizpenean sortutako bio-hondakin batean du jatorria eta elikagaientzako ontzi konpostagarriak ekoizteko erabil daiteke, gaztarekin esaterako, elikagai koipetsuekin proteinek duten portaera onagatik. Horrela, elikagaien ontzi konbentzionaletan ez bezala, konpostaren bidez hondakinen sorrera ekidingo litzateke. Ildo horri helduz, proteinetan oinarritutako film biodegradagarriak erabiliz, plastiko sintetikoen eskaria murriztuko litzateke, Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planarekin eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat etorriz.

film biodegradagarriak
Irudia: Ekonomia zirkularra: gazta bezalako elikagaiak ontziratzeko balio dezakeen esne-gazuraren proteina erabiliz prestatutako film konpostagarrien bizi zikloa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gure ikerketa honetan, esne-gazuretik eratorritako film biodegradagarriak konpresio metodoaren bidez prestatu ziren eta ondoren hauen propietateak aztertu ziren, filmak elikagaiak ontziratzeko aplikazioetan erabiltzeko helburuarekin. Proteinazko filmen malgutasuna handitzeko glizerol plastifikatzailea gehitu zen eta elikagaietan aurkezten diren lipidoen oxidazioa atzeratzeko berriz, azido askorbiko (propietate nutritiboak dituen osagai eta gehigarria (E300), elikagai-industrian asko erabiltzen dena) antioxidatzailea kontzentrazio ezberdinetan gehitu zen. Filmen karakterizazioan filmeko osagaien arteko elkarrekintzak eta filmen kolorea, distira, morfologia, propietate mekanikoak eta ingurumen inpaktuak aztertu ziren. Oro har, azido askorbikoaren gehikuntzak filmetan aldaketa nabarmenak eragin zituela ikusi zen, elikagaiak ontziratzeko aplikazioetarako funtsezko propietateak lortuz.

Esne-gazuraren proteinazko filmetan azido askorbikoa gehitzeak propietate mekanikoetan aldaketak eragin zituen, filmen trakzioarekiko erresistentzia murriztu baitzen eta aldiz hausturarekiko luzapena areagotu zen. Hau antioxidatzailearen efektu plastifikatzailearengatik izan zen. Azido askorbikoak esne-gazura proteinarekin interakzionatu zuela ikusi zen. Elkarrekintza horiek filmen hesi propietateak hobetu zituzten, izan ere filmen argiarekiko erresistentzia areagotu egin baitzen. Hesi propietate honen hobekuntzak argiak eragin dezakeen elikagai freskoen koloregabetzea, bitaminen degradazioa, zapore arrotzen garapena eta koipeen oxidazioa murriztu dezake, horrela elikagaien balio-bizitza luzatu daiteke eta alferrik galdutako elikagaien kopurua murriztu daiteke. Azkenik, ingurumen inpaktuaren analisiari dagokionez, aipatu beharrekoa da, filmak laborategiko eskalan egin zirela eta, beraz, fabrikazio-etapak optimizatzeak energia aurreztuko lukeela, filmen ingurumen-inpaktuak murriztuz.

Ondorioz, interesgarria izango litzateke ikerketa-ildo honekin jarraitu ahal izatea; izan ere, azterlan honen bidez esne-gazuraren proteinaz osatutako film biodegradagarriak ohiko ontzien alternatiba egokia izan daitezkeela frogatu da. Horrela, ingurumen-inpaktu handia sortzen duten hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handituko litzateke eta elikagai gutxiago alferrik galduko lirateke.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak
  • Laburpena: Euskadiko gaztandegietan esne-gazur ugari sortzen da eta haren isurketak kalteak eragin ditzake ingurumenean. Horregatik, ikerketa honen helburua film biodegradagarriak ekoiztea da, esne-gazuraren proteina erabiliz. Elikagaien industriako bio-hondakinetatik datorren proteinan oinarritutako elikadura-ontzien bidezko irtenbide honek, hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handitzea du helburu. Esne-gazuraren proteinan oinarritutako filmak sortzeko, hainbat prozesatze-metodo erabil daitezke eta, lan honetan, konpresioa aukeratu da, ekoizpen-denborak murrizteko eta prozesu iraunkorragoak sustatzeko. Filmen eraketa-prozesua optimizatu ondoren, lortutako filmen propietate fisiko-kimikoak, optikoak, mekanikoak eta hesi-propietateak aztertu dira. Horretaz gain, filmen ingurumen-inpaktuaren azterketa egin da.
  • Egileak: Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 389-404
  • DOI: 10.1387/ekaia.23844

Egileez:

Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila eta BIOMAT taldeko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.