Plazentako zelulek ohiz kanpoko trikimailu bat erabiltzen dute defentsa immune suabeak aktibatzeko eta horiek aktibo mantentzeko infekziorik ez dagoenean: birus faltsu bat sortu eta ezartzen dute.
Txikiak ginenean, plan burutsua iruditzen zitzaigun: aurpegia ur beroz busti eta aldaroka sartzen ginen sukaldean, aingeruak negar batean jar zitzakeen hasperenak botata. Eta uste genuen gurasoek kopeta gorritua ukitu eta sukarra geneukala pentsatuko zutela, eta horrela ez genuela eskolara joan beharko.
Baina gezurra oso ondo planifikatzen eta irudikatzen bagenuen ere, antzerki hori, normalean, ez zen espero genuena bezain limurtzailea izaten. Nolanahi ere, uda honetan Cell Host & Microbe aldizkarian argitaratutako ikerketa batek iradoki du jaio baino askoz ere lehenago, antzeko taktika batek garatzen ari diren gizakiei eta beste ugaztun batzuei laguntzen diela ikuskizun sinesgarriago bat egiten.
Ikerketak erakutsi zuen plazentak, ondorengoak eta ama lotzen dituen organo enbrionarioak, trikimailu molekular bat erabiltzen duela gaixotasun bat simulatzeko. Eraso biral baten pean egotearen itxurak egiten dituenez, sistema immunologikoa erritmo suabe eta jarraituan funtzionatzen mantentzen du, fetua amaren defentsa immunitarioen helmenean ez dauden birusetatik babesteko.
Aurkikuntzak iradokitzen du infekzio bat egon aurretik, zelula batzuek erantzun immune suabe bat aktiba lezaketela, ehun delikatuetan neurrizko babesa aplikatu dezakeena.
Zelulek defentsa immunitarioak prebentzioz aktibatzeko ahalmena dutela dioen ideia horrek «neurri handi batean urratzen du immunologoen ideietako bat», adierazi du Jonathan Kagan-ek, Boston Children’s Hospital eta Harvardeko Medikuntza Fakultateko immunobiologoak (hark ez du ikerketa berrian parte hartu).
Arma immune antibiralek ehunak suntsitu ditzaketenez, zelulek normalean soilik aktibatzen dituzte mehatxu aktibo bat dagoenean, hala nola infekzio bat, adierazi du Kaganek. Ondoren, infekzioa desagertzen denean, arma horiek ahalik eta azkarren desaktibatzen dira.
Baina ikerketa berriaren arabera, plazentak arau horiek hausten ditu. Moduren batean, defentsak aktibatzen ditu horiek beharrezkoak izan baino lehen, eta gero aktibatuta uzten ditu plazenta bera edo fetua kaltetu gabe.
«Babestu egiten du, kalterik eragin gabe», ondorioztatu du Hana Totary-Jain Florida Hegoaldeko Unibertsitateko (Tampa) farmakologia molekularreko irakasle elkartuak; bera da artikulu berriaren egile nagusia. «Eboluzioa benetan argia da».
Plazentak gaixo egotearen plantak egiten ditu
Totary-Jainek ustekabean deskubritu zuen plazentaren trikimailua. Bere laborategiko kideekin batera, plazentan eragiten duten geneen megatalde bat (“munstro bat” bere hitzetan) aztertzen ari zen. Eta harrituta geratu zen ikusi zuenean plazentaren garapena gidatzen duten geneak aktibatzeaz gain, megataldeak lambda interferonaren genea aktibatu zuela, seinalizazio immunitarioko proteina bat. Zergatik zegoen aktibo infektatu gabeko zelula osasuntsuetan?
Totary-Jainek eta bere taldeak urteak behar izan zituzten erantzuna aurkitzeko: plazentako zelulek birus-imitazio bat sortu zuten, beren genometatik ateratako RNA-a erabilita, sentsore immunologikoak engainatzeko.
Gure genomak eboluzioaren historiaren museo molekularrak dira. Lurrean bizitza sortu zenetik, birusek beren material genetikoaren zatitxoak txertatu dituzte euren ostalarien DNAn. Proteinak kodifikatzen dituzten geneen artean ezkutatuta, antzinako mikrobio-erasoen erlikia genomikoak daude.
Giza genometan jarraitzen duten elementu biral ohikoenetako bat Alu sekuentzia izeneko DNA zati bat da. Alu sekuentziak giza genomaren % 13 dira, gutxienez; Totary-Jainen megataldean 300 kopia baino gehiago zeuden. Eta susmatzen zuen Alu sekuentziak zirela plazentaren sistema immunologikoa aktibatzen ari zirenak. Baina bere kideek ohartarazi zioten bide horretatik ez jarraitzeko.
«Gomendio hau eman zioten: ‘Ez ukitu Alu sekuentziak, ez egin lan Alu sekuentziekin, ahaztu itzazu Alu sekuentziak’», adierazten du Totary-Jainek. Genoman Alu sekuentzia mordoa dagoenez, zaila da ikertzea zer egiten duen multzo espezifiko batek.
Baina Alu sekuentziei buruzko datuak sendoegiak ziren albo batera uzteko. Urtetan esperimentuak egin ondoren, Totary-Jainen taldeak erakutsi zuen Alu sekuentzien transkripzioek bi kateko RNA zatiak sortzen dituztela plazentan, hau da, gure zelulek birustzat hartzen duten egitura molekular bat. Birus faltsua detektatzean, zelulak erantzun egiten du, lambda interferona ekoitzita.
«Zelulak agente infekziosoaren mozorroa janzten du», azaldu du Kaganek. «Bere burua konbentzitzen du infektatuta dagoela sinesteko eta, ondoren, benetan hala bailitzan jokatzen du».
Immunitatea su motelean
Erantzun immuneak suntsitzaileak izan daitezke, batez ere erantzun antibiralak. Birusak arriskutsuagoak direnez zelula baten barruan daudenean, infekzio biralak erasotzen dituzten estrategia immune gehienek, neurri batean, infektatutako zelulak kaltetzen eta hiltzen funtzionatzen dute.
Horregatik, zelulek “Birusa!” oihukatzen dute, beren erantzukizunpean. Ehun gehienetan, Alu sekuentziak oso mugatuta daude; horrenbestez, ez dute aukerarik izaten eraso biral bat imitatzeko. Nolanahi ere, egoera hori bera da plazentak nahita sortzen duena. Nola orekatzen da hazten ari den enbrioiaren osasuna potentzialki arriskutsua den erantzun immune batekin?
Arratoiekin eginiko esperimentuetan, Totary-Jainen taldeak deskubritu du plazentaren bi kateko RNAk eta horien ondoriozko erantzun immuneak ez dietela garatzen ari diren enbrioiei eragiten. Aitzitik, badirudi enbrioiak babestu egiten dituztela Zika birusagatiko infekzioaren aurrean. Plazentako zelulek haiengandik espero zena egin ahal izan zuten (enbrioiak babestu erantzun immune autosuntsitzailea eragin gabe), lambda interferonaren defentsa suabeenak erabili zituztelako.
Eskuarki, bi kateko Alu ARNen ihesetara erantzuten lehenak I eta II motako interferonak izango liratekeen; zelula immunitario suntsitzaileak erreklutatzen dituzte infekzioa dagoen lekuan, ehunean kalteak eraginez, bai eta gaixotasun autoimmuneak ere. Lambda interferona, bestalde, III motako interferona da. Tokian bertan eragiten du: soilik komunikatzen da ehunaren barneko zelulekin, eta erantzun immune arinagoa eragiten du, plazentan epe luzean mantendu daitekeena.
Hala ere, oraindik ez dute asmatu nola lortzen duten plazentako zelulek soilik lambda interferona aktibatzea, erantzun immunea su motelean mantentzeko, irakin eta gainezka egitea saihestuz. Baina Totary-Jainek uste du badakiela zergatik erabiltzen duten plazentako zelulek beste zelula batzuek saihesten duten trikimailu hori: plazenta jaiotzean baztertzen denez, baliteke beste ehun batzuek hartu ezin dituzten arrisku immunologikoak onartu ahal izatea.
Hortaz, aurkikuntzek ezagutzera eman dute plazentak fetua babesteko duen beste estrategia bat, amaren sistema immunologikoaz gaiz. Amaren erantzun immunea ahuldu egiten denez haurdunaldian zehar genetikoki desberdinak diren zelulenganako erasoak prebenitzeko, plazentak defentsa gehigarriak garatu behar izan ditu elikatzen duen haurtxoarentzat.
Hala ere, trikimailu hori (birus faltsu batengatik eragindako maila txikiko erantzun immunea) baliteke plazentara soilik ez mugatzea. Columbiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek antzeko fenomeno bat deskribatu dute duela gutxi, oraingoan neuronetan. Elementu genomiko ezberdineko RNAk detektatu zituzten harizpi bikoitzetan elkartuta erantzun immune bat sortzeko. Kasu horretan, sistema immunologikoak suntsitzaileagoa den I motako interferon bati dei egin zion, baina maila txikietan eragin zuen. Egileek suposatu zuten entzefaloko maila txikiko hantura kronikoak infekzioak kontrolpean mantendu ditzakeela, hantura garrantzitsuago bat eta neuronak hiltzea saihesteko.
Beraz, litekeena da engainu immunologiko mota hori uste genuena baino ohikoagoa izatea. Sistema immunologikoak bere arau propioak hausten dituela ikertzean, zientzialariek hobeto definitu ditzakete, hasteko, arauak berak.
Jatorrizko artikulua:
Annie Melchor (2023). During Pregnancy, a Fake ‘Infection’ Protects the Fetus, Quanta Magazine, 2023ko azaroaren 14a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
2 iruzkinak
[…] Haurdunaldian, infekzio faltsu batek fetua babesten du. Hala frogatu du ikerketa berri batek. Haurdunaldian zehar, plazentak haurraren defentsak aktibatzen ditu beharrezkoak izan gabe aldaketa molekular batzuen bidez. Zehazki, plazentako zelulek birus-imitazio bat sortzen dute sentsore immunologikoak engainatzeko. Ikertzaileek azaldu […]
[…] garrantzitsuak gertatzen direlako. Baina aldaketak eragin ditzakeen beste une erabakigarria haurdunaldia da, eta, horren inguruan, asko dago oraindik […]