Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Benetan ari naiz, aizu. Ez da clickbaita. Bi hilabete t’erdi baino ez dira behar Batman bilakatzeko. Neurri batean, behintzat, ez baitakart di-da batean aberats bihurtzeko formula. Horretaz ideiarik ez. Beno, ideia pare bat bai, baina ez erabat legalak. Umezurtz izatearena ere alde batera utziko dugu. Gaizkileak etab. harrapatzearena ere nahiko nekagarria da eta horretan ere ez naiz sartuko.

ekokokapena
1. irudia: ikerketa batek frogatu du nahikoa entrenatuta, gizakiek ekokokapena ikas dezaketela. (Argazkia: Ronê Ferreira – Creative Commons lizentziapean. Iturria: Pexels)

Eta pentsatuko duzue: Badakit! Batmanen tresnaren bat zelan eraiki kontatuko du! Teknologiaren inguruko artikulua da. Eta oker egongo zarete. Zera baita dakardan albistea: nahikoa entrenatuta, gizakiek ekokokapena ikas dezakete.

Eta Batman ezagutzen duzuenok (figuratiboki, noski; bestela kualifikatutako norbaitekin hitz egiteko momentua da) amorratuta egongo zarete, Batmanek ez baitu ekokokapena erabiltzeko gaitasunik. Baina nirekin haserretu baino, amorrua Batmanen sortzailera bideratu beharko zenukete: zer dela eta ez zuen gaitasun hori? Hamar aste baino ez dira behar ikasteko!

Gainera, izenburuan Manbat ere badago. Eta horrek bazuen ekokokapena erabiltzeko gaitasuna.

Manbat bezala, munstro izan barik

Hala da. Ez dugu saguzarren DNA txertatu beharrik: mihia erabilita, soinu klikatuak egin eta itzultzen diren oihartzunak interpretatzen ikasi dute ikerketa baten parte-hartzaileek.

Hamar astean oztopoen artean nabigatzen eta baita objektuen tamaina eta orientazioa ezagutzen ikasi dute parte-hartzaileek, beren kliken dei errepikakorrak erabiliz eta klik horien erreboteak baliatuta.

Saguzarrek edo izurdeek bezala, hain justu. Ekokokapenean pentsatzerakoan animaliak etortzen baitzaizkigu gogora. Baina zenbait gizaki itsuk ere beren soinuen oihartzunak erabiltzen dituzte oztopoak eta inguruneak antzemateko.

Batzuek makila baten kolpetxoez edo behatzekin kriskitin eginez sortzen dute behar duten soinua. Zenbaitek ahoa ere erabiltzen dute klik egiteko. Hortaz, erabaki dut hemendik aurrera norbait taberna batean kriskitin egiten ikusiz gero, ekokokapenean trebatzen dabilela pentsatuko dudala, inoren arreta modu nahiko zatarrean deitu nahian baino.

Baina goazen berriro ekokokapenera. Gaur egun, oso itsu gutxik ikasten dute. Eta ikusmena dutenetatik are gutxiagok. Kontua da ez dela ikasten zaila.

Ekokokapena ikasten

Honako esperimentuan hogeita sei pertsonak hartu dute parte: haurtzaroan legez itsutzat jotako hamabik eta ikusmena zuten hamalauk. Eta emaitzen arabera, 40-60 ordu nahiko ziren ekokokapen-gaitasunean hobekuntza ikusteko.

ekokokapena
2. irudia: emaitzen arabera, 40-60 ordu nahikoa ziren ekokokapen-gaitasunean hobekuntza ikusteko. (Irudia: Tyler Hewitt – Creative Commons lizentziapean. Iturria: flickr)

Zelan egin zuten? Gela bat prestatu zuten propio Durhamgo Unibertsitatean. Soinuz isolatutakoa zen gela eta eko-akustikoki mugatutakoa. Bertan, hiru gaitasun entrenatu ziren:

  • Tamaina-diskriminazioa. Metalezko masta batean tamaina ezberdineko bi disko muntatu ziren. Parte-hartzaileak, klikak baliatuta, handiena goikoa ala behekoa zen asmatu behar zuen.
  • Orientazio-pertzepzioa. Honetan ere metalezko masta erabili zen, baina, kasu honetan, taula laukizuzena zuen atxikita eta taularen posizioa aldatzen zen (horizontala, bertikala, diagonala eskumaldea gorantza eta diagonala ezkerraldea gorantza). Klikak baliatuta, taularen posizioa asmatu behar zuten parte-hartzaileek.
  • Nabigazioa. Birtualki landu zen hau: espazio ezberdinetan (T itxurako labirintoan, U itxurako labirintoan eta Z formako labirintoan) kliken eta klik-oihartzunen grabazio biauralak egin ziren maniki antropometriko batekin. Entzungailuekin entzuten zituzten parte-hartzaileek kliken grabazio horiek eta teklatu batekin mugitu (birtualki), labirintotik atera arte.

Eta pentsatuko duzue, zer dela eta egin zen nabigazio atala birtualki? Ez al zen errazago zuzenean gela horretan oztopoak jartzea? Kontua da erabilitako metodologia birtuala dagoeneko balidatuta dagoela nabigazioa aztertzeko. Eta azkarrago egin daitezkeela hainbat saiakera fisikoki eraikita baino. Gainera, egin, egin zituzten saiakerak laborategitik kanpo, kalean zein eraikin barnean.

Bizpahiru orduko iraupena zuten entrenamendu saioak egin zituzten eta, hogei saioren ostean, ikertzaileek ikusi zuten parte-hartzaile guztiak, itsuak eta ikusmena zutenak, zaharrak zein gazteak, nabarmen hobetu zirela kliketan oinarritutako ekokokapenean.

Are gehiago, emaitzen arabera, itsutasunak eta adinak rol txikiak baino ez dituzte betetzen ekokokapenaren ikaskuntzan. Entrenamenduak jokabide-aldaketa nabarmenak eragin zizkien parte-hartzaile guztiei.

Aurreko ikerketek frogatuta zuten klik bidezko ekokokapena ikastea posible zela ikusmena duten indibiduoen kasuan. Ikerketa honek lehen aldiz eman du jakitera bai itsuek, bai adin askotariko jendeak ere posible duela gaitasun hau ikastea.

Hortaz, badakizue. Hartu hamar aste eta ekokokapena ikasi ahalko duzue. Benetan erabilgarria ematen du, ezta? Gauez komunera joateko, esaterako. Etxeko gainerakoak argiekin esnatu beharrean, egundoko ikara eman diezaiekegu gauerdian klikak edo kriskitinak entzunda. Agian ez da erabilerarik onena.

Erreferentzia bibliografikoak:

Norman, L. J., Dodsworth, C., Foresteire, D., Thaler, L. (2021). Human click-based echolocation: Effects of blindness and age, and real-life implications in a 10-week training program. PLoS ONE, 16 (6), e0252330. DOI: 10.1371/journal.pone.0252330

Cassella, Carly (2022). Humans Can Learn to ‘Echolocate’ in Just 10 Weeks, Experiment Shows, Science alert, 2022ko ekainaren 20a.


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko urtarrilean, 246. zenbakian.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.