Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gutxitan amaitzen dira solasaldiak hizketan dauden bi pertsonek nahi dutenean; bietako batek nahi duenean ere ez dira amaitzen. Eta hitz egiten dugun denboraren eta egin nahi dugunaren arteko aldea, gehiegi edo gutxiegi, elkarrizketaren iraupenaren erdia da, gutxi gorabehera.

Ez dakigu elkarrizketa bat nola amaitu. Ondorio hori ateratzen da bi ikerketen emaitzetatik. Bi ikerlanetan solasean ari diren bi pertsonek elkarrizketa nahi dutenean amaitzeko duten gaitasuna aztertzen saiatu dira. Batean, ikertzaileek aurreko orduetan beste hurbileko pertsona batekin izandako elkarrizketa bati buruz galdetu zieten parte-hartzaileei. Bigarren azterlanean, aurrekoa egin eta jarraian abiatu zutena, parte-hartzaileak ezezagunak ziren beste batzuekin binaka hitz egiteko eskatu zieten eta, behin berbaldia amaituta, aurreko galdetegi berbera eman zieten erantzuteko.

Galdetegiaren bidez, besteak beste, ezagutu nahi zuten, batetik, parte-hartzaileek elkarrizketa noiz amaitu nahi izan zuten eta, bestetik, solaskideak (lehenengo kasuan lagun min bat zen, eta bigarrenean, ezezagun bat) noiz uste zuten solaskideak amaitu nahi izan zuela. Guztira, mila elkarrizketa inguru monitorizatu zituzten eta hauetan.

elkarrizketa
Irudia: elkarrizketa lan konplexuen multzo bat da. Lanak sinpleak dirudite gizakiek ondo egiten dituztelako gehienetan eta ez direlako konturatzen gaizki egiterakoan. Lan horietako bat elkarrizketa bat amaitzea da. Izan ere, hitz egiten hastea erabaki duenak ere gelditzea erabaki behar baitu. (Argazkia: Mabel Amber – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)

Erantzunetatik abiatuta, ikertzaileek zehaztu zuten hitz egiten ari ziren bi pertsonek gutxi gorabehera aldi berean amaitu nahi izan ote zuten, ea gai izan ote ziren jakiteko solaskideak noiz amaitzea nahi zuen elkarrizketa, eta egindako kalkulua edo estimazio hori zenbateraino erabili zuten elkarrizketa amaitzeko, biek –edo, gutxienez, haietako batek –hala nahi zutenean.

Parte-hartzaileen erdiek nahiago zuten elkarrizketak benetan beste denbora tarte bat iraun izan bazuen, eta iraupena aldatuko zioten tarte debora heren bat luzeagoa edo laburragoa eginez. Beste erdiak, jakina, nahiago izango zukeen luzatu zen denboraren herena baino gutxiago desbideratzea.

Usteak ustelak direnean

Azterlanean parte hartu zutenek uste zuten beren solaskideek nahiago zutela elkarrizketa, batez beste, izan zena baino pixka bat luzeagoa izatea, eta, batez ere, iraupena nabarmen desberdina izatea. Eta solaskideek nahi ez zuten iraupena izan zezaketela susmatzen zuten arren, ezberdintasun horren garrantzia gutxietsi zuten; ez ziren gai izan beste pertsonak nahi zuen iraupena zehaztasunez hautemateko, eta, beraz, ez zuten jakin ezta zein zen desbideraketa edo diferentzia bere lehentasunarekiko.

Desoreka horien ondorioz, parte hartu zutenen % 1,6k bakarrik bukatu zuten hizketaldia biek nahi zutenean. Baina ez zuten arrakastarik izan, gutxienez, haietako batek nahi zuenean, elkarrizketen % 29k bakarrik amaitu zuten horrela. Gutxi izan ziren, halaber, bi parte-hartzaileek nahi zuten denbora tartean amaitu ziren elkarrizketak ere. Eta deigarriena zera da: ia erdiek nahi baino lehenago amaitu zuten berbaldia, eta hamarren batek geroago.

Adostasun ez hauek bi arrazoiren ondorio dira. Alde batetik, bi pertsonak hitz egiten dutenean, normalena elkarrizketa neurri berean luzatu nahi ez izatea da. Bestalde, ez dira gai jakiteko, gutxieneko zehaztasun batekin, zer nahi duen beste pertsonak. Elkarrizketa bat ez da desio edo interes desberdinak dituzten bi pertsonen arteko negoziazioa. Elkarrizketa koordinazio-arazo bat da, non bakoitzak hizketan jarraitzeko duen nahia, neurri batean, besteak nahi duenari buruz pentsatzen duenaren araberakoa den. Kontua da, elkarrizketa arruntak amaitu behar direnean, pertsona batek argi eta garbi adierazten badu besteak baino lehenago amaitu nahi duela, hau mintzeko arriskua dagoela. Beraz, normalena, batez ere pertsona adeitsua bada, elkarrizketa amaitzeko gogoa ezkutatzea da, nahiz eta horrela tertuliakideari arazoa konpontzeko beharrezkoa den informazioa kendu. Izan ere, adeitasuna ez da beti onuragarria.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mastroianni, Adam M., Gilbert, Daniel T., Cooney, Gus A., Wilson, Timothy D. (2021). Do conversations end when people want them to? PNAS, 118 (10), e2011809118. DOI: 10.1073/pnas.2011809118


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

  • […] Bi ikerketen emaitzek erakutsi dute ez dakigula elkarrizketak nola amaitu. Esperimentu baten ondoren ikusi ahal izan duteez, elkarrizketen % 1,6k bakarrik bukatu zuten hizketaldia biek nahi zutenean. Oro har, hitz egiten dugun denboraren eta egin nahi dugunaren arteko aldea […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..