Edozein artelanen sorreran ezinbesteko elementuak daude. Arte plastikoari buruz ari bagara, materia behar da. Baina historian zehar horiek ere aldatuz joan dira eta hainbat izan dira artelanak sortzeko erabilitako materialak.
Izan ere, artistak erabiltzen dituen materialen ezaugarriak ezagutu behar ditu. Olio pinturaren konposatua, pigmentuak nola degradatzen diren edota tenpera bat zer den ulertu behar du. Ezagutza hori ezinbestekoa da artearen historian erabili diren elementuen aniztasunagatik. Amalurrak eskainitako pigmentuak, egurra, plastikoak edo harriak eta harribitxiak artea sortzeko erabili dira.
Hori izango da, hain zuzen ere, Zientziaren Ertzetik zikloaren lehen hitzaldiaren gaia. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bizenta Mogel Liburutegiak antolatutako ekimena martxora arte luzatuko da eta lehen hitzaldi honetan Oskar Gonzalez Mendia Kimikan doktore eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak artearekin lotutako gai horien inguruan hausnartuko du “Artearen elementu kimikoak” hitzaldian.
Hitzaldia urriaren 4an, ostirala, izango da 18:30ean Durangoko liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Hizlaria
Oskar Gonzalez Mendia Kimika Analitikoan doktorea da. Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea izan zen baina, gaur egun, Arte Ederretako Fakultateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduan irakaslea da. ¿Por qué los girasoles se marchitan? liburuaren egilea da, hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du eta zientzia dibulgatzailea da.
Zientziaren Ertzetik: Artearen elementu kimikoak
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Bizenta Mogel Biblioteka
- Helbidea
- Komentukalea, 8, Durango