Zergatik dituzte hegoak pinguinoek ezin badute hegan egin?

Gazte-galderak

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Zergatik dituzte hegoak pinguinoek ezin badute hegan egin?

Nature aldizkarian artikulu bat argitaratu berri dute eta orain arte ezagutzen den hegazti moderno zaharrenaren fosila deskribatzen du. Duela 69 milioi urte bizi zen, Antartikan. Liluragarria, ezta? Eta liluragarriak dira, halaber, pinguinoak; izan ere, gaur egun Antartikan bizi diren hegazti horien ahaideak dira, bai eta gure planetako animalien bizi formen aniztasunaren eta moldagarritasunaren eredu bikaina ere.

Baina… ziur hegaztiak direla?

Pinguinoen kasuan zalantzak sortzen dira animalia talde baten baitan sailkatu behar ditugunean. Itsas hegaztiak dira, baina behatzen dituztenek maiz galdetzen diote beren buruari sailkapen hori egokia ote den; izan ere, ez datoz bat hegaztien ohiko patroiarekin. Alde batetik, ez dago argi euren gorputza estaltzen duena ilajea edo lumak diren. Bestalde, ez dago oso argi hegoak edo hegalak dituzten. Eta hori gutxi balitz bezala, ez dute hegan egiten!

Baina ez dago zalantzarik: pinguinoak hegaztiak dira.

Eta hala da, lumak dituzte. Lumaje lodia daukate, luma motz eta zurrunez betea, eta kapak sortzen dituzte bata bestearen gainean jarrita. Konfigurazio horrek isolamendu termiko efizientea eta ur hotzaren aurkako babesa ahalbidetzen du.

Halaber, hegazti urtarren kasuan ohikoa denez, lumajea iragazgaitza da, eta oso hidrodinamikoa da, urarekiko erresistentzia txikia duelako.

Pinguinoek ere hegoak badituzte ere, ez dira hegaztien ohiko hegoak. Aitzitik, tolestu ezin dituzten hegazti bakarrak dira. Hegalen antzera funtzionatzeko muturreraino “kustomizatuta” daudela esan dezakegu, animaliaren gorputza uretan zehar eraginkortasunez bultzatzeko.

Eta, azkenik, gure protagonisten ezaugarri nagusia da hankak oso atzeratuta dituztela, eta aurreko hiru hatzak mintz batez lotuta daudela.

Urpekari trebeak

Gainerako hegaztietatik bereizten dituzten ezaugarri horiei esker, pinguinoak urpekari apartak bihurtu eta “ur azpian hegan egiteko” gai izan ziren (metaforikoki, noski). Hala ere, eta eboluzioaren poderioz milaka urtetan zehar euren gorputz egiturak jasan zuen espezializazio maila altuaren ondorioz, airean hegan egiteko gaitasuna galdu zuten.

pinguinoek
1 irudia: Pinguinoen hegoak urpean igeri egiteko eboluzionatu zuten. (Argazkia: David Selbert – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Halaber, ur azpian bizitzeari bideratutako espezializazio horrek eragina izan zuen beste gaitasun batzuengan: lurrean mugitzeko era oso traketsa dute (horregatik hegazti tentel esaten zaie). Horrela da, hain zuzen ere, urpean igeri egiteko hankak atzeratuta dituztelako.

Zergatik utzi hegan egiteari?

Bere garaian arrazoi sendoren bat izango zuten urpean igeri egiteko efizientziaren alde egiteko, hegan egitearen kaltean; izan ere, ondo pentsatzen badugu, hegan egiteko gaitasunak nabarmen erraztuko luke uretatik kanpoko bizitza.

Pentsa, adibidez, pinguino enperadoreek dozenaka kilometroko zeharkaldi luzeak egiten dituztela oinez, baldarki eta eguraldi txarrarekin, kumeak hazteko tokietara iristeko. Zeharkaldi horiek hegan erraz egin litezke, itsasotik koloniaraino, ordu gutxi batzuetan.

Harrapakarietatik, hala nola itsas lehoinabarretatik ihes egitea ere errazagoa izango litzateke, pinguinoek hegan egingo balute. Horregatik, hain zuzen ere, zientzialariek askotan galdetu diote beren buruari zergatik eta nola galdu zuten hegazti horiek hegan egiteko gaitasuna.

Erantzunaren bila

2013an azterlan dotore bat argitaratu zen, eta bertan, hegan egiteko eta urpean igeri egiteko gai diren hegaztiak aztertu zituzten. Horri esker, ebidentzia kritikoa lortu zuten teoria biomekanikoa babesteko; teoria horren arabera, hegan egiteko egokitutako hegoak gero eta eraginkorragoak bihurtu ziren igeri egiteko, eta, azkenean, pinguinoek aireratzeko gaitasuna galdu egin zuten.

Horretarako, martin eta ubarroien kasuan igeri eta hegan egiteak eskatzen duen kostu energetikoa aztertu zuten. Ipar-pottorroak (Uria lomvia), pinguinoen kasuan bezala, hegoak erabiltzen ditu urpean igeri egiteko, baina hegan egiteko gai da. Aitzitik, ubarroi pelagikoek (Phalacrocorax pelagicus) hankak erabiltzen dituzte urpean bultzada lortzeko, eta ez hegoak.

pinguinoek
2. irudia: Irudia: Ipar-pottorroa (Uria lomvia). (Argazkia: David J. Stang – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ikerketaren arabera, pinguinoek bakarrik egiten dute ipar-pottorroek baino hobeto igeri urpean, baina azken horiek edozein hegazti hegalarik baino eraginkortasun handiagoz egin dezakete igeri urpean. Hala ere, hegan egiteko ezagutzen dugun beste edozein hegazti edo ornodun baino energia gehiago behar dute.

Ondorioa, beraz, honako hau izan zen: pinguinoek ipar-pottorroen antzeko arbaso batetik abiatuta eboluzionatu zutela. Ikertzaileen arabera, progresiboki murriztu zen hegoen tamaina eta hezurren tamaina zabaldu egin zen. Horrek urpean igeri egiteko efizienteagoak egin zituen, baina hegan egiteko efizientzia galdu egin zuten.

Espezie desberdinak alderatzeari esker, ondorioztatu zuten hegoak uretan zein uretatik kanpo erabiltzen direnean, eboluzioan inflexio-puntu bat egon daitekeela, eta hortik aurrera hegan egitea neketsua eta eutsiezina bihurtzen dela. Lanaren egileetako batek adierazi zuen bezala, “hegal onek ez dute ondo hegan egiten”.

Dirudienez, duela milioika urte pinguinoek eboluzionatzeko izan zituzten baldintzetan, urpean igeri egiteko efizientzia hobetzeak biziraupena eta ugaltzeko gaitasuna hobetzen zuen, baina hegan egiteari uko egin behar izan zioten.


Egileaz:

Miren Bego Urrutia Barandika Fisiologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Por qué tienen alas los pingüinos si no pueden volar? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.