Klima-aldaketa da gaur egungo arazo handienetakoa gizartean. Azken hamarkadetako energiaren ekoizpen eta erregai fosilen kontsumoaren ondorioz, berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioak etengabe igo dira. Hori dela eta, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) hainbat agertoki proposatu ditu, egungo politika eta joeren arabera, jarraitu beharreko gidalerroekin. Deklaratutako politiken agertokiak (STEP, ingelesez) gizartearen kontsumo-ohiturak aldatzen ez diren bitartean, BEGen emisioak igotzen jarraituko dutela aurresaten du. Horrez gain, IEAk beste bi agertoki proposatzen ditu: igarritako promesen agertokia (APS, ingelesez) eta zero emisio garbien agertokia (NZE, ingelesez). Lehenengoan, mundu osoko gobernuek hartutako konpromiso klimatikoak bere osotasunean beteko direla onartzen da. Bigarrenean, aldiz, mundu-mailako energia-sektoreak 2050ean CO2-rik gabeko agertokia lortzeko bidea ezartzen du. Azken agertoki hori betetzeko asmoarekin, azkenaldian garrantzi handiagoa ematen ari zaie CO2-a bahitu, biltegiratzeko eta erabiltzeko prozesuei (CCUS). Baina, zein da CCUS prozesuen ekarpena IEAk proposatutako agertoki horietan?

CO2-aren bahiketa (CCS), bahiketa airetik zein prozesu industrialen tximinietatik gauzatuta, CO2-a kontzentratu eta modu iraunkorrean biltegiratuko den tokietaraino garraiatzean datza, esaterako, formazio geologikoak. Harrapaketa-prozesu nagusiak airetik zuzeneko bahiketa, errekuntza-aurrekoa, errekuntza-ostekoa eta oxierrekuntza dira. Horien artean, errekuntza-ostekoa da teknologiarik bideragarriena. Hala ere, CO2-a bahitzeko prozesuak instalatzen diren instalazioetako etapa garestiena dira oraindik. Horregatik, CO2-a biltegiratu ordez, berotegi-efektua eragiten duen gas hori erabiltzea proposatzen da (CCU), hartara, emisio gehigarririk gabeko karbono-zikloak sortzeko.
Behin CO2-a harrapatuta, hori lehengai gisa erabiltzea bereziki interesgarria da, bai ekonomiaren aldetik, bai ingurumenaren aldetik. CO2-a molekula inerte samarra denez, zuzenean erabil daiteke edari karbonatatuetan edo su-itzalgailuetan. Horren alternatiba balio erantsi handiagoko produktu bihurtzea da. Erabilera-prozesuen artean, prozesu biologikoak eta kimikoak bereizten dira. Lehenengo kasuan, karbonoaren finkapen biologikoa egiten mikroorganismoen bidez, CO2-a bioproduktu bihurtzeko. Prozesu kimikoetan, aldiz, CO2-a eza ezabatzeko eta beste produktu bihurtzeko erreakzioak gertatzen dira. Horien artean, ondorengoak dira aipagarrienak: reforming-a, hidrogenazioa, mineralizazioa, karboxilazioa eta bihurketa kimiko eta elektrokimikoa. Prozesu horien bidez, zenbait produktu eta bitartekari sor daitezke. Esaterako, karboxilazio-prozesuen bitartez, ureak, polimeroak edota azido azetikoa. Bestetik, reformin-erreakzioei esker, sintesi-gasa sor daiteke (CO+H2 nahastea), industriako lehengai gisa oso erabilia den konposatua. Prozesu horien guztien artean, CO2-aren baorizazio katalitikoa kontuan hartzen dutenak bereziki interesgarriak dira. Izan ere, erronka handienetakoak energia-kostuak murriztea eta prozesu horien eraginkortasuna hobetzea dira, katalisiari lor daitekeena.
Ondorioz, IEAk proposatutako agertokietan, CCUS teknologien erabilera oso kontuan hartzen da. Izan ere, horri esker, bai isurpenen gutxitzea baita sistema energetikoaren elektrifikazioa ere lortuko lirateke, eta honek % 90 baino gehiago murriztuko lituzke emisioak. Beraz, behin harrapatuta, CO2-a zuzenean erabili edo beste produktuetara transformatzea oso garrantzitsua da. Transformazioek, biologiak zein kimikoak, etorkizun oparoa dute klima-aldaketarik irtenbidea emateko, horietako batzuk ikerketa bidean dauden arren.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena:CO2-a bahitu eta balorizatzeko prozesuen ekarpena Energiaren Nazioarteko Erakundearen agertokietan.
- Laburpena: Klima-aldaketa da gaur egungo arazo handienetakoa gizartean. Hori dela eta, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) hainbat agertoki proposatu ditu, egungo politika eta joeren arabera, jarraitu beharreko gidalerroekin. Ildo horien artean, azkenaldian garrantzi handiagoa ematen zaie CO2-a bahitu, biltegiratu eta erabiltzeko prozesuei, bereziki azken horri. Hala ere, CO2-a bahitzeko prozesuak (airetik zuzeneko bahiketa, errekuntza aurrekoa, errekuntza ostekoa eta oxierrekuntza) instalatzen diren instalazioetako etapa garestiena dira oraindik. Horregatik, CO2-a biltegiratu ordez, berotegi-efektua eragiten duen gas hori erabiltzea proposatzen da, hartara, emisio gehigarririk gabeko karbono-zikloak sortzeko. Erabilera-prozesuen artean, prozesu biologikoak eta kimikoak bereizten dira. Lehengo kasuan, karbonoaren finkapen biologikoa egiten da mikroorganismoak erabiliz, CO2-a bioproduktu bihurtzeko. Prozesu kimikoetan, aldiz, CO2-a ezabatzeko eta beste produktu bat bihurtzeko erreakzioak gertarazten dira. Horien artean, honako hauek dira aipagarrienak: reforminga, hidrogenazioa, mineralizazioa, karboxilazioa eta bihurketa kimiko eta elektrokimikoa. Erabilera-prozesu horiek IEAren helburuak lortzen lagunduko lukete, hots, 2050ean karbono-emisio neutroak lortzea.
- Egileak: Onintze Parra, Ander Portillo, Javier Ereña eta Ainara Ateka
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 371-388
- DOI: 10.1387/ekaia.25997
Egileez:
Onintze Parra, Ander Portillo, Javier Ereña eta Ainara Ateka EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.