Gure garaia Makinaren Aroa da, makinak gizakiari indar, kalkulu eta erabaki askotan erdigunea kendu dion sasoia; gizakiak makinari, bizitza eta harremanak zuzentzeko ardatz izan dadin, erdialdea eman dion aldia.
Gaur egun, makina aurreratuenak ordenagailuak dira, eta haien programarik eraginkorrenak, adimen artifiziala eragile eta prozesatzaile dutenak. Teknologia hori jende xehearen eskutan ugari da, eta gailuen dirdirak, erabilera-etekinak eta usain gabeziak hainbat ekintza eta ondorio estaltzen dituzte haien atzean. Hala, aurrerakuntza teknologikoa ikaragarrizkoa izan da azken mendeetan, baina aurrerapen humanoa ez. Alderatu ezin diren bide bi dira.

Hori dela eta, Makinaren Aroa ahalbidetu duen pentsamendu makinistaren izaera eta eginkizuna ulertu behar ditugu, eta, erabileraren gaineko gogoeta gutxietsi gabe, adimen artifizialaren gainean gogoeta egitea ezinbestekoa da. Bere horretan. Zergatik? Teknologia ez delako neutroa. Lorpenak eragitera zuzenduta dago; hura bere izaera, produktiboa izatea, produkzioa behartzea. Teknologia bitartekaria da, eta bere helburuak ditu, erabilerara heldu aurretik. Zer-nolako bidea ireki dugu, hortaz, adimen artifizialari, giza erabakien gainetik, lehentasuna emanik? Gizakia, zer eta arrazoiketa mailan, makinaren atzetik jarririk, zer esan behar dugu gizatasunaz? Hona hemen ortzi-muga hurbilean dauden hiru joera nagusiak.
Teknologia gizakiaren baitara
Pentsamendu teknologikoak, behin giza gogoaren gidaritza harturik, teknologia natura, gizartea eta giza norbanakoaren edozein arlotara eraman du, azaleko mailan zein barneko mailan aplika dadin. Lehenik eta behin, gizakiak logika ezagutu eta eremu praktikora mugatu zuen; ondoren, bere barne munduan leku egin zion; gero, objektuetara eraman zuen; orain, gizakiaren barnera logika bere barruan duen makina eramatekotan dago.
Datorren bide nagusietako bat, hortaz, adimen artifiziala barne zein kanpo eremuetan lan egiten jartzea da. Gizakiari helduz, espezie biomekanikoa gero eta desiragarriagoa egiten ari da teknozientzian, transhumanismoari esker. Ondorioz, giza barnea eta kanpoa zer diren lausotu egingo da.
Gizakia teknologiaren baitara
Teknologia bera tresna izatetik eremu izaterako bidea gero eta handiagoa da. Gaur egun, espazio gozagarri legez, eremu birtuala gailentzen hasi da. Jende askok birtualitatea errealitatearen aurretik lehenesten du, edota bien arteko aldea lausotzen. Horretan, eremu digitalak garrantzi handia dauka. Teknologiaren barne mundua erakargarri, ikusgarri, gozagarri, egiten du inoiz ez bezala, eta giza gogoa gero eta atseginago dago bere baitan.
Teknologiaren helburua izango da, hortaz, gizakia ahalik eta gehien –gogoz eta gorputzez– bere baitan izatea. 3 dimentsiotan birtualitatea ahalik eta sinesgarri eta erosoen egingo duten pantaila, betaurreko zein gelen garapenak hori berori erakusten du. Eta, sinesgarritasun horretarako, adimen artifizial sortzailea banakoari egokitzea izango da hurrengo urratsa, mundu (tekno)propioa ahalik eta onena izan dakion.
Higiene teknologikoa
Pentsamendu teknologikoa eta tresna teknologikoa nagusi diren, eta gero eta gailenago izango diren, munduan, beraz, garbitasuna lortzeko gogoa ere agertuko da. Gutxiengo joera izango da, borondate irmoz landua, eta joera nagusietan lerratutakoek zigortua. Izan ere, makina (larregirik) gabeko mundu, gizarte edo gizakiak pentsamendu makinista bako (g)izateria eskatzen du, baina teknologia oso ideologikoa da: hemen eta orain mundurik onena eratzeko agintza du, eta hori zalantzan jartzea onartezina da bere eremuan.
Adimen artifizialak, hortaz, erronka handia jarri dio makina susmopean jartzeko gai denari. Kostu sozio-ekologiko handikoa da –energia, azpiegitura, sarbidea, bereizketa, esklabotza, deshumanizazioa–, baina kostu espirituala oraindik izugarriagoa izango da. Arreta lehen horietan jartzeko joera ere izango da; azken horretan, aldiz, ziurrenik ez.
Antzina jakintza zen helburu, eta ezagutza lagungarri. Modernitatean, ezagutza zen helburu, eta haren praktikotasunerako datuak lagungarri. Egun, datuak dira helburu, eta haien etekinerako giza objektua lagungarri. Norabide eta aldaketa horien jabe izatea da, beraz, adimen artifizialaren sasoiko galdegai nagusirako gako: Gizakia zer da eta zer izango da Makinaren Aroan?
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Gizatasunaz eta pentsamendu teknologikoaren ibilbideaz.
- Laburpena: Testu honetan, ordenagailua eta adimen artifiziala agertzeko ezinbesteko izan den Mendebaldeko kontzientziaren historia egingo dugu, eta, horretarako halabeharrezko izango zaigu, labur bada ere, logika giza gogoetetan nola sartu zen ezagutzea, une jakin batean giza eremurik atera eta makinen eremuan txerta zedin. hau da, logika giza pentsamenduan nola sartu, nola errotu eta nola atera den aztertuko dugu, eta azalduko dugu ibilbide horrek gizatasunari zer ondorio eragin dizkion eta gaurgeroko joera nagusiak zein izango diren. Gure sakoneko abiapuntua honako hau da: adimen artifizialaren makina transhumanismo modernoaren ekarpenik nabariena da. Gizakiaren baieztapena edo ezeztapena jokoan daude nihilismoak itzalitako garai honetan. Testu honen helburua, beraz, adimen artifizialaren agerpenak berak, erabilera jakinak baino lehen, aspaldiko galderaren aurrean dakarrena aztertzea da: zer da gizaki?
- Egilea: Jon Mentxakatorre Odriozola
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 257-278
- DOI: 10.1387/ekaia.26245
Egileaz:
Jon Mentxakatorre Odriozola Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzailea da
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.