Maiek eklipseak iragartzea nola lortu zuten argitu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Behaketan oinarrituta, maiak gai izan ziren eguzki eklipseak iragartzeko. Kodize zahar baten azterketatik, ‘egunen zaindariek’ hau nola lortu zuten ondorioztatu dute ikertzaileek.

Egunen zaindariak zeuden maien hirietan, eta, bitxia bada ere, oraindik ere Mexikoko eta Guatemalako zenbait komunitate indigenatan antzeko funtzioa betetzen duten pertsonak daude. Horien esku zegoen denbora neurtzea, bai eta horren gaineko erritualen kudeaketa ere; bada, hein handi batean, denboran zehar mantendu dira ezagutza hauek.

1. irudia: askotan maien zibilizazioa irudi mistiko bati lotuta dago, baina behaketa enpirikoa eta matematika funtsezkoa izan ziren haientzat. (Argazkia: Paweł Wielądek. Iturria: Unsplash)

Kultura gehienetan denboraren neurketaren inguruko ezagutza duten pertsona espezialistak egotea normala da, baina Erdialdeko Amerikako herrietan bereziki garrantzitsua zen horrelako adituak izatea, hainbat egutegi sistema bateratzen zituztelako. Haab izenekoa egutegi zibila zen, 365 egunekoa. Gure hamabi hilabeteak beharrean, egutegi honek hemezortzi zituen, bakoitza hogei egunekoa, eta amaiera bost egun gehitzen zizkieten. Baina, horrez gain, 260 eguneko Tzolkin egutegi erlijioso eta errituala zuten. Besteak beste, jaiotza egunaren arabera, pertsona baten patua aurreikusteko erabiltzen zuten egutegi hau, funtzio astrologikoa betez.

Azken honetan oinarritua dago, hain zuzen, Dresdeko kodizean agertzen den informazioa. Zuhaitz baten azalarekin egindako kodizea da, 39 orriz osatuta, eta, orotara, hiru metro eta erdiko luzera du. Gaurdaino iritsi zaigun maien eskuizkribu bakarrenetakoa da. Bertan, errito eta igartze egutegiak, meteorologia eta astronomia taulak eta jainkoen irudiak azaltzen dira maien agiri garrantzitsu honetan.

Ezaguna da maiak gai izan zirela eklipseak aurreikusteko, baina oraindik ez da oso ondo ulertzen zelan lortzen zuten hau egitea. Baina adituek jakin bazekiten Dresdeko kodizea gako izan daitekeela, duela mende bete inguru ezagutzen baita kodize hau eklipseei lotuta dagoela. Horren atzean dagoen funtzionamendu zehatza, alabaina, ez zen ondo ulertzen. Baina berriki New York Plattsburgh (AEB) Unibertsitateko John Justeson antropologoak eta Justin Lowry arkeologoak Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean argitu dunenez, agiria interpretatzeko gakoa ilargi zikloetan egon daiteke.

Egunen zaindariek urteetan zehar Ilargiaren jarraipena egin zuten, eta, denborarekin, pilatutako behaketei esker, eklipseak jaso zituzten agirian, taulan doiketak eginez. Ikertzaileak konturatu direnez, belaunaldiz belaunaldi maiek doiketa berriak sartzen zituzten taula astronomikoa hobetzeko. Modu horretan gai izan ziren eklipseak aurreikusteko. Orotara, Dresdeko kodizeak 405 ilargi hilabete jasotzen ditu, lehen eklipse batetik abiatuta eta azken eklipse bateraino.

Bertan erakutsitako ezagutza behaketan oinarrituta zegoenez, ikertzaileek proposatu dute maiek eguzki eklipse bat ikusten zutenean konturatzen zirela ilargi berria zegoela, eta, modu horretan, bi aldagaien arteko lotura ondorioztatuko zutela. Beste horrenbeste gertatuko zen ikustean ilargi eklipseak ilbetean gertatzen direneko ezagutzarekin.

Gaur egun jakin badakigu ilberri eta ilbete bakoitzean ez dagoela eklipserik, hori soilik gertatzen baita Ilargiaren nodoetan, hau da, Ilargia ekliptikarekin gurutzatzen denean. Ilargian nodoaren erdigunean dagoenean ilargi eklipse totala gertatzen da, baina erdigune horretara iristeko bi egun falta direnean —edo bi egun pasa direnean—, eklipse partziala gertatuko da. Bada, orain ondorioztatu dutenez, kontu honetan ere maiek aurreikuspen gero eta hobeagoak egin zituzten ilberria nodoarekiko hurbilago noiz egongo zen ebazteko.

2. irudia: besteak beste, errito eta igartze egutegiak, meteorologia eta astronomia taulak eta jainkoen irudiak azaltzen dira Dresdeko kodizean. (Argazkia: egile ezezaguna – jabari publikoa: Iturria: Wikimedia Commons)

Artikulu hau egin duten zientzialariek argitu dute ez dutela uste maiek nodoen fenomenoa ezagutzen zutenik, “baina jakin behar zuten horren bueltan zeozer bazegoela”, Lowryren esanetan.

Kodizeari zentzu berria eman diote, ikertzaileak sinetsita daudelako hasieran eklipseen taula ilargi egutegia izan zela, baina gero egokitu zutela eguzki eklipseak iragartzeko. Arrazoinamendu horren abiapuntua honetan datza: sei ilargialdiren sei edo zazpi taldetan egituratuta dago egutegia, eta egileek uste dute horrek erakusten duela hilabeteetan oinarritutako kontabilitate batetik iragarpen eredu batera pasa zirela.

Kodizearen azken azterketa honetatik atera duten beste irakaspen bat da maiak gai zirela aurreikusteko bai beren zeru ikusgarrian agertzekoak ziren eklipseak zein beren ikusmen lerrotik kanpo gertatu behar zirenak ere. Horretaz konturatu dira alderatu dituztenean kodizea eta NASAk azken 5.000 urteetan geratu diren eklipseen datu basea

Maiek eklipseak fenomeno arriskutsutzat hartzen zituztenez, ikertzaileek interpretatu dute seguruenera maiek beren erritualen arrakastatzat hartuko zituztela aurreikusi bai baina azkenean ikusteko gai izan ez ziren eklipse hauek. Kodizean bertan ageri diren erritual horien helburu nagusia izango litzateke, hain justu, iluntasunaren etorrera saihestea.

Ikerketaren beste irakaspen bat izan da maiek doitasun handia izan zutela fenomenoak erregistratzerakoan. Diotenez, ilargi hilabetearen iraupena zehaztean batez bestean bi segundo baino gutxiagoko akatsa izan zuten gaurko baloreekiko, eta hori egin zuten, gainera, gailu optikorik gabe. Doitasun hau eklipseetan nabaritu zen ere, daten erdia baino gehiago bat datozelako Erdialdeko Amerikan XI. eta XII. mendeetan izandako eklipseen egunekin.

Egileaz ikerketaz baliatu dira nabarmentzeko maientzat behaketa enpirikoa eta matematika funtsezkoak zirela, askotan zibilizazio horren inguruan irudi mistikoa zabalduta dagoen arren.

Erreferentzia bibliografikoa:

Justeson, John; Lowry, Justin (2025). The design and reconstructible history of the Mayan eclipse table of the Dresden Codex. Science Advances, 11, 43. DOI: 10.1126/sciadv.adt9039


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.