Gaur eguneko arazoen artean gehien kezka dezakeenetarikoa edateko uraren kutsadura da. Denbora aurrera joan ahala pertsona eta izaki bizidun gehiagori eragiten dio arazo honek, herrialde txiroenek kalteen efektu handienak pairatuz.
Problematika honi aurre egiteko dagoen aukerarik onena uren tratamendua da, hau da, kutsatzaileak uretara heldu baino lehen kudeatzea edota, behin uretan barneratu direla, eliminatzea. Aipatutako azken prozedura ur araztegietan aurrera eramaten da, hiru pausu nagusitan banatzen delarik: fase primarioak solido eta olioen sedimentazioa bultzatzen du, fase sekundarioa bakterioen metabolismoaz baliatzen da materia organikoa prozesatzeko, azkenik fase tertziarioa emanez, non bestelako kutsatzaileen kudeaketa ematen den.
Hirugarren fasera heltzen diren kutsatzaileak ugariak eta natura ezberdinekoak dira. Zehaztasun altuko hainbat prozesu behar izaten dira edateko ura lortzeko, baliabide ekonomiko eta denbora kopuru handiak behar izanik. Modu honetan hobekuntza argi bat aurkezten da: prozesu baten sorrera, non hainbat kutsatzaile harrapatzeko aukera ematen den, nahiz eta beraien aktibitatea ezberdina izan, jarraian hauen kudeaketa edo berreskurapena ahalbidetzen duena eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eragiten diona.
Testuinguru honetan mintzen teknologia garatu da: indar eragile ezberdinen bitartez, likido batean dauden konposatuen kontzentrazioa aldatzeko gai diren azalera porotsuak. Hauek bi mekanismo nagusiren bidez eragiten dute (irudia). Alde batetik, tamainaren bidezko bereizketaren bitartez, mintza osatzen duten poroak baino tamaina handiagoko partikulek ezin dute mintza zeharkatu, uretan gera zitezkeen partikula edo sedimentuak eliminatuz. Beste aldetik, adsortzio fenomenoa agertzen da, hau mintzaren materialaren eta kutsatzaileen arteko elkarrekintza fisiko-kimikoen bitartez lortzen du arazketa.

Erabilitako materiala eta poroak izanik mintzen ezaugarri garrantzitsuenak, hauek sortzeko erabiltzen diren produktuak eta prozesuak kritikoak dira. Prozesuen bitartez, poroen tamaina zein distribuzioa eta mintzaren dimentsioak zehazteko gaitasuna lortzen da. Produktuaren arabera, lortutako elkarrekintzak zehazten dira, aldi berean, erabil daitezkeen prozesatzeak mugatzen dira. Ohiko produktuak polimeroak edo zeramikak dira. Lehenak, hainbat disolbatzailetan disolba daitezke eta tenperatura altuetan bigundu edo urtzeko gaitasuna dute, baina beraien propietateak aldatzeko eta beste motatako produktuak barneratzeko erraztasunak dituzte. Zeramiken kasuan, aldiz, kimikoki geldoak dira, zurruntasun altukoak eta fusio puntu oso altuekin, baina sintesi prozesu garestiak dituzte. Horrela izanik, mintz polimerikoak disoluziotik edo egoera bigundutik sortzen dira, zeramikoak hautsen tratamendutik edo sintesi zuzenaren bidez sortzen diren bitartean.
Hainbat material egonik, eta bakoitzak zenbait prozesatze izatean, mintzen propietate fisiko-kimikoen aukera zabalak aurkezten dira, munduko eta industriako ur kutsatuekiko erantzun espezifikoak lortzeko gaitasuna lortuz. Teknologia honekin agertzen den arazoa birziklapena izanik, garrantzizkoa da materialen eta hauek lortzeko prozeduren hobekuntzak garatzea, bizitza-denbora luzatzea zein berrerabilpena erraztea izango lirateke bilatzen diren ezaugarri nagusiak. Modu honetan ikerketaren bultzatzeak duen garrantzia ikusten da, mota hauetako aurrerapenak ingurumen eta industriarako onuragarriak izatean, hobekuntzak beste eremuetara luzatzeko gaitasuna lor baitaiteke, gizaki eta planetarentzako onurak dakarrena.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 47
- Artikuluaren izena: Ura garbitzeko mintzak: funtzionamendua eta lortzeko era.
- Laburpena: Munduan zehar aurkitzen den arazo larrienetarikoa edateko uraren gabezia hedatuz doala da, hainbat kutsatzailek eraginda. Mintzen garapena premiazkoa da askotariko ur-eskuragarritasuneko egoeretan kutsatzaileen kudeaketa aurrera eramateko. Garbiketa-mekanismo bakoitzaren arabera (tamainaren araberako bereizketa edo adsortzioa) material batzuk erabiliko dira, oro har polimeroak edo zeramikak. Modu honetan, prozesatze-metodo asko garatu dira material eta baldintzen arabera. Alde batetik, zeramikak zurrunak eta kimikoki geldoak direnez gero, haien prozesatzea zein erabilera muturreko egoeretarako dira egokiak. Beste alde batetik, polimeroak disolbagarriak direnez eta tenperaturarekin biguntzeko gaitasuna dutenez, egoera leunagoetan maneiatu behar dira. Lan honetan, ura garbitzeko erabiltzen diren mintzen ezaugarri orokorrak aurkezten dira; hau da, kutsatzaileak kentzeko erabiltzen diren mekanismo fisiko edo/eta kimikoak, mintz bat eratzeko prozesatze-teknikak eta sortzeko material bakoitzaren propietateak.
- Egileak: Peio Martinez eta Antonio Veloso-Fernández
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 205-220
- DOI: 10.1387/ekaia.26141
Egileez:
Peio Martinez eta Antonio Veloso-Fernández EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
