Txerri-kortako zorua

Animalien aferak · Dibulgazioa

Hotza


Lau hankako animalia gehienek ez dute bero gehiegi galtzen eroapenaz. Zorua ukitzen duten gorputzaren atalak oso txikiak izaten dira, edo hobeto esan, gorputzaren azalera osoaren zati txikia izan ohi dira. Baina bada salbuespen bat, etzanda egoteari dagokiona hain zuzen. Etzanda gaudela, ugaztun guztiok dugu gure gorputz-azaleraren zati handi bat zorua ukitzen. Egoera horretan, beraz, bero asko gal daiteke, eta eroapenaz galdu gainera, normalean inolako garrantzirik ez duen bide batetik.

Irudia:
Irudia: 1967. urtean L.E. Mount ikertzaileak “The heat loss from newborn pigs to the floor” (Txerri jaioberrien bero-galera zoruaren bidez) lanaren emaitzak argitaratu zituen. Ikerlanean txerri-kortetako hiru lurzoru mota aztertu zituen: porlana, zura eta poliestirenoa.

Neurri batean edo bestean, guztiok dugu bero-galera mota horren esperientzia zuzena. Izan ere, etzanda gaudela garrantzi handia du zorutik ahalik eta isolatuen egotea, batez ere lur hotz baten gainean bagaude. Ez da gutxi horrela gal daitekeen beroa. Izan ere, txerrikortan etzanda daudela, esanguratsua da txerriek pairatzen duten energia-galera. Baina, noski, bero-eroankortasuna oso desberdina da zoru motaren arabera, eta horren ondorioz, txerriek galtzen duten bero kantitatea oso desberdina da lurzoru batean edo bestean.

Lurzoru motak horrenbesterako garrantzia izan dezake ezen berezko ikerketa lanak egin baitira kontu horren garrantzia neurtzeko eta txerrien gizentze handiena ahalbidetzen duen zoru mota erabakitzeko. Baten bat aipatzearren, 1967an egindako lehenengoetarikoa ekarriko dugu gogora: txerrikume jaioberrien bero-galerak neurtu zituen Mount ikertzaileak hiru lurzoru motatan: porlana, zura eta poliestirenozkoa. Porlanean zeudenean txerrikumeek bero-galera osoaren % 15 galtzen zuten eroapenaz, eta proportzio hori % 6raino, (erdira!) jaisten zen egurraren gainean etzaten zirenean; poliestirenozko lurzoruan are gehiago murrizten zen ukipenez galdutako beroa.

Jakina, bero-galera zoru motaren arabera aldatzen bada, hazkunderako geratzen zaien energia ere aldatu egiten da. Beste modu batera esanda, txerria desberdin gizentzen da zoru motaren arabera, eta horrek, ondorio ekonomiko nabarmenak ditu.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.