“Gizakion historia bistan dugula, ez ote dira munduan diren gauza ergel eta barregarrienak arrazan edo erlijioan oinarritutako iritziak? Sinfonia, pintura eta zientzia kristaurik nahi ote dugu, alegia sinfonia, pintura eta zientzia judutarrik? Ala nahiago ote ditugu sinfonia eta pintura hutsak eta zientziazko egia sakonak? Giza izaera joriak emandako guztia, ezinbestez izan behar ote da musulmana, egiptoarra, japoniarra txinatarra, amerikarra, alemaniarra, errusiarra edo komunistak ala kontserbatzailea?”
Alferrikako ezagutzaren erabilgarritasuna, Abraham Flexner. Harper’s Magazine. 1939.
Aitortu beharrekoa dut duela hilabete bat ez nuela Abraham Flexnerren berririk. Bizitza osoan ez dut berari buruz ezer entzun, eta susmoa dut nire inguruko jendearentzat ere erabat ezezaguna dela gizon hau. Tamalgarria da, zeren eta Flexnerrek oso ibilbide interesgarria egin baitu alderdi pertsonalean zein alderdi profesionalean. Besteak beste zientzia-jarduerarako beharrezko ziren baliabideak eskaini zizkien Albert Einstein bezalako europar zientzialari batzuei.
Abraham Flexnerrek iraultza ekarri zion medikuntzaren irakaskuntza-sistemari. Izan ere, “Flexner Txostena” plazaratu zuen Amerikako Estatu Batuetako eta Kanadako 155 fakultate eta irakaskuntza-gune aztertu ostean. 1908.ean bere lehenengo liburua argitaratu ostean eskatu zitzaion txosten hori egitea. Liburua oso entzutetsua izan zen. Labur esanda, gogor egin zuen medikuntza-sistemen aurka. Bere ustez, sistema hauek erabiltzen dira horrela ikasle asko bideratu daitezkeelako diru-baliabide gutxi erabilita, eta gainera irakasleari ikerkuntzarako astia utzita. Bere usteetan, ikerkuntzak baliabideak lapurtzen zizkion irakaskuntzari.
Esparru honetan bizi-bizi arituta, erreferentzia gune bilakatu zen batzorde eta erakunde guztietan, itzal handikoa izatera iritsi arte. 1929.ean betiko aldatuko zen bizimodua, berarentzat eta beste askorentzat.
“Lanean lasai ari nintzela, telefonoz dei egin zidaten, eta galdetu zidaten ea prest nengoen bi gizonezkoekin hitz egiteko. Diru sorta handia zeukaten erabiltzeko prest, eta nirekin jorratu nahi zuten kontua”.
Louis eta Caroline Bamberger neba-arreben ordezkariak ziren bi gizonezko horiek. Banberger neba-arrebek diru asko irabazi zuten Newarkeko saltegi handi batzuetan. Zorionekoak izan ziren, bere diru guztia bereganatu ahal izan zutelako 1929.ean burtsak leher egin baino lehen. Erabaki zuten bada New Jersey estatuaren alde egin eta medikuntza-fakultate bat abian jartzea. Garai hartan juduen aurkako mugimenduak hasiak ziren eta helburu modura hartu zuten fakultate horretan parte txarreko jarrera horiek geldiaraztea. Flexnerrek proposatu zien praktikotasun txikiagoko zerbait, bere ustez epe luzerako ezagutza eta jakintzarako askoz ere onuragarriagoa izango zena.
1930.ean, Ikasketa Aurreratuen Institutua abian jarri zen Princeton inguruan. Gaur egun lanean jarraitzen du institutu horrek. Hasiera batean oso bakuna eta formalitaterik gabekoa zen bere antolakuntza: hiru fakultate ziren (matematika, giza ikasketak, eta politika eta ekonomia), eta beranduago zientzia-fakultate bat gehitu zen.
Zergatik zen hain berezia institutu hau, eta nolatan da gaur egun ere are garrantzitsuagoa?
Jakintza hutsaren bila dabiltza. Hasiera batean, gune fisiko batean ere ez zegoen kokatuta, eta ikertzaileak, irakasleak eta ikasleak Princeton unibertsitatean barreiatuta zebiltzan. 1939.ean ordea, Fuld Hall izenekoa egin zen (Carolinaren senarra Felix Fuld baitzen).
Han ez zegoen egitaraurik, ez eta irakaskuntza-ziklorik ere. Ikertzaile bakoitza gustukoa zuen esparruan aritzen zen. Ez zegoen ez kontraturik, ez betekizunik, ez eta epe jakin baten barruan aurkeztu beharreko emaitzarik. Ez zen ikerkuntza-lerrorik finkatzen, eta ez zitzaion eskatzen ikertzaile bakoitzari bere ikerkuntza-lerroaren praktikotasunaren berri eman zezan.
Antolakuntza hori iraultzailea izan zen, eta Flexner oso trebea izan zen Bamberger neba-arrebak konbentzitzen: dirua nola gastatu esan zien, ez nola inbertitu. 95 urte iragan direlarik, are iraultzaileagoa gertatzen zaigu XXI. mendean bizi garenoi. Izan ere, egun erabat sinetsita gaude zientzia-ikerkuntza hutsa barik, zientzia-ikerkuntza aplikatua egin behar dela, beti ere gizartearen onura ekartzea helburu hartuta.
Flexnerrek bere institututan hartu zituen Europako zientzialaririk garrantzitsuenak, haietako asko nazionalsozialismotik ihesi zetozenak. Erabateko askatasun intelektualeko giro hori dastatu zuten Einsteinek, Wyl Neumanek eta Panofskyk. Zientzialariok nahi erara irakurri, ikasi eta elkartrukatu zituzten bere ideiak, beti ere diziplina artean arituz.
Unibertsitateek, eskolek eta ikerkuntza-institutuek gauza bakarra egin behar dute: olerki bat, sinfonia bat, pintura bat, matematikako egia bat, zientzia-aurkikuntza bat.
Hobe egun Flexner (eta Bamberger) bezalako hiritar gehiago baleude: gune batean jakin-mina piztuta, emankor arituko ziren ezagutza-esparruen artean, berehalako aplikazioak topatzeko beharrik gabe.
Hona hemen zehaztapen gehiago:
- The usefulness of useless knowledge, Harper´s Magazine junio 1939
- La utilidad de lo inútil, de Nuccio Ordine. Ed. Acantilado.
- La sublime utilidad de la ciencia inútil, de Pedro Etxenik
Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.