Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Google Scholar Citacion baliabidea probatu zuen Txema Egañak, MUko irakasleak, eta interesgarria iruditu zitzaion. Besteak beste, argitalpenen inpaktua neurtzeko H Indizea modu automatikoan kalkulatzen duelako: Google Scholar Citacion, H indizea eta In-Recs inpaktu-indizea.
Baliabideekin jarraituz, UPV/EHUko liburutegiak NNNConsult sistema aurkeztu zigun. Erizaintzako diagnostikoen lengoai estandarizatuen bilaketa arinak egiteko gaitutako tresna: NNNConsult: NANDA, NOC, NIC on-line plataforma.
Altitude handietara egokitzeko tibetarren oinarri genetikoak aztertu dituzte. Ikerketa horren berri eman zigun Mikel Irastorza biologoak, Euskalnatura.net blogean. Nature Communications aldizkarian argitaratuko emaitzak diotenez, HYOU1 eta HMBSK geneetan alelo bereizgarriak dituzte tibetarrek: Tibetarren sekretu gorenaren bila.
Kazeta.info agerkarian Eduardo Malagón EHUko irakasleak mendiko eskualdeen egoera ekonomikaren bilakaera zein den plazaratzen du. Garapen ekonomikoaren dinamika, populazioaren aldaketak eta Europako politikak aztertzen ditu: Mendiko eskualdeen etorkizuna.
Berria egunkarian Amaia Portugal kazetariak Ekaia aldizkariaren azken aleko gaia hartzen du hizpide, kannabisa. Amaiak dioen moduen, gauza asko dira jakinak kalamuaren inguruan, baina beste hainbeste dira ezezagunak. Esaterako, legediak zaildu egiten duela haren inguruko ikerketa: Kalamuaren ezohiko alderdiak agerian.
Javier San Martín kazetaria Malaspina, ozeano sakonera espedizioari buruz aritu zen Zientzia Kaiera blogean. Malaspina espedizioan aditu euskaldunak ere parte hartzen dute. Esaterako, Xabier Irigoyen ozeanografoak. Honako espedizioek ozeanoak eta bertako bizidunen jokamoldeak hobeto ezagutzen laguntzen digute: Bidaia bat dimentsio ezezagunera.
Amaitzeko, Nagore Irazustabarrena kazetariak Argia aldazkarian beste espedizio bitxi baten berri ematen digu. AEBetako mendebaldea zeharkatu eta Ozeano Bareko kostaldera iristeko egin zutena XIX. mendean. Bitxia, arkeologoek errez identifikatu baitute bidea espediziokoen gorozkiek utzitako arrastoei esker: Arkeologia eskatologikoa Lewis eta Clarken bidean.