Bodil Schmidt-Nielsen (II): Basamortuetako animalien giltzurrun ahaltsuak

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Bodil Schimdt-Nielsen fisiologoak 1947an hasi zuen ur eta elektrolitoen balantzeari buruz egin zuen bere lehen ikerketa garrantzitsua. Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan dagoen Arizonako hegoaldera abiatu zen eta han Dipodoys, Perognathus eta Neotoma karraskarien uraren metabolismoa ikertu zuten 1947 eta 1948ko udetan.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoa.

Esperimentu saio gehiago egin zituzten gero Swarthmore (Pensilvania) eta Stanford (Kalifornia) unibertsitateetan. Oraindik ere, oso lan ezaguna da urik edan gabe bizirik irauteko kanguru-arratoiak garatu dituen mekanismoak deskribatu zituena. Izan ere, erabateko berrikuntza ekarri zuten animalien ingurumen-fisiologian mugarria izan ziren lan haiek.Gero, Saharako basamortuaren barrena abiatu ziren eta herrixka galdu batean ur-ekonomiari buruzko ikerketak egin zituzten gameluetan. Ur-balantzeari buruzko lan horiei esker eman zioten Bodili “Bowditch Award Lecture” izeneko saria 1957an. Bera izan zen, hain zuzen ere, fisiologo gazteen lana aitortzeko sortua zen sari hori jaso zuen bigarren ikertzailea.

Esan bezala, basamortuetako animalien ur-ekonomiari buruzko ikerketak izan ziren Schmidt-Nielsenen lehen lan garrantzitsuak. Lan horiek, bestalde, giltzurrunaren funtzionamenduari buruzko jakinguraren abiapuntua izan ziren, aski ezaguna baitzen ur-balantzean giltzurrunaren zereginak duen garrantzia. Giltzurrunak sortzen du gernua, eta sortzerakoan ur gehiago ala gutxiago erabil dezake, beti ere ur-beharren arabera. Beharrak handiak direnean gernu gutxi ekoizten dute animaliek, bestela deshidratatu egingo balirateke. Alderantziz gertatzen da ura soberan dutenean. Gainera, ez da ahaztu behar gernuaren bitartez hondar nitrogenodunak kanporatzen direla eta garrantzitsua dela zeregin horretarako animalia batzuek eta besteek erabiltzen duten eskrezio-molekula ere. Azido urikoa erabiltzen dute ura oso urria den medioetan bizi diren animaliek, baina ura mugagarria ez den lekuetan bizi direnek berriz, urea erabiltzera jotzen dute nagusiki. Hala da animalia lehortarren kasuan behintzat, gauzak oso desberdinak baitira uretako animalietan. Hori horrela izanik, kanguru-arratoiaren giltzurrunak urea nola iraizten duen hasi zen ikertzen Bodil 1951n, basamortuetako karraskarien ur-ekonomiari buruzko lanak bukatuta edo ia bukatuta zeudenean. Lanaren garrantziaz jabetu gaitezen, kontuan hartu behar da garai hartan giltzurrunaren fisiologiari buruzko iturri orokor bakar bat zegoela, alegia H. W. Smith adituak idatzitako liburu bat [1]. Ikerketa-lerro berriaren emaitzek sekulako eragina izan zuten XX. mendearen bigarren zatian zehar ugaztunen giltzurrun-funtzioaz izan dugun ezagutzan.

Bodil Scmidt-Nielsenen ekarpenen garrantzia ulertzeko, kontuan hartu behar da ugaztunen giltzurrunak nola egiten duen lan. Labur esanda, bi lan mota egiten ditu giltzurrunak. Plasma iragaztea da lehena: gernu primarioa deitzen duguna horrelaxe sortzen da, glomerulu izeneko giltzurrunaren atalean. Gero dator bigarren lana: gernu primario horren bolumen eta konposizioa aldatzea. Bodil lanean hasi baino lehen, fisiologoek uste zuten iragazita izan ondoren urea ez zela jariatzen odoletik giltzurrun-hodietara, baina litekeela pasiboki iragazia izatea -hau da, difusioz- birxurgatua giltzurrun-hodietatik odolera. Bodil Scmidt-Nielsenek ordea, aurkitu zuen zenbait karraskarietan bi prozesu horiek gerta daitezkeela eta biak modu aktiboan gainera. Hau da, berak frogatu zuen urea aktiboki iraitzia eta birxurgatua izan zitekeela giltzurrun-hodietan. Beraz, karraskari horiek kanporatzen zuten urea kantitatea ez zen halabeharrez glomeruluan iragatzen zen berbera, behar fisiologikoen arabera gehiago ala gutxiago izan zitekeelako.

Garai hartako aditu nagusienetakoa zen Homer Smithek bisita bat egin zion Bodili 1952an eta zertaz eta nola lan egiten arin zen ikusirik, konbitea luzatu zion Mount Desert Island Biological Laboratory izenekora joateko hurrengo udan berarekin lan egitera. Horrelaxe hasi zen urte asko luzatuko zen lankidetza. Han aurkitu zuen, esaterako, igelek glomerulutik iragazten dutena baino askoz ere urea gehiago iraizten dutela.

Alor horretako zientzialari gehienek ontzat eman zituzten igelei buruzko emaitzak, baina ez zituzten modu berean onartu ugaztunekin lorturikoak. Ez zuten ontzat eman ugaztunen giltzurrun-hodietan urearen garraio aktiboa (bi norantzetan) gerta zitekeela. Orain, berriz, badakigu Bodil Schmidt-Nielsenek arrazoi zuela, baina 30 urte igaro behar izan ziren zalantzarik gabeko emaitzak lortu arte eta bere proposamenak guztiz onartuak izan arte.

Oharrak

[1] Homer W. Smith (1937): The Physiology of the Kidney; nahiz egile berak beste bat argitaratu zuen urte hartan: Homer W. Smith (1951): The Kidney: Structure and Function in Health and Disease.

Iturriak

Bodil Schmitd-Nielsen fisiologari buruzko artikulu-sorta


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.