Ur sakonetako gepardoa

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Behin baino gehiagotan aritu izan gara hemen ugaztun urpekariez. Ugaztunak izanik, egurats-oxigenoa arnastu behar dute eta, beraz, itsas azalera igo behar dute arnasa hartzeko. Baina horietako zenbait ur sakonetan elikatzen dira: zeroiek, esaterako, 1.000 metrotik beherako uretaraino jaitsi behar izaten dute harrapakin bila. Antzekoa da pilotu-izurde hegalaburraren jokabidea, horren sakon urperatzen ez den arren.

Irudia: 6 metroko luzera eta 4.000 kg-ko masa edukitzera irits daiteke Globicephala macrorhynchus (Cayamberen irudia).

Globicephala macrorhynchus izen zientifikoa duen pilotu-izurde hegalaburra Delphinidae familiako kidea da. Izurde mota bat da, beraz, baina nahikoa handia: 6 metroko luzera eta 4.000 kg-ko masa edukitzera irits daiteke. Duela gutxi izurde horiei buruzko ikerketa bat egin du nazioarteko talde batek Tenerifeko uretan; 23 izurderen mugimenduak eta egindako “klaskak” erregistratu zituzten pilotu-izurdeei erantsi zizkieten DTAG izeneko marka digitalen bitartez.

Jasotako erregistroen arabera, pilotu-izurde hegalaburrak 500-1.000 metroraino urperatzen dira ehizan ari direnean, eta urperatze-denbora 20 minutu ingurukoa da. Ur sakonetarantz zuzentzen diren artean, (balizko harrapakinen) ekolokalizaziorako klaska-segida luzeak sortzen dituzte, eta, noizean behin, klaska-segiden artean, burrunbak ere egiten dituzte. Burrunbak, dirudienez, harrapakinak ehizatzeko saioekin loturik daude.

Urperatze sakonak egiten dituztenean, esprint azkar batean heltzen dira tokirik sakoneneraino eta une horretantxe egiten dute burrunba bat. Horixe da pilotu-izurde hegalaburren ehizatzeko modua. Urperatzen hasten direnean, ez dira oso laster mugitzen, baina esprintatzen dutenean, 9 m s−1-ko lastertasunez egiten dute; izugarria da abiadura hori uretan mugitzen den ugaztun batentzat. 20-80 segundoko iraupena dute esprint horiek, eta oso garesti ateratzen zaie pilotu-izurdeei. Esprinterako behar duten energiaz ari gara, noski. Ehizarako urperatze sakon hauen lokomozio-kostu osoaren % 10-36 dagokio esprintari, nahiz denboraren % 2-8 baino ez eman esprintean.

Arrisku handiko jokabidea da. Izan ere, egiten dituzten saioen erdia bakarrik da arrakastatsua; beste erdian ez dute asmatzen. Kontuan hartzen badugu ehizaren kostua oso altua dela, bistan da handiak izan behar dutela harrapakinek ere; bestela jokabide hori ez litzateke emankorra izango, eta ez lukete erabiliko. Orain arte ezezaguna zen «arrisku handiko/etekin handiko» taktika hori zetazeoen artean. Lehorrean horrela jokatzen dutenak badira: lehorreko ugaztunen artean gepardoa da taktika horren adibiderik argiena.

Lehen esan dugunez, zetazeoen artean ezezaguna zen pilotu-izurde hegalaburrek erakusten duten ehiza-portaera. Hortaz, ikerketa talde berak beste zetazeo batzuen (esaterako, zifioen)[1] jokabidea aztertu du El Hierro uharteko uretan, eta, dirudienez, oso bestelako jokabidea dute. Zifioen urperatzeak luzeagoak dira, ordu eta erdi iraun baitezakete. Jakina, urperatzeak luzeak badira, nekez gorde dezakete esprintatzeko oxigeno nahikorik. Baina zifioen elikatze-portaera ez da “arrisku handiko/etekin handikoa”, askoz era kontserbadoreagoan jokatzen dute. Urperatze bakoitzeko 30 bat harrapakin lortzen dituzte; hori bai, txikiak, mugitzeko ahalmen urrikoak eta energia-eduki apaleko harrapakinak dira zifioenak. Hala ere, lokomozio-kostuak apalak direnez, denbora luze egon daitezke urpean, harrapakinen bila.

Ezberdinak dira pilotu-izurde hegalaburren eta zifioen taktikak, baina biak emankorrak.

[1] Ziphiidae familiako zetazeoak dira zifioak. Mutur luzea eta mehea da haien ezaugarri berezkoena. Izurdeen antza dute.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.