Asteon zientzia begi-bistan #8

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

Argazkia: Simon Roy
Argazkia: Simon Roy

Amaia Larruskain biologokoak Elhuyar aldizkarian ardiek sufritzen duten gaitz bat plazaratu digu, ABA edo birikietako adenokartzinoma. Abere hauen gaixotasunak ez dira oso ezagunak, izan ere gutxi ikertu izan da ardien gaixotasunen oinarri genetikoa. Ardiek izaten duten gaixotasun hau, ABA, aspaldi deskribatu zuten, 1865an. Baina minbizia eragiten duen erretrobirusa ez zen identifikatu 1990eko hamarkadara arte. Amaiak azaltzen digunez ABA eredu ezin hobea da hainbat gauza aztertzeko: ostalari-birus elkarrekintza aztertzeko, gaixotasun kutsakorren transmisioa, minbiziaren garapena eta erretrobirus endogenoen eragina ikertzeko ere. Hau guztia: Ardien biriketako adenokartzinomaren oinarri genetikoa artikuluan.

Beñat Jauregi soziologoak Lorratzetan bloga zabaldu du Argia aldizkariko blog plataforman. Honen helburua izango da hipotesi eboluzionistaren ikuspegitik gure bizimodu orokorra aztertzea eta berau hobetzeko proposamenak plazaratzea. Estreinako mezuan eboluzioari erreparatzen dio. Eboluzioa, espezie batek bere ingurugirora egokitzeko jasandako prozesua da, milaka aldaketa partzialen pilaketaz osatua. Gaur gu garena milioika urtetako prozesu ebolutiboaren emaitza da eta Beñaten intentzioa da hipotesi eboluzionistei buruzko informazioa eta literatura zientifikoa hurbiltzea: Nondik gatoz eta non gaude? Hipotesi eboluzionistarekiko hurbilpen bat.

Itsas izarrek beso puntetan sentsoreak dituzte. Ikertzaileek ez zekiten sentsore hauek irudiak osatzeko gai diren begiak ote ziren edo soilik argiaren intentsitate mailaren aldaketak antzematen dituen organoak ziren. L. Lalevigata, itsas izar urdina Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan sakonera gutxiko arrezifeetan bizi da eta berarekin egindako ikerketa baten emaitzek itsas izarren sentsoreak begiak direla baieztatu dute. Sentsoreak erabilgarri zituzten itsas izarrek arrezifeetatik urrunduz gero, gai ziren tokiaren irudia gauzatzeko eta berriz bertara bueltatzeko. Ikertzaileen arabera beraien nerbio-sare bakuna informazio bisuala prozesatzeko gai da. Maite Lopez de Arbina biologoak Euskalnatura.net atarian ematen digu honen berri Itsas izarrek ikusteko gaitasuna dute artikuluan.

Martin Arriolabengoa geologoak karstak ditu ikergai. Egun, Deba bailararen Kuaternarioko bilakaera geologikoaren inguruan doktore-tesia egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Karsta zer den azaltzen digu Euskalnatura.net webgunean erreportaje baten bidez. Karst hitza Italia eta Eslovenia artean dagoen kareharrizko mesetaren izen alemana da. Bertan, kareharri formazioak ur meteorikoek eragindako disoluzioa jasaten ari dira duela milioika urtetik eta higadura mota honek eraginda erliebe berezi eta ikusgarriak sortu dira: karstak. Higidura mota hau uraren bidez disoluzioa jasaten duten arroka guztietan gertatzen da baina Euskal Herrian kareharrietakoa da zabalduena: Karsta, Euskal Herria adibide.

Arantxa Zabala ingeniariak teknologiari lotua dagoen gai interesgarri bat jorratu du Argia aldizkariko blog plataforman duen Ziber-etxekoandrea blogean, nabigazio sistemak. GPS eta sateliteen funtzionamendua azaltzen digu. Izan ere, GPSak satelite bidezko nabigazio sistemak dira, non kokapenak antzeman eta deskribatzeko gai dira. GPSak Lurretik 20.000 kilometrora orbitatzen daude 24 satelite artifizialen bidez funtzionatzen dute eta posizio bat emateko gutxienez lau sateliteren kokapena hartzen dute. Nabigazio sistema hauen xehetasunak Nola funtzionatzen dute GPS eta satelite bidezko beste nabigazio sistemek? artikuluan.

Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Neurozientzian blogean, azken egunotan garunaren funtzionamenduaren deskribapenean aurrerapauso bat eman duten bi artikuluei erreparatzen diete. Batean, saguen garuneko zelulen arteko konexioen irudia plazaratu zuten, eta bestean, gizakion umekien garunetan zein gene aktibatzen diren argitaratu zuten. Achucarrokoek mapa osatzearen zailtasunak aipatzen dituzte. Esaterako, gizakion garunak 85.000.000.000 neurona inguru ditu eta neurona kopuru horrek 100.000.000.000 konexioz lotuta daude. Beraz, zerebroaren harremanak islatzen duen mapa bat egitea ez da argazki bat ateratzea bezain erraza. Zertarako burmuineko neurona guztien mapa bat egin? artikuluan azaltzen digute guztia.

Japoniarrek toxina arriskutsua duen arrain bat preziatzen dute biziki, fugua edo puxika arraina. Janari garestia den arrain honen 10.000 tona saltzen dira utero Japonian. Baina badu beste berezitasun bat, fuguak tetrodotoxina (TTX) toxina hilkorra du eta hilkorra da gizakietan, intoxikazio sintomak agertzen diren kasu guztien %60an. Nola da posible beraz arraina dastatzea? Juan Ignacio Pérez biologoak Zientzia Kaieran blogean azaltzen digu historian zehar fugu jatea debekatua egon dela Japonian eta gaur egun, oso arautua dagoela puxika arrainaren kontsumoa. Baimena duten jatetxeetan eskaini daiteke eta soilik sukaldari trebatuek prestatuta. Puxika arrainaren ezaugarriak Fugu artikuluan.

Malaysia Airlines konpainiako hegazkina desagertu zen martxoaren hasieran. 63,7 metroko luzera duen aparatua ez dute oraindik aurkitu. Bilaketa lanetan hainbat herrialdeetako zerbitzuak eta baliabideak badabiltza ere, ez da galdutako hegazkinaren kokapena ezagutzen. Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaiera blogean ikuspuntu interesgarri batetik lantzen du gaia. Bilaketa lanetan darabilten teknologiari egiten dio errepasoa. Besteak beste, sateliteak edota hegazkinetako kaxa beltzetan txertatua dagoen tresna bati, Pinger-i. Tresna honi esker, kaxa beltzak uretan jausten direnean piztu eta seinale ultrasonikoak igortzen dituzte eta ur azaletik kilometro bat edo biko sakoneran detektatzeko modukoak dira. Seinaleak bateria agortu arte antzeman ahal izaten dira, gutxi gorabehera hilabete bat: Malaysiako hegazkinak irakatsitakoak.

Aztarna arkeologikoek gure aurrekoen berri ematen digute. Gure ondorengoek ere gure berri izango dute hemendik urte askotara guk utzitako arrastoen bidez. Leicesterko Unibertsitateko Geologia Sailak zuzendutako lan bati jarri dio arreta Antonio Cantó dibulgatzaileak Zientzia Kaieran. Bertan adierazten denez etorkizuneko aztarna arkeologikoak teknofosiltzat jo daitezke. Ikerketan, azken bi mendeetan jalkinarekin edo beste bizidunekin elkarrekitearen ondorioz bizidunen jarduerek uzten dituzten aztarnak edo “aztarna fosilak” hartu dituzte aintzat. Hau da, ondorengoei utziko dizkiogun aztarnak: autobide bat, sakelako telefono bat edo plastikozko poltsa bat. Teknofosilak.

Biologo konputazionalek programa informatikoez lagunduta garatzen dute euren lana. Koldo Garcia ikertzaileak ere programa informatikoak erabiltzen ditu baina batzuetan ez da erraza aukeratzea programa egokia. Edonola blogean larruazalean egon daitezkeen bakterioak identifikatzeko ikerlana zelan garatu zuten azaltzen digu eta baita bidean aurkitutako arazoak ere. Larruazalaren lagina hartu eta haren DNA sekuentziatu zuten. Behin sekuentziatuta jada ezagunak diren beste DNA sekuentziekin konparatu egiten da sekuentzia hori, presente dauden bakterioak identifikatzeko. Hurbilketa honi metagenomika esaten zaio, genoma asko aldi berean aztertzen baitira. Sinplea ematen duen prozesu honek baditu bere zailtasunak eta Koldok azaltzen ditu Bakterioen sekuentziak identifikatzen artikuluan.

Nori ez zaio gertatu, udan itsaso barruan hainbat denbora eman ondoren eskuetako azala zimur-zimur eginda ateratzea kanpora? Ia gehienok ezagutzen dugu azala urarekin kontaktuan jarriz gero zimurtu egiten dela. Maite Lopez de Arbina biologiak Euskalnatura.net gunean Newcastleko Unibertsitatean honen inguruan egin den ikerketa baten berri ematen digu. Tom Smulders eboluzio biologoak ikertu duenez, zimurrek objektu bustia hobeto eustea baimentzen dute, ura bitarteetatik ihes egitea ahalbidetzen dute eta ondorioz, azalera gehiago oratzea lortzen dugu, automobilaren gurpilaren pneumatikoen antzera. Gure arbasoentzat ezaugarri hau lagungarria izan zen ibaietako edo landare bustietako elikagaiak biltzeko, antza. Zimurrei ongi eutsi die zientziak.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.