Neandertalak eta cromagnonak: bi gizateria, bi patu

Ezohiko unea bizi dugu gizakion eboluzioari dagokionez. Hainbat giza-espezie bizi izan dira Lurrean ehunka mila urtez. Egun, ordea, Lurrean bizi den giza leinuko espezie bakarra gurea da (Homo sapiens).

Neandertalak ia milioi erdi urtez bizi izan ziren kontinente zaharrean. Ondoren, gure espezieak hartu zion lekukoa, Europara duela 45.000 urte eskas iritsi zenak. Bi espezie hauek Ekialde Hurbilean elkartu ziren, eta milaka urtez antzeko teknologiak erabili eta kultur ezaugarri bertsuak izan zituzten. Bien arrastoak aurki daitezke Euskal Herrian. Gaur egun, klima-aldaketa bezalako erronka garrantzitsuak ditugunean esku artean, ez dago soberan gogoratzea gizateria ez dagoela suntsipenetik salbu.

Asier Gómez Olivencia Giza Paleontologian doktoreak bi espezieen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertuko ditu “Neandertalak eta cromagnonak: bi gizateria, bi patu” hitzaldian, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrietako Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak dibulgatzeko antolatzen duten “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloaren barruan. Saioa urtarrilaren 15ean izango da, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian. “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloko hitzaldi hau, Kultura Zientifikoko Katedraren hamargarren urteurreneko lehenengo ekitaldia izango da, aurten 10 urteko ibilbidea betetzen baitu 2010.ean sortu zen erakundeak.

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, urtarrilaren 10etik aurrera. Gonbidapenak goizez zein arratsaldez jaso daitezke astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Hizlaria

Asier Gómez Olivencia Giza Paleontologiako doktorea eta garezur-osteko hezurduren analisian trebatutako aditua da. Ikertzaile ibili da Camdridgeko Unibertsitatean eta Frantziako Historia Naturalaren Museo Nazionalean. Ramón y Cajal programako ikertzailea da eta 2014an Ikerbasqueko ikertzaile gisa hasi zen lanean UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean. Ikertzaile eta taldeko buru gisa parte hartu du nazioarteko ikerketa-taldeetan. Egindako ikerketen artean, berariaz nabarmen daitezke Pleistozenoan Iberiar Penintsulan elur-oreinik ba ote zegoen zehaztea xede zuena edota, Kebarako (Israel) aztarnategiko arrasto fosiletatik abiatuta, neandertal baten toraxa 3Dan berregitea lortu zuena.

Sarrera: librea, doakoa baina gonbidapenarekin

Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, urtarrilaren 10etik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.

Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dute KulturguneaTB bitartez.

Xehetasunak

Data:
2020ko urtarrilaren 15a
Ordutegia:
19:00etatik 20:30etara

Egoitza

Tokia:
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea:
Bidebarrieta, 4
Hiria:
Bilbo

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>