Zein da giza-koronabirusen jatorria? Atzera begiratuz eta gure planetaren historia aztertuz, etorkizunean akats berberak ez errepikatzeko gai izango da gizateria? Zalantza horiei erantzuten saiatuko da Darwinen Egunaren hamabosgarren edizioa. Otsailaren 12an, zientzia eta ezagutzaren zaleek bete beharreko hitzordua dute, 2007az geroztik etengabe errepikatu izan dena. Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria osatu zuen Charles Darwin zientzialariaren jaiotza gogoratuko dute berriro ere.
Otsailaren 12an, ostirala, 18:30ean, hitzaldi bana emango dute Bidebarrieta Liburutegian, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko (egungo Geologia Saila) irakasle titularra izandako Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoak eta Guillermo Quindós Andrés UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologiako katedradunak. Ekitaldia zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da, online zein liburutegian bertan.
Darwinen Egunaren hamabosgarren edizio honetan ere, “eboluzioa” izango da hitzaldien ardatz nagusia, alde batetik, Lurraren historian gertatu diren aldaketa globalak aztertuz, eta bestetik, giza-koronabirusen jatorrian eta bilakaeran sakonduz. Bertaratutakoek gizateriaren zein planetaren etorkizunaz gogoeta egiteko aukera izango dute.
Lehenengo hitzaldian, “Aldaketa globalak Lurraren historian: norantz goaz?” izenburupean, Estibaliz Apellaniz gure planetaren iragana arakatu eta historiak hutsegiteak ez errepikatzeko ematen dizkigun irakaspenak ateratzen saiatuko da hausnarketa horretatik.
Bigarren hitzaldian, “Giza-koronabirusen jatorria eta eboluzioa” aztertuko ditu Guillermo Quindósek, egun puri-purian dagoen koronabirusen inguruko kezkari helduz Komunitate zientifikoak pandemia bat gertatzeko arriskuaz ohartarazi zuen arren, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindakao berealdiko kolpea izan da biztanleria osoarentzat. Hala ere, oraingo hau ez da gizakiari eragin dion lehendabiziko koronabirusa. Quindósek hiru pandemia mehatxagarri ekarri dizkiguten koronabirus berri horien jatorria, bilakaera eta hedapena aztertuko ditu hitzaldian.
Gonbidapenak
Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan dago. Darwin Eguneko ekitaldia doakoa da eta zuzenean zein streamingez ikusi ahal izango da.
Bidebarrieta Liburutegian zuzenean jarraitzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera online eskatzea Bilbao Kultura webgunearen bitartez. Streaming bidez ikusi nahi duenak KulturguneaTB kanalera konektatuz egin dezake
Hizlariak
Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoa eta UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko (egungo Geologia Saila) irakasle titular erretiratua da. Gainera, Goi Kretazeoko eta Paleogenoko gertaera paleoklimatikoak, paleoekologikoak eta paleobiologikoak ikertu ditu, batez ere mikrofosilen azterketan oinarrituta.
Guillermo Quindós Andrés Mikrobiologiako Katedraduna da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Bere karreran, 22 Doktorego Tesi zuzendu eta Mikrobiologia eta Gaixotasun Infekziosoei buruzko 300dik gora argitalpen idatzi ditu. Zientzia dibulgazioan ere dihardu zenbait komunikabidetan.
Aldaketa globalak Lurraren historian eta koronabirusen eboluzioa Darwinen Egunean
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Bidebarrieta Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta, 4, Bilbo