Itziar Aretxaga: nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi duen astrofisikaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Itziar Aretxagak unibertsoaren sekretuak ezagutzeko asmoz ikasi zuen astrofisika. Bilbon jaio zen eta umetan argi izan zuen zientzialaria izan nahi zuela. Fisika ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta lehen hiru urteak bertan egin eta gero, Madrilera joan zen ikasketak amaitu eta astronomian espezializatzeko. Irakasle lanetan ere ibili izana da baina bere ibilbidea ikerketara lotua dago. Cambridgeko Unibertsitatean eta Alemaniako Max Planck Astrofisikarako Institutuan egon ondoren, 1998tik aurrera Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionalean ari da lanean eta egun, bertako Astrofisika Saileko burua da.

1. irudia: Itziar Aretxaga astrofisikaria.
1. irudia: Itziar Aretxaga astrofisikaria.

38 ikertzaile, tesia egiten ari diren 50 bekadun eta 27 teknikariz osatutako lantaldea gidatzen du. Egunean zehar hamar ordu baino gehiago lan egiten duela aitortzen du. Baina egiten duen lanarekin disfrutatzen du. Uhin milimetrikoetarako doituta dagoen munduko irrati-teleskopio handiena du lanerako tresna, Mexikoko Sierra Negra (Tlitepetl) sumendiaren gainean dagoen Teleskopio Milimetriko Handia. 4.600 metroko altueran dago kokatua teleskopioa eta Itziar Aretxagak, besteak beste, galaxia berriak antzemateko erabiltzen du. Jada 1.000 galaxia inguru deskubritu ditu eta zerura begira egoten den arren, oinak lurrean dituen emakume bizia da Itziar Aretxaga.

2014ko irailean Espainiako Astronomia Elkarteak Teruelen antolatu zuen XI. Jardunaldi Zientifikoetara etorri zen eta ondoren, etxean egun batzuk pasatu zituen. Hala ere, ez zen geldirik egon. Besteak beste, Berrizko BHI Institutuko ikasleei Unibertsoaren handitasunak txiki-txikiak egiten gaituela azaltzera hurbildu zen eta berarekin elkartu ginen, hitzaldia eman aurretik, haren lanaz hitz egiteko.

.- Zergatik zara astrofisikaria?

Unibertsitatean sartu nintzanean ez nuen oso argi astrofisika ikasiko nuela. Umetan, zientzietatik denak nituen gustukoak baina fisika batez ere. Bazegoen Carl Saganen programa famatu hau, Cosmos, eta horren eraginez gustatzen zitzaidan astrofisika. Baina interesgarria egiten zitzaidan ere, materia nola zegoen osatuta jakitea edota fisika nuklearra bera. Leioan hasi nintzenean ikasten, orduan ikusi nuen fisikako lerroetatik astrofisika zela gehiago interesatzen zitzaidana eta Madrilera joan nintzen lizentziatura amaitzera, bertan baitzegoen astrofisikako espezialitatea.

Mundu handiarenak eta mundu txikiarenak betidanik atentzio handia eman dit eta nondik gatozen eta nora goazen galderari hurbiltzeko eta erantzun bat emateko, astrofisika tresna hoberena iruditu zitzaidan.

.- Zertan aritu zara ikertzen?

Tesiarekin hasi nintzen galaxien nukleoei buruz ikertzen. Nukleo batzuetan oso prozesu aktiboak ematen dira eta prozesu horietan argi asko igortzen da, beraz prozesu horiek ikertzen hasi nintzen tesia egiterakoan.

Galaxia aktiboak deitzen direnak ikertu nituen. Hauek esplikatzen dira zulo beltzen inguruan sortzen diren prozesuei esker baina nik beste aukera bat ikertu nuen: ea zulo beltz erraldoi horien inguruan dauden izarrek sor ditzaketen horrelako argi distira eta argi aldaketak. Egindako lanean ikusi genuen aldaketa ikusgai eta infragorriak, hau da, orduan behatzen ziren argi aldaketa horiek, posible zirela supernoben bidez esplikatzea. Antzeman genuen oso posible zela izarretan gertatzen ziren prozesuek azaltzea ikusten genituen argi aldaketak.

.- Tesia egin ondoren, zein izan da zure ibilbidea?

Gure esparruan oso garrantzitsua da espezializazioa, horretarako kanpoko unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan lan egitea oso garrantzitsua da eta Cambridgeko Unibertsitatera joan nintzan eta bertan eman nituen hiru urte neure ikerketa lerroa sakontzen eta beste ildo batzuk ere jorratzen. Bertan, quasarrak ikertu nituen. Hauek ezagutzen ditugun astrorik distiratsuenak dira eta quasarrak eta haien galaxiak ikertzen ibili nintzen.

Ordutik aurrera inoiz ez naiz bueltatu Euskal Herrira lan egitera. Atzerrian izan ditut aukera zabalenak eta kanpoan gelditu izan naiz lanean. Cambridgetik Max Planck Institutura joan nintzan lanera. Bertan ikerketa lerroarekin jarraitu nuen, nire espezializazioarekin jarraitu nuen, eta quasarrekin eta galaxiekin jarraitu nuen, baina galaxien sorrerarekin zerikusia zuten gaiekin hasi nintzen lanean.

Galaxien bilaketak nola egin zitezkeen ikertzen hasi nintzen eta murgildu nintzen baita ere supernoben buruzko lerroan. Izan ere, supernoben inguruan gauza asko zeuden ikertzeke. Adibidez, zenbat energia bota zezaketen gehienez jota edota ze argi aldaketa izan zezaketen denbora luzean.

.- Gaur egun, Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionalean ari zara lanean puntako teknologiarekin, Teleskopio Milimetriko Handiarekin. Teknologia berebizikoa da astrofisikari baten lanean?

Teknologia beharrezkoa dugu baina argitu nahi dut guk geuk eragiten dugula teknologia berria, guk garatzen dugula teknologia ikertu nahi dugun hori aztertzeko. Teleskopio berri bakoitzak izaten du barnean salto teknologiko bat bere oinarrian, ikerketa urrunago eramateko. Teknologia beharrezkoa da gure lanean, nahi dugun hori ikertzeko, pausu bat gehiago emateko ikerketan. Honen baitan, gure zentroan teknologia berria garatzen ari gara. Oraindik guztiz bukatu gabe dagoena, prezisio handiko teleskopio handiena sortzen ari gara, oso-oso urrun dauden galaxiak aurkitu ahal izateko, besteak beste.

Teleskopiorik handiena izanik, oso urrun dauden galaxiak aurkitzeko ahalmena izango du baldin eta galaxia horietan hauts kosmikoa badago. Zeren bere gaitasun bat da uhin milimetrikoak erregistratzea eta uhin horiek igortzen dituzte oso hotz dauden materialek. Hau da, izarren jaiotzan sortzen diren guneetan hautsez inguratuak dauden material horiek.

.- Mexikon 16 urte eman dituzu lanean, ikertzaile legez hasi zinez Institutuan eta gaur Sail bateko burua zara, 100 pertsonatik gora duen lantalde bat gidatuz. Emakumea izatea oztopo bat suposatu izan du zure karreran?

Nik zuzenean ez dut inoiz nabarmen sumatu. Mexikon lortu dut ikerkuntzarako errekonozimendu-mailarik altuena eta ni neu ezin naiz kexatu, baina egon badaude hainbat ikerlan emakumeen ibilbide profesionalaren inguruan gertatzen direnak jasotzen dituztenak. Nik idatzi izan dut honetaz baita ere. Gure arloan, gehienok ez dugu horrelako arazo larririk sumatu izan gure ibilbidea jorratzeko, baina gero zenbakiak ikusten dituzunean eta estatistikak aztertuz nabaritzen da arazoak badaudela. Zeren, zientzialari gazteen artean, hasierako une horretan, emakume asko izaten dira baina behin karguetan gorantz eginez gero, katedradunen artean zenbat emakume dauden ikustera joanez gero, emaitzak ematen dizu oso gutxi daudela. Mexikoko datuak ere bat datoz egoera orokorrarekin eta edozein jakintza-arlo aztertzen delarik ere, errekonozimendu handieneko karguetan emakume gutxi daude.

.- Zein da zuen sailak duen helbururik nagusiena?

Gure zentroa, Mexiko barruan, puntakoenen artean dago. Gure parekoak diren astrofisikako beste bi sail daude Mexikon, biak Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan. Baina nazioarte mailan aurrera egitea dugu helburu. Teleskopio handietan gure sozioak diren Floridako Unibertsitatearekin, Kanarian dagoen Institutu Astrofisikoarekin eta Massachusettseko Unibertsitatearekin batera egotea nahi dugu etorkizunean, hurrengo hamar edo hamabost urteetan. Horretarako ahaleginak egiten ari gara, horietako bat teknologia berrian inbertitzea da. Hori dela eta ari gara eraikitzen Teleskopio Milimetriko Handia, ikerketa ona eta aurrerakoia egiteko. Talde bezala, gehienok ikerketa ona egitea dugu helburu, egindakoa jakinarazi aldizkarietan beste ikertzaile batzuk erabili dezaten gure lana euren ikerketan.

2. irudia: Itziar Aretxaga astrofisikaria Berriz BHI Institutuko ikasleei Unibertsoa nolakoa den azaltzen.
2. irudia: Itziar Aretxaga astrofisikaria Berriz BHI Institutuko ikasleei Unibertsoa nolakoa den azaltzen.

.- Espainiako Astronomia Elkarteko XI. Jardunaldi Zientifikoetan parte hartu duzu. Zer da bertan aurkeztu duzuna?

Bertan aurkeztu dut oraintxe bertan Teleskopio Milimetriko Handiarekin egiten ari garen mapa berri bat. Oraindik ez dugu bukatu baina jadanik aurkitu ditugu zenbait galaxia oso-oso interesgarri eta horri buruz hitz egin dut kongresu honetan.

Teleskopio honekin sakonago joan gaitezke eta duen diametro handiari esker, bereizmen handiagoa du. Horrekin ikus ditzakegu galaxiak hobeto, lehengoarekin konparatuta. Orduan gai izan gara zenbait galaxia berri aurkitzeko. Baina oraindik zalantzatan gaude, ea horietako batzuk oso-oso urrun egonik, urrunenak topatu ote ditugun edo galaxia normalagoak diren. Hau da, ea hain urrun ez dauden galaxiak diren baina horietan ezohizko hauts oso hotza dagoen. Beraz, ez dugu guztia antzematea lortu eta aurkitutakoak bi aukera horietatik zeini dagokien ikertzen ari gara.

.- Gaur institutuko ikasleei Unibertsoaren dimentsioaz hitz egitera etorri zara. Ba al dakigu benetan zelako txikiak garen?

Neurri fisikoan badakigu zein txikiak garen. Baina hortaz jabetzea, neurria antzematea, agian ez. Niri hitzaldi hau ematea asko gustatzen zait, testuinguruan jartzen laguntzen digulako. Izan ere, gure problemak handiak dira guretzako baina konturatzen garenean Unibertsoa zein handia den eta gu zein txikiak, umiltasun ikasgai bat jasotzen dugula dirudi. Eta ondorioz, gure arazoak, egunerokoak testuinguruan jartzen laguntzen digu.

Unibertsoa zein handia den ezagutzeak zein txikiak garen ikustera garamatza eta horrek umilak izaten laguntzen digu. Alde batetik, txiki-txikiak gara baina beste alde batetik, handiak, hori guztia deskubritzeko gai izan delako gure gizartea. Eta hortaz ere, harro egon behar dugu.

Oharra:

Eskerrak eman nahi dizkiet elkarrizketa hau posible egin duten Mikel Ortiz de Etxebarria (@eztabai) irakasleari. Berak eman zidan Itziar Aretxaga Institutura joango zenaren berri eta zentroko ateak zabaldu zizkidan. Eskerrik asko ere Berriz BHIko irakasleei, eskainitako arretagatik. Eta nola ez, Itziar Aretxaga (@ItziMex) astrofisikariari bera ezagutzeko aukera emateagatik. Mila esker guztioi!


Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.