Cádizen jaio eta hazi zen. Ingurugiro Zientziak ikasi zituen haren herriko unibertsitatean eta oporraldietan hainbat borondatezko praktikak egin zituen ingurugiro alorrean. Boluntario sasoi bat Migres Fundazioan egin zuen, honek, hegaztien migrazioak aztertzea du helburu eta bertan piztu zitzaion ornitologiarekiko interesa. Universitat de Valèncian espezializatu zen Kontserbazio eta Biodibertsitate graduondokoa eginez, hegaztiei eraztunak ipintzeko lizentzia lortzeko prestatzen zen bitartean. Lizentzia hau SEO/BirdLife elkarteak kudeatzen du estatu mailan eta Euskal Herrian, Aranzadi Zientzia Elkarteak du honen ardura.
Egun, Urdaibai Bird Centerren dihardu lanean hegaztien eraztunketa zientifikoa gauzatzen. 28 urte ditu, ornitologoa da eta txori-hazlea dela esaten du lagunartean dagoenean. Biziki maite du, emakume gutxi dagoen alor hau: ornitologia. Egiten duen lanaz disfrutatzen du, bere hobbya eta pasioa baita. Eta horren adierazle dira bere bloga, Only Birds eta baita ere sare sozialetan azalarazten duena, bertan erakusten baitizkigu egunero aztertu eta eraztundu dituen hegaztiak.
2014an, Urdaibaiko paduratik pasa ziren 8.000 hegazti kontrolatu, aztertu eta eraztundu zituen. Horien artean txio arrunta (Phylloscopus collubita) eta lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaeus) aipatu daitezke, eta baita ere, azken urtean umealdi oparoa izan duen amilotx urdina (Parus caeruleus). Baina aipatzen duenez, inbasio biologikoak direla eta, inguruan arrotzak diren espezieak ere izan ditu eskuartean, esaterako, urretxindor japoniarra. Hauek bertako hegaztiekin lehian ibili dira tokia eta janaria lortzeagatik eta, horrez gain, txori autoktonoek gainditu ezin dituzten gaixotasunekin infektatzeko arriskuan jarri dituzte.
Ornitologo honen lantokira hurbiltzen gara, Israelen dagoen nazioarteko eraztunketa-estazio batera joateko maletak prestatzen ari den unean. Bertan bi migrazio-fluxutik eratorritako hegaztiekin lan egingo du, Asiatik eta Europatik datozenekin. Carmen Azahara ornitologoa dugu bera.
.- Ornitologoa zara eta zure lan nagusia hegaztien eraztunketa da. Lan hau egiteko ez da beharrekoa titulazio zehatza, lizentzia bat baizik. Zein da lizentzia hau?
Ikasketak hasi nituenean, ornitologoa izateko eraztunak jartzeko lizentzia beharrezkoa zela pentsatzen nuen, baina ez da horrela. Eraztunketa, batez ere, hegaztiak aztertu, ikertu eta xakitu edo markatzeko egiten den manipulazioa da eta lizentzia duen edonork egin dezake. Nire eraztunketa lizentzia irabazi-asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du, SEO/BirdLifek. Lizentzia lortzeko azterketak bi zati ditu, gidatzeko baimenaren antzera, praktikoa eta teorikoa. Bi urteko ikasketa-prozesua gainditu ondoren azterketetara aurkeztu nintzen eta biak lehen saiakeran gainditu nituen. Hori ez da bat ere erraza, eta oso harro nago egindakoaz.
.- Bi urtez egon zinen azterketak prestatzen eta graduondokoa egiten. Nola izan zen sasoi hura?
Valentzian nengoenez bertako eraztunketa-talde batekin harremanetan jarri nintzen, Pit-Roig taldea (txantxangorri valentzieraz) eta eurak lagundu ninduten formatzen. Hala ere, Valentziatik kanpora ere joan nintzen ikasteko asmoz. Izan ere, azterketetan estatuko edozein hegaztien inguruan galde dezakete eta gainontzeko tokietara hurbildu nintzen bertako hegaztiak ezagutzeko asmoz. Baina ez zen hori nire helburu bakarra, eraztunketa alorrean zebiltzan bestelako profesionalak ere ezagutu nahi nituen, guztiek egindako ekarpenak garrantzitsuak baitira eta modu horretan gauza berriak ikasteko aukera duzu.
Kasualitatez horietako toki bat izan zen hau. Horrela ailegatu nintzen Urdaibai Bird Centerrera, ni prestatzeko bideak aurkitu nahian. Sasoi hartan hegaztien eztei osteko jarraipena egiteko borondatezko programa bat zegoen zentroan, laguntza behar zuten horretarako, eraztunketan ziharduen jendea edota ikasten ari zirenak eta bertan gelditu nintzan. Hilabete bat eman nuen lan horretan eta hurrengo urtean ere bueltatu nintzan bertara.
Urdaibai Bird Centerren ezinbesteko laguntza eman zidaten. Liburuak mailegatu, aholkuak eman, nire eraztunketa-formazioan lagunduz eta abar. Behin azterketak aprobatuta telefonoz deitu nien lortu nuela jakinarazteko eta zoriontzeaz gain nire zain zeudela esan zidaten, lanerako behar nindutela.
.- Zelako izan zen azterketa praktikoa?
Eraztunketa-ariketa oso bat gauzatu behar da. Hau da, eraztunketa eguna antolatu osotasunez eta independentea zarela erakutsi behar duzu, ez duzula laguntzarik behar lana aurrera eramateko. Azterketak berak hainbat atal ditu eta bakoitza gainditu behar da, bat kolokan utziz gero, ez da azterketarik gainditzen. Osotasunean, sareak jarri, hegaztiak datatu eta erroldatu, txoriak maneiatu, eraztundu, egoki artatu eta bibliografia zuzen erabiltzean oinarritzen da proba.
.- Eta egun, zertan datza egiten duzun eraztunketa-lana?
Hegazti bati eraztuna jarriz gero, animalia bereizi egiten duzu. Izan ere, txori talde bat ikusten duzunean ez dakizu zein den zein, denak berdintsuak dira. Eraztunaren bidez haren nortasun agiri propioa ematen diogu. Eraztunean hegaztiaren serie-zenbakia bakarra dugu eta behin jarriz gero, handik aurrera zehatz-mehatz dakigu zein animalia den. Horri esker hainbat datu eskuratu daitezke: nondik nora dabiltzan, haren osasuna nolakoa den, zenbat urte bizi diren, eta abar. Eraztunketa zientifikoa behar-beharrezkoa da datu hauek ezagutzeko eta hegaztiak aztertzeko.
.- Nola hurbiltzen zara hegaztiengana eraztuna jartzeko?
Eraztundu nahi den hegaztiaren arabera, hainbat teknika ditugu eskura. Esaterako, hegazti txikiak badira gure helburu, sare japoniarrak edo laino-sareak izena duten sareak erabiltzen ditugu. Japoniarrak esaten zaie, jatorriz bertakoak direlako eta lainozkoak deritzogu, fin-finak direlako eta txoria hegan doanean ez duelako ikusten berau. Behin sarearekin tupust egiten duenean, bertan dauden patriketan jausten dira eta barruan gelditzen dira. Ondoren, bertatik atera eta oihalezko poltsa ilun, opaku baina transpiratzen duen baten sartzen ditugu. Iluntasunean lasaitu egiten dira eta eraztunketa-mahaira eramaten ditugu aztertzeko.
Bertan, lehenik eta behin eraztunik duten ikusten dugu. Horrela balitz nondik datozen aztertzen dugu, atzerritik edo inguruko tokiren batetik etorritakoak diren finkatzen dugu. Eraztuna atzerrikoa bada, bidaltzailearen helbidea irakurtzen da, jatorria eta noizkoa den. Eraztunik ez balu, txoriaren neurrikoa den bat jartzen diot baina aurretik, zein espeziekoa den, sexua, adina eta osasunez nola dagoen jakiteko miaketa egiten diot. Osasunari dagokionez, bidaia egiteko koipe nahikorik duen ikusten dut, hegan egiteko giharra nola duen aztertu, hegoen neurriak hartzen dizkiot eta azkenik, pisatu egiten dut. Hori da ohiko prozesua. Horrez gain, bestelako adierazleak ikertzea behar izanez gero, gainontzeko probak egiten dizkiegu. Ondoren, berriz libre uzten ditugu.
.- Zer egiten duzu biltzen dituzun datu horiekin?
Behin datuak jasota ordenagailura pasatzen ditut, programa informatiko baten artxibatu eta urtero Aranzadi Zientzia Elkartera bidaltzen dugun txostena lantzen dugu. Aranzadik kudeatzen ditu datuok eta Euring elkartearekin (The European Union for Bird Ringing) partekatzen ditu. Elkarte hau da herrialde guztietako datuak koordinatzen dituen erakundea. Koordinazio hau, batez ere, garrantzitsua da txoriak berriz harrapatzen ditugunean. Berrarrapaketen kasuan, norbaitek neuk eraztunduko hegazti bat antzemanez gero, datuak pasatzen dizkigute eta nondik nora bidaiatu duen, nondik pasatu den, zenbat denbora tardatu duen eta beste hainbat gauza aztertzeko aukera paregabeak ditugu.
.- Zein da eraztunketa zientifikoan jasotzen duzuen daturik garrantzitsuena?
Eraztunketa zientifikoaren bidez datu ugari lortzen ditugu, baina garrantzitsuena, batez ere, migrazio-bideei buruzko datuak dira. Nondik pasatzen diren, noiz, zenbat denbora ematen duten bidean ezagutzea oso garrantzitsua da. Kontuan izanik, migrazio-bideak ez direla egonkorrak, denborarekin aldatzen doazela, dudarik gabe hau da daturik garrantzitsuena. Horregatik ikertzen ditugu fluxuak.
Izan ere, ba al zenekien espezie berdineko indibiduoak izan arren, horietako batzuk urtero ibilbide desberdina hautatzen dutela? Edota espezie berdineko txoriak izan arren, guztiak ez direla toki berberetik joaten? Ezagutzen ez ditugun, eta ikertzeke dauden, makinatxo bat gauza ditugu oraindik.
.- Azterketak gainditu ondoren, Urdaibai Bird Centerren zure zain zeundela esan zizuten. Jada urtebete baino gehiago daramazu bertan. Zein da zentroan egiten duzun lan zehatza?
Bi zeregin nagusi ditut, eraztunketarako esfortzu iraunkorreko estazioen mantenua eta hegaztien eraztunketa. Izen hori dute estazioek, eraztuna jartzeko modua oso zehatza delako. Honetan, sare kopuru zehatz eta berdina erabiltzen da, toki finkoetan (ez dira tokiak aldatzen joaten) urte osoan zehar. Teknika honen bidez datuak erkatu litezke eta hegaztiak markatu eta berrarrapatzetik urrunago goaz. Ikerketa konparatuak egin ditzakegu: zein espezie ditugun sasoi baten edo bestean, nola aldatzen diren populazioak urteen poderioz, haziz edo gutxituz doazen… . Egunero hainbat toki desberdinetan antzemandako txoriak eraztunduz baino, informazio oparoagoa lortzen dugu esfortzu iraunkorreko estazioen bidez.
Horrez gain, kontuan izan behar dugu, estazio hauek hainbat habitatetan ditugula. Nik neuk hiru estazio iraunkor ditut, bat basoan, beste bat lezkan eta hirugarrena paduran. Laugarren bat ere izaten dugu ugalketa sasoian.
Nire lanaren zati handi bat da estazioak egoera optimoetan mantentzea. Izan ditut hainbat pasadizo ere, zuhaitzak gainera jausi izan zaizkidan egunak, sasitzak etengabe garbitzen pasa ditudan egunak berehala hazten zirelako, sareetan egindako zuloak josten pasatu ditudan orduak. Estazioen mantenu lanak ordu asko behar ditu.
Eta horrez gain, gida ornitologikoa naiz. Urdaibai Bird Centerrera datozen bisitariek bertan lanean diharduen ikertzailearekin hitz egiteko aukera dute. Ikusi dutenaren bueltan, jakin-mina asetzeko, zalantzak argitzeko, edozein gauzari buruz hitz egin dezakete nirekin. Hau benetan gustukoa dut. Izan ere, bisitariak poziago joaten dira hemendik tratu pertsonalizatu baten ondoren eta eraztunketaren xehetasunak ezagutu ondoren. Behin jakinda hegazti bati nola ipintzen diogun eraztuna, prozesuak ez diela ematen inolako minik, ez sufrimendurik eta eraztuna bera pisu gutxiko zerbait dela, bisitariak pozik doaz. Sarritan esaten diet, zuk daramazun eskukoa edota eraztuna bezalakoa da jartzen dioguna. Zuri molestatzen dizu? Ez, ezta? Txorien kasuan ere berdin, ez die kalterik sortarazten.
.- Zein da zure helburua lana aurrera eramateko orduan?
Helburu garbia dut, uneoro zer gertatzen den jakitea. Hori da nire helburua eta hegaztiek horren berri ematen didate, gertatzen dena kontatzen didate. Urdaibaiko hezegunea Gautegiz Arteagako paduren berreskurapenaren baitan dagoen egitasmoa da. Horren baitan, hain toki txikian habitat desberdinak lortzeko kudeaketa lana gauzatu behar dugu. Eta, hegaztiek lan ona edo eskasa egiten ari garen esaten didate, horren berri ematen didate.
Esaterako, migrazio-bidea jarraituz hona ailegatzen diren txoriak bigarrenez harrapatu eta aztertzen ditudanean pisua irabazi dutela ikusten badut, migrazioari berriz ekiteko koipe gehiago dutela antzematen badut, orduan guztia ondo dagoela dakit. Perfektu! Urdaibaik euren bidaiarekin jarraitzeko behar duten guztia ematen diotela seinalea da hori. Aldiz, koipea galtzen badute badakit gauzak ez doazela bide onetik eta zerbait aldatu eta hobetu beharrean gaudela.
.- Zein da gehien ikertu duzun hegaztia?
Enera da sakonen ikertu dudan hegaztia. Honi buruzko datuak dira gehien bildu ditudanak. 2014an 8.000 hegazti eraztundu nituen, horietatik 4.000 enarak ziren. Espezie honen inguruko ikerketa intentsiboarekin aurrera jo nahi dut. Izan ere, bera izendatu zuen SEO/BirdLife elkarteak 2014. urteko hegaztia, modu kezkagarrian gutxitu baita enara kopurua. Enaren galerak harreman zuzena du bertan behera utzitako hainbat jardunekin. Euskal Herrian, adibidez, baserriak uztearekin edota baserriko lanen galerarekin zerikusia du enaren desagertzeak.
.- Carmen, ornitologian ez ditugu emakume asko antzematen.
Emakumezko bati esfortzu eta ahalegin gehiago eskatzen dion alorra da gurea. Balio duzula frogatu behar duzu uneoro eta gizonezkoei ez zaie berdin gertatzen. Gizonek jakin badakitela, zertan dabiltzan badakitela suposatzen zaie. Guretzako azterketa iraunkorra da, lanean beti erne eta tinko egon beharra dugu. Zer egiten duzun badakizula demostratzen egon beharrak presio asko eragiten du.
Egia esan, arazo hau ez nuen bizi unibertsitatean nengoen bitartean. Han ezagutzak, irizpideak, kontzeptuak jasotzen dituzu eta egoki barneratu dituzula “jakitera” eman behar diozu irakasleari azterketaren bidez. Unibertsitatea amaitu ondoren, handik kanpora aurkitu nuen arazoa. Uste dut hori dela emakume ornitologo gutxi egotearen arrazoia. Horrek asko mugatzen gaitu. Beraz, alor honetara hurbiltzen diren emakumeak bokazio handi batek bultzatuak ematen dute pausua.
Bitxia da, sare sozialetan, esaterako Facebooken, emakumezkoak diren oso adiskide gutxi ditut. Argazkilariak, ornitologoak eta bestelakoak gizonezkoak dira gehien bat. Ornitologiako foroetan emakumeak aurkitzea oso deigarria da, baina honako bilguneetan gutxi bagara ere, emakumeen parte hartzeak adierazten du guk ere gustuko ditugula hegaztiak.
Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”
1 iruzkina
[…] Planetak, haziak eta orain hegaztiak. Urdaibaiko paduren inguruan kokatuta dugu hegaztiei buruzko interpretazio zentroa den Urdaibai Bird Center. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban kokatuta dagoen zentro honetan hegaztiei buruzko ikerketa eta dibulgazio-lanak eramaten dituzte aurrera. Bertan ikertzen diharduen Carmen Azahara ornitologoarekin […]