Asteon zientzia begi-bistan #132

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

filbert-weevil-106114_1280

Fisika

Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPCko) zenbait ikertzailek, Cambridgeko Unibertsitatearekin elkarlanean, munduko lenterik txikiena eraiki dute. Javier Aizpurua izan da argia atomo bat baina dimentsio txikiagoetan kontzentratzeko gai den lentea sortu duen ikerketaren alor teorikoen burua. Ikertzaileek azaltzen dutenez, eroankortasun altuko urrea erabili dute aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko. Barrunbe hau – ‘piko-barrunbe’ deitua – urrezko nano-egitura batean atomo bakarreko konkor batez osatuta dago, eta argia konfinatzen du metroaren mila milioirena baina neurri txikiagoetan. Irakurri artikulu osoa hemen:

Ingeniaritza

R programarekin itsas energia nola irakasten den jakin dezakegu artikulu honen bitartez. Pakete batzuk daude, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituztenak, edo maps eta mapdatapaketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituztenak; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketeak; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDFpaketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko. Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dute iturri gisa ere, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Azken finean, itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko gai da programa.

Biologia

Iraia Muñoak irabazi du Txiotesia lehiaketako sarietako bat. Epigenetikaren inguruko tesia idazten ari da eta lan hori sei txiotara laburtzea lortu du. Ikertzaileak dio tesia egiteko lau urte dituztela eta denbora horretan “gauza asko” egiten direla. Beraz, “hori sei txiotara laburtzea zaila da”. Gaia erraz uler zedin, istorio txiki bat asmatu du: “Hori izan zen nire erronka, erraz ulertuko zen zerbait egitea”. Dibulgazio lanari dagokionez, Muñoak dio zientzia sare sozialetan gero eta gehiago lantzen dela: “Zientzia jendearengana eramaten lan handia egiten ari dira”.

Ingurumena

Klima eta elikadura elkarri lotuta daude. Kutsaduraren eraginez, areagotzen ari da klima-aldaketak abereetan ala landaredian duen eragina. Berrian azaltzen digute afera: IPPC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, klimaren auziak eragin zuzena izango du osasunaren eta elikaduraren kalitatean. Nekazaritzari dagokionez, iragarri ezinezko ekintza izango da landatzen den uzta batuko den ala ez. Klimagatik ez, globalizazioaren eraginez aldatu da elikatzeko era. Eta kontsumoak sortutako kutsaduraren ondorioz, aldaketak izango dira nutrizioan. Unai Aranguren EHNE-Bizkaia sindikatuko kideak honakoa irizten dio: “Klima aldaketarekin aukera bat ikusi dute multinazionalek. Eta aurkitu dute horri aurre egiteko erantzuna: Klimatikoki inteligentea den nekazaritza (CSA) izenarekin bataiatu dute proposamena. Baserritarrei hazi “bereziak” eskaintzea du helburu CSAk. “Klima aldaketei aurre egiteko eta uzta bermatzeko gaitasuna duten haziak sortu dituzte”.

Sahara basamortu idor eta gogor bat bezala ezagutu dugu baina ez da horrela izan beti. Orain dela 5.000 urte inguru, gauzak okertzen hasi ziren, eta berde koloreko paradisuak hauskararantz jo zuen pixkanaka. Klima-aldaketa hori hobeto ulertzeko aukera izan dugu ikerketa baten bidez. Zehazki, Saharako hautsak azken milurtekoetan Ipar Afrikako prezipitazioetan zer rol bete duen aztertu dute adituek. Lortutako emaitzek diote duela 16.000 urte, azken Izotz Aroaren amaieran, inoiz baino hauts gehiago zegoen, gaur egun dagoena halako bi. Duela 11.000 eta 5.000 urte arteko aldian, berriz, gaur dagoen hautsaren erdia. Zeru oskarbiak eguzki argi gehiago pasatzeko bidea eman zuen, eta horrek, berriz, ozeanoaren tenperaturen gorakada ekarri zuen. Beroago egonda, ozeanoak ur lurrun gehiago sortu zuen, eta, horrekin batera, montzoi handiagoak izan ziren. Soka luze horren muturrean bizitzan blai eginda zegoen Sahara berdea topatu dute zientzialariek. Ondoren, hauts kopurua berriro igo eta basamortua nagusitu zen.

Geologia eta estratigrafia

Gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia identifikatu dutela uste dute Kanadako ikertzaile batzuek. Jordanian gertatu zen, orain dela zazpi mila urte, kobrearen erauzketaren ondorioz. Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldean topatu dute ibaia. Amaia Portugalek azaltzen digu ibaiak dagoeneko ez duela emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daudela. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak.

Biologia

Ia 400 arrain-espeziek har dezakete arnasa airean, ur gezetakoak gehienak. Horietako gehienek brankia funtzionalak mantendu dituzte eta, beraz, uretan ere har dezakete arnasa. Gehienetan, uretako oxigeno-kontzentrazioa jaisten denean hasten dira airean arnasa hartzen. Arrain zenbaitek, hala ere, ez dute airean arnasa hartzeko organo berezirik; aingirak kasu. Anguilla rostrata, esaterako, oxigeno-beharren % 60 larruazaletik hartuz asetzen du, eta ahotik gainerako % 40a. Airean arnasten duten arrain gehienek, digestio-aparatuaren zati bat (hasierakoa) erabiltzen dute oxigenoa hartzeko. Badira, adibidez, urdaila erabiltzen duten arrain batzuk. Beste zenbaitek hestearen inbaginazioak diren igeri-puxiken bitartez hartzen dute arnasa. Arrain horiek, arnas egiteko, airea hartu ondoren ahoa itxi eta atzera bultzatzen dute aho-barrunbea konprimituz. Horri esker iristen da airea igeri-puxika, urdail edo hesteraino, eta gero uzkitik kanporatzen dute.

Geodinamika

Zer dira Mantuko luma gorakorrak? Testu honen bidez, horrekin lotutako hainbat kontzeptu historiko berrikusiko dira, eta hipotesia sortu zen zientzia-egoeraren berri emango da era berean. Plaka-tektonika, eta kontinenteen jitoa hedatu aurretik aipatu izan zen lurrazalaren azpian konbekzio-korronteak egon zitezkeela. Lehendabiziko aipamena William Hopkins matematikariak eign zuen baina Osmond Fisher izan zen mantuko konbekzioa egitura geologikoen eragile gisa erabiltzen lehena. Orduko teoria nagusiak esaten zuen Lurra hoztean gertatutako uzkurduraz sortzen zirela mendikateak; Fisherrek aldiz, iradoki zuen lurrazalaren azpitik geruza mehe likidoa zegoela eta gaineko lurrazalak mugitzean mendikateak sortuko zituela. Badaude aldiz plaken barne eremuetan zein plaken arteko mugetan gertatzen diren hainbat “prozesu magmatiko anomalo” (gandor aseismikoak, basalto-plataformak, dike sare-erraldoiak,…), ereduan azalpenik aurkitzen ez dutenak. Sortutako galderei irtenbideren bat emateko, luma gorakorren eredua plazaratu zen. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu!

Historia

Marie Curieri buruzko bitxikeriak topatuko dituzu artikulu honetan. Argian kontatzen da Mariek koadernoetan jasotzen zituela lortzen zituen emaitza guztiak “modu obsesiboan”: Pierren alkandora egiteko erabilitako oihalaren prezioa dakigu koadernoei esker. Adibidez, Irène alaba zen Marieren etxeko aztergai kuttunetakoa. Alabaren buruko diametroa aldiro neurtzen zuen kurrikak erabiliz, eta emaitza txukun idatzi. Polonioa aurkeztu zuten hilabete hartan bertan, Irènek “gogli gogli go” esan zuen eta 1899ko urtarrilean hamabost hortz-hagin zituen. Sukaldea ere laborategia zen Nobel saridun bikoitzarentzat. 1898an bertan, andere-mahatsen jelea prestatu ondoren, errezeta/esperimentu hau idatzi zuen koaderno batean. Nobel saridunaren bitxikeria gehiago topatuko dituzu Marie Curieren lanbidearen ajeak artikuluan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.