Kanpoko ikusle bat Euskal Herrira etorriko balitz eta hemengo unibertsitate-sarea nola eratu den jakin nahiko balu, erraza litzateke erantzuna: hiru unibertsitate publikok (EHU, NUP eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak) eta hiru unibertsitate pribatuk (Deustukoa, Nafarroakoa eta Mondragon Unibertsitatea) osatzen dute gure unibertsitate-sistema. Gure bisitaria harrituta geratuko litzateke, aldiz, ehun eta berrogei urte atzera joz gero, bat bera ere ez lukeela aurkituko entzutean; izan ere, Erdi Aroan eta Aro Berriaren hasieran sortutako Iratxeko, Iruñeko edo Oñatiko unibertsitateak desagertuta eta berriak sortu gabe zeuden garai hartan.
Euskal gizartea eta bertako agintariek ondo asko ohartu ziren unibertsitatearen garrantziaz, eta behin eta berriz eskatuko zioten Hegoaldeko ordezkariek Espainiako gobernuari unibertsitate publiko bat. Nafarroako aldundiak 1866. urtean egindako eskaera da ezagunenetarikoa: “Universidad Vasco-Navarra” eratu nahi izan zuten. Hainbat helburu zituen eskabideak: batetik, euskal ikasleek etxetik hurbil ikasi ahal izatea arrazoi moralengatik (atzerri-giroaz kutsatu ez zitezen) eta ekonomikoengatik, eta, bestetik, euskal gizartearen garapena bultzatzea. Madrileko buruzagiek entzungor egin zioten eskariari, eta denbora asko iragan zen nahi hori gauzatu baino lehen. 1886an sortu zen Deustuko unibertsitatea eta 1897an Bilboko Ingeniari Industrialen Eskola.
Aldarrikapenak indar berezia hartu zuen hogeigarren mendearen lehen urteetan, ekonomiaren garapenak, hazkunde demografikoak eta abertzaletasunaren zabalkundeak bultzatuta.
1916an, Bartzelonako Unibertsitateko Kimika katedraduna zen Agustin Muruak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Bilbon, eta bertan agerian utzi zuen egitasmo desberdinak zeudela unibertsitatearen eskaeraren atzean. Batzuek unibertsitate arrunta eskatzen zuten, Espainiako beste eskualdeetan zeudenen modukoa. Beste batzuek, ordea, Murua bera tarteko, unibertsitatearen erreferentziak atzerrian zituzten (Alemanian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan), eta irakaskuntza-eredu berria nahi zuten. Angel Apraiz gasteiztarrak hartu zion lekukoa Muruari, eta Eusko Ikaskuntzaren bitartez zabaldu zuen euskal gizarte osora. Unibertsitate-ereduak ez ezik, finantzaketak eta kokapenak ere zalaparta sortu zuten: batzuek unibertsitate-campus bakarra nahi zuten (Bilbon gehienen ustez, Oñatin gutxi batzuen aburuz) eta beste asko lau hiriburuetara zabaldutako campusaren aldekoak ziren. Gauza bera gertatu zen ikasketei zegokienez, ez baitzetozen denak bat ezarri beharreko ikasketak aukeratzerakoan; giro horretan, 1914an hasi ziren Bilbon Medikuntza fakultatea sortzeko lanak. Bestalde, Eliza katolikoak zer nolako eragina eduki behar zuen ere izan zen eztabaidagai. Unibertsitatearen aldekoek, oro har, bat egiten zuten autonomia-estatutuen egitasmoekin. Aurreko guztiak kontuan hartuta, ez da beraz harritzekoa unibertsitate publikoa sortzeko ahaleginak Espainiako gobernuaren ezezkoa jasotzea 1930era arte.
1931ko apirilean, Bigarren Errepublikaren etorrerarekin aldatu egin zen giro politikoa eta bultzada berri bat eman zitzaion Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapenari. Autonomiaren aldarrikapenaren baitan eta ikasleen mobilizazioak hauspoturik indartu zen euskal unibertsitatearen eskaria, baina berriro ere alferrekoa izan zen. Garai hartan, Bilboko egunkari batek azpimarratu zuen alde batera utzi behar zirela txokokeriak, zatiketak eta interesak, eta ez zirela berriztu behar lehenago euskaldunen artean sortutako banaketak, unibertsitatea lortuko bazen; errepublikako urteetan ordea, euskal gizarteko zatiketak ezinezko egin zuen berriro eskaera bateratu bat aurkeztea Madrileko agintarien aurrean. Dena den, indarberritu egin ziren unibertsitatea Bilbon kokatzea hizpide zuten eztabaidak. Eusko Ikaskuntzak antolatutako udako ikastaroek ere agerian jarri zuten unibertsitate ofizialik eza. Donostian Jakintza Zientifikoen Ikasgune bat sortu zen, unibertsitate ofizialetan matrikulaturik zeuden ikasleek praktikak egin zitzaten (Zientzia Fakultatearen hazia izan zen gune hori). Horretarako, lau adar (Matematikak, Zientzia Fisikoak, Zientzia Kimikoak eta Natur Zientziak) zituen unibertsitate gune bat diseinatu zen, non zientzia teorikoak eta horien aplikazioa teknikan eta industrian konbinatuko ziren. Garai berean hasi ziren hainbat lagun aldarrikatzen euskara ikergai ez ezik, irakaskuntzako hizkuntza ere izan beharko zela unibertsitatean.
Autonomia-estatutuaren egitasmoetan ere azaldu zen unibertsitatea izateko premia, baina estatutuari berari buruzko eztabaida eteteaz batera amaitu zen unibertsitateari buruzkoa 1934. urtean.
1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean, Gerra Zibila hasi, autonomia estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritza osatu arte, hain zuzen. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik, ez zuen denborarik galdu. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokia unibertsitate gune berri baten jaiotzarako, baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bat eratzeko agindu zuen Leizaolak. Batzordeak bi sail izan zituen. Unibertsitatearen ezaugarriak definitzeko ardura zuen sailetako batek; Alfredo Ruiz del Castaño kimikariak zuzentzen zuen eta besteak beste, Angel Apraiz eta Ingeniaritza Eskolako Cesareo Madariaga irakasleak izan ziren batzordekideak. Bazekiten behin-behineko proiektu batean ari zirela lanean, baina, aldi berean, ondo zekiten etorkizuneko Euskadiren unibertsitatearen oinarriak ezarri nahi zituztela. «Proyecto de bases de organización de la Universidad Vasca» izan zen batzordearen emaitza. Helburu gisa hartu zuten unibertsitate integrala osatzea eta lehendik zeuden hezkuntza-, ikerketa-, osasun- edo kultura-erakundeak biltzea. Gainera, mailaka eratuko ziren gogoetarako erakundeak nahiz izaera praktikoko erakundeak.
Estatuko legeria errespetatuko zen, baina irakasleria propioa izango zuen eta euskal gizartearen eta irakaskuntzaren premiei erantzuten saiatuko zen unibertsitate berria. Horrela pentsatuta bazegoen ere, azaroaren 18an, Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zen dekretuaren bitartez Euzko Irakastola Nagusia, hots, Euskal Unibertsitate ofiziala sortu zenean, aginduan ez ziren aipaturiko xehetasunak agertzen. Lege-arauak bakar-bakarrik argitzen zuen unibertsitatea sortu zela, Medikuntzakoa izango zela lehen fakultatea eta beste ikastetxeen sorrera Jaurlaritzaren erabakien menpe geratzen zela. Azaroaren 1ean egin zen Basurtuko ospitalean irekiera-ekitaldia, eta bertan Agirre lehendakariaren babesa izan zuen erakunde sortu berriak. Garatu gabe geratu ziren egitasmoen artean, besteak beste, eskola politeknikoa sortzeko asmoa zegoen.
Esan bezala, Medikuntza fakultatea izan zen sortu zen fakultate bakarra. Ikasketak aukeratzeak ez zuen arazo handirik sortu, ez baitzegoen zalantzarik. Bilboko Ospitale Zibilak hainbat saiakera eginda zituen bere zereginen artean unibertsitateko irakaskuntza sartzeko, eta bera zen aukera gauzagarriena. Leizaolak sortutako bigarren batzordearen ardura izan zen haren diseinua. Hainbat eztabaidaren ondoren, argia izan zen konponbidea: Espainiako unibertsitateetako ikasketa-plana bere horretan ezarriko zen Bilbon ere, bi aldaketa esanguratsurekin: Sendakintza-Euskara eta Psikologia Medikoa eta Psikiatria. Prestakuntza urte bat ere derrigorrezkoa izango zen mediku ikasketak egin ahal izateko.
Hiru kontu geratu ziren erabaki gabe: irakasleen hautaketa, ikasleen kontua, eta ikasgelen kokapena. Deialdi publikoa egin zen irakasleak hautatzeko, eta zenbait datatan 29 lagun kontratatu ziren irakasle aritzeko. Horietako gehienak Bilboko Basurtoko ospitaleko medikuak ziren eta bertan eman zituzten eskolak. Prestakuntza-ikastaroan 72 lagunek eman zuten izena eta nabarmendu behar dugu horietatik 14 emakumeak zirela. Medikuntzan, aldiz, 71 matrikulatu ziren. Azken ikasle horiek bi jatorri zituzten; gehienek ikasketak aurretik hasiak zituzten Espainiako beste toki batzuetan; laurden batek batxilergoa amaitu berria zuen. Zazpi neska zeuden euren artean. Erizain-eskola bat ere sortu zen, 1937ko otsailean, baina ez zen abian jarri. 1937ko urtarrilaren 3a zen eskolen hasiera-data ofiziala, baina ikasleek makina bat arazo izan zituzten, gazteak izanda gerra-ahaleginean parte hartu behar zutelako. Maiatzetik aurrera erdi etenda geratu ziren ikasketak bonbardaketen eta bestelako gorabeheren eraginez; hala ere, irakasle batzuk saiatu ziren gutxienez praktikekin jarraitzen.
Ekainaren 19an sartu ziren matxinoak Bilbon eta orduan erori ziren Euskadi Autonomoa, eta berak sortu zituen erakundeak, Euskal Unibertsitatea, besteak beste. Ateak itxi zituzten ikasgelek, eta zapalketa latza jasan behar izan zuten Euskal Unibertsitateko protagonista izan ziren gehienek. Hamabost irakaslek galdu zuten aurretik zuten lanpostua, eta horietako batzuek atzerrira joan behar izan zuten kartzela saihestu ahal izateko. Bilbon geratu ziren batzuek, Julian Guimonek eta Juan Viarrek esate baterako, espetxe gogorra jasan zuten eta ezin izan zuten lanpostu publikoa berreskuratu. Ikasle batzuk ere zigortu zituzten, ez hainbeste Euzko Unibertsitatean matrikulaturik egoteagatik, zituzten lotura politikoengatik baizik. Horrela, beste hainbestek bezala pairatu behar izan zituzten zigorren ondorioak.
Berritzailea izan zen hogeigarren mendearen hasieran Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapena egitea; izan ere, eskakizun horrek unibertsitatearen mundua eta inguruko gizartea lotzen zituen. Azpimarratu egin zen inguruko gizartea, ekonomia eta Euskal Herriaren kultura hobetzeko unibertsitateak zuen ardura, aldarrikatu egin zen unibertsitatearen jardueran ikasleek izan behar zuten parte-hartzea, eztabaidatu egin zen irakasleak hautatzeko erarik egokienak finkatzeko eta agerian utzi ziren erakundearen kudeaketa autonomoaren aldeko jarrerak. Guztiek uste zuten euskal gizartea, ekonomia eta kultura garatzeko nahitaez behar zela Euskal Herrian unibertsitate publiko bat, eta arrazoi bakarra izan ez bazen ere, erabakigarria izan zen sentitzeko modu hori azkenean unibertsitatea sortzeko. Horretarako, ezinbestekoa izan zen 1936ko udazkenean autonomia lortzea.
Gerra galdu izanak unibertsitatea desagerrarazi zuen, baina ez zen erabat itzali haren aldeko aldarrikapena. 1950eko hamarkadatik aurrera euskal gizartean oso azkar ari ziren gertatzen gizarte eta ekonomia-aldaketak, eta horrek inoiz baino gehiago eskatzen zuen goi mailako irakaskuntza zabaltzea. Ez zen prozesu erraza izan, handia baitzen mesfidantza, baina gutxika-gutxika unibertsitate mailako irakaskuntza publikoak bere tokia egin zuen euskal eremuan, aurrena ikastetxe isolatuetan oinarrituta, ondoren Bilboko unibertsitatea lortuta. Franco hil ondoren, ikasleen eta irakasleen belaunaldi berriek bat egin zuten eskakizun zaharra berpizteko: Euskal Unibertsitatea.
Erreferentzia bibliografikoa
Aizpuru Murua, Mikel. Amets baten oinordeko gara – Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea – Universidad Vasca. 1936. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzua, 2012.
Egileaz: Mikel Aizpuru UPV/EHUko Gaur Egungo Historia Saileko irakaslea eta zuzendaria da.