Asteon zientzia begi-bistan #141

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Ez dugu aitzakiarik. Kirola egitea ona da osasunerako. Hala berretsi egin du UPV/EHUko ikerketa batek. Bertan, jarduera fisikoa gaixo kronikoentzat onuragarria dela frogatu dute. Irantzu Ibañez Lasurtegi, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikertzaileak egiaztatu du jarduera fisikoak berehalako hobekuntzak eragin dizkiela ariketa fisikoko programa bati atxikitako gaixo kronikoei. Programa honetan parte hartu zutenek adierazi zuten “oso pozik zeudela programarekin eta beren gaixotasunen sintomak eta bizi-kalitatea hobetu zirela”. Ikertzaileak bukatu du esanez: “Argi dago prebentzioa dela bidea eta gizarteak ulertu behar du hobe dela prebenitzea tratatzea baino”.

Osasun arloari jarraiki, Amaia Portugalek testu interesgarri bat dakargu. Kazetariak azaltzen digun bezalaxe, fabriketako tximinien eta autoen isuriak, ondoan dugun lagun erretzaileak botatzen dituenak… horiei guztiei bigarren eskuko kea deitzen zaie. Eta zer gertatzen da hirugarren eskuko kearekin? Tabakoak altzari edo alfonbratan uzten duen poluzio arrastoari deritzogu, eta haren albo kalteak ez dituzte gehiegi ikertu orain arte. Badai, Berkeley Laborategian gai horri ekin diote eta egin duten lan batean ondorioztatu dute kutsadura mota hori jasaten duten sagu jaioberriek ohi baino pisu txikiagoa dutela, eta zelulen garapenean gorabehera handiak izaten dituztela, kasu honetan txikienek zein helduagoek. Ez galdu!

Minbiziaren intzidentzia Espainian 2015 ikerlanak argia ikusi berri du. Hego Euskal Herrian 17.900 minbizi kasu berri diagnostikatzen dira urtean, eta heriotza motibo ohikoena da: Nafarroan, urtean 1.500 lagun hiltzen dira minbiziaren ondorioz; EAEn, 30.273 lagun hil ziren 2011-2015eko epealdian. Berria egunkariak datuek erakusten dutenari erreparatu die: gero eta usuago diagnostikatzen direla kasuak eta, halaber, gero eta eraginkortasun handiagoz egiten zaiela aurre; aholkuek, berriz, bizi ohitura osasuntsuak giltzarri direla eritasuna saihesteko.

Ekologia eta biologia

Ur-ekosistemetako materia organikoa areagotzeak merkurio toxikoa zazpi aldiz gehiago metatzea dakar zooplanktonean. Suedian egin dute ikerketa, Elhuyar aldizkariak aditzera eman digunez. Aldaketa klimatikoak eragindako euriteek ekar dezaketen materia organikoaren eraginez, argi gutxiago iristen da ur barrenenera. Horrek kate trofikoa autotrofo izatetik, nagusiki heterotrofoa izatera pasatzea ekartzen du, hau da, materia organikoz elikatzen den zooplanktona nagusi bihurtzen da. Ikertzaileen ustez, kate trofiko heterotrofoan merkurio metaketa handitzen joaten da, guk jaten ditugun arrainengana iritsi arte. Emaitza argitzen digute afera: aldaketa klimatikoak eragina du arrainengan gertatzen den merkurio-metaketan.

Genetika

Salk Institutuko ikertzaileek txerriaren eta gizakiaren zelulak dituzten enbrioiak sortu dituzte lehenengoz. Genetika arloan, beti beldurrak aise zabaltzen dira halako ikerketak martxan jartzen direnean. “Jainkoak baino ez du espezieak nahasteko ahalmena. Munstroak sortu nahi dituzte”. Horien antzeko iruzkinak irakurri behar izan ditu Aida Platero Luengo biologoak hainbat hedabidetako iruzkinetan. Gainerakoak, baina, iruzkin positiboak izan direla nabarmendu du. Bizi ahal izateko organo berri baten zain itxaron zerrendetan dauden gaixoei laguntzea dute buruan zientzialariek. Baina aukera hori oraindik ere urrun dagoela ohartarazi du biologoak. “Teknika berri baten hasierako faseetan besterik ez gaude”. Abantailak ere izan dira mintzagai artikulu honetan. Ikerketa honek bi ditu nagusiki: Batetik, arazoa da ez daudela behar diren adina organo. Jende asko hiltzen da organo baten zain dagoen bitartean. Beraz, adituek azaltzen duten arabera, honek asko arinduko luke organoak lortzeko prozesua. Bestetik, azaltzen duten moduan, arbuio immunologikoa saihestuko litzateke.

Koldo Garciari esker jakin dugu minbizi kutsakorrak existitzen direla. Bai, birusak izango balira bezala. Gizakiok ez dugu horrelakorik pairatzen baina genetika arloko ikertzaile honek adibide bat jarri digu: Tasmaniako deabruak pairatzen duen aurpegiko tumoreen gaixotasuna, hain zuzen. Lehen kasua 1996.urtean jazo zen eta hedatzen joan da geroztik, edozein infekziok izango lukeen patroia jarraituta. Nola kutsatzen da minbizi hori? Testua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu, hantxe topatuko duzue erantzuna.

Astronomia

Katu-begia nebulosak Eguzkiaren etorkizuna iragar dezake. Lehendabizi zehaztu dezagun zer diren planeta-nebulosak: Eguzkiaren antzeko izarren bizitzaren azken faseak dira. Hubble teleskopio espazialak ematen duen informazioa oso garrantzitsua da Katu-begiaren nebulosaren eboluzioa ezagutzeko, eta, ondorioz, lagungarria izan daiteke Eguzkiaren etorkizuna aurreikusteko.

Medikuntza

Tübingen-eko Unibertsitate alemaniarreko ikertzaileek erabateko paralisia dutenekin komunikatzeko interfazea garatu dute. Berauek adierazi du haien pentsamenduak komunikatzeko gaitasuna ez duten pazienteentzat laguntza handia izan daitekeela. Horretaz gain, argi dute sasikoman dauden pertsonekin komunikazioa errazteko balio lezakeela, eta mugimendua berreskuratzen hasteko ere lehenengo urratsa izan daiteke komunikatzeko modua izatea. Ikerketaren nondik norakoa, hemen.

Biologia

Ugaztun gehienontzat urpean egotea oso zaila da. Urperatzerakoan ditugun zailtasunei erreparatu dio artikuluaren autoreak; zehazki, urpekarien gaitza kontzeptuaz mintzo da testua. Nitrogenoa eta oxigenoa dira arnasten dugun airearen osagai nagusiak. Nitrogenoaren kasua bitxia da; izan ere, artikuluaren egileak azaltzen digunez: “ez dugu behar eta ez dugu ezertarako erabiltzen”. Urpekarien arazoa hauxe izango litzateke: presioaren igoera dela eta, urpekariak arnasten duen airearen nitrogenoaren presio partziala ere handitzen da eta, horren ondorioz, itsas mailan atmosferatik hartuko lukeena baino nitrogeno gehiago hartzen du urpekariaren odolak. Horretaz gain, arinegi igotzen bada urpekaria, presioaren jaitsiera ere azkarregi gertatzen da eta, orduan, nitrogenoa ez da apurka-apurka barreiatzen biriken barrunbera.

Duela 2.400 milioi urte Oxigenazio Handia gertatu zen Lurraren atmosferan, hau da, biologikoki sortutako oxigenoa agertzen hasi zen. Baina oxigeno-maila apal iraun zuen 1.500 milioi urtez. Orain, Exeterreko Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dute horren zergatia. Elhuyarrek gerturatu digu berria: Oxigenazio Handiaren ondoren, plaka tektonikoek arroka sedimentarioak azaleratu zituzten, eta han zegoen materia organikoa oxigenoarekin erreakzionatzen hasi zen. Zenbat eta oxigeno gehiago izan atmosferan, orduan eta azkarrago erreakzionatzen zuen materia organikoarekin. Ondorioz, oxigenoa sortu ahala, kontsumitu egiten zen. Horrela izan zen landareak areagotzen hasi arte; izan ere, orduan, fotosintesi globala bikoiztu eta oreka hautsi egin zen. Horrek ahalbidetu zuen animaliek Lurra kolonizatzea eta gizakiaren eboluzioari bide egitea.

Emakumeak zientzian

Bodil Schmidt-Nielsenen beste kapitulu bat ekarri digu Juan Ignacio Perezek. Bodil interesatuta zegoen ur gutxiko parajeetan bizi diren ugaztunek gernuaren bidez galtzen duten ur bolumena murrizteko mekanismoetan. Zehatzago adierazteko, berak jakin nahi zuen nola lor zitzaketen gernuan hain solutu-kontzentrazio garaiak. Hori dela eta, beste zenbait lankiderekin batera aritu zen giltzurrun-hodien azpiatalak diren Henleren euskarria izeneko gailuen zeregina aztertzen. Ikerketa horiei esker jakin ahal izan zen zein ziren gernua kontzentratzeko mekanismoaren oinarriak. Irakurri artikulu interesgarri hau!

Matematika

Artikulu honetan, oinarrizko ikur matematiko batzuen jatorria aztertu dute. Esaterako, + (plus) eta – (minus) ikurrak liburu inprimatu batean erabili ziren lehendabiziko aldiz, Leipzigen 1489an argitaratutako Johannes Widman (1462-1498) matematikari alemaniarraren obra batean. Halere, Widmanek ez zituen + eta – ikurrak batuketa eta kenketa eragiketa aritmetikoen sinbolo gisa erabiltzen, baizik eta testuan aztertzen diren merkataritzako praktiken testuinguruan, salgaien gehiegikeria edo gabezia adierazteko. Van der Hoeke (XVI. mendea) matematikari herbeheretarraren aritmetikako liburua + eta – ikurrak eragiketa aljebraiko gisa ageri diren lehen argitalpen inprimatuadela esan ohi da. 1514ko obratzat jo izan da baina egiatan 1937an argitaratu zen. Ikur horien adiera aljebraikoa aintzat hartu zuen lehen argitalpen inprimatua Henricus Grammateus (1492-1525 inguruan) matematikari alemaniarraren Ayn new Kunstlich Beuch (1518) aljebra eta aritmetikako liburua da. Biderketen eta = ikurraren jatorria ere ezagutzera eman digu artikulu honen autoreak. Ez galdu!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.