Asteon zientzia begi-bistan #135

Uxue Razkin

spices-1914130_1280

Astronomia

Saturnoko atmosferan haize handia dabil. Zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela. Handik hilabetera, atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, PlanetCam kamera erabili zuten. Ikertzaileek xehetasunez atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten eta zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran.

Genetika

Muskulu-distrofiak herentziazko gaixotasun multzo heterogeneoak dira, eta beraien bereizgarri nagusia gihar eskeletikoko muskulu-zuntzen degenerazio progresiboa da. Muskulu-distrofia mota asko daude. 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A), CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.

Neurozientzia

Ikerketa baten arabera, haurdunaldiak egitura-aldaketak eragiten ditu amaren garunean eta aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela frogatu dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak gidatu du ikerketa eta erakutsi du lehen aldiz ama izan diren emakumeen garunek materia grisa galtzen dutela, baina horrek ez duela galera kognitiborik eragiten. Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da. Elhuyarrek azaltzen digu aldaketa horri egokitze-inausketa esaten zaiola. Ikertzaileen arabera, prozesua nerabezaroan gertatzen denaren antzekoa da; izan ere, haurrek ere materia grisa galtzen dute nerabezarora pasatzean. Badirudi aldaketa horiek amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen direla. Horrela, emaitzen arabera, amaren garunaren aldaketek amaren haurrarekiko lotura areagotzen dute, haurraren egoera emozionala errazago ezagutu ahal izateko.

Kontu bitxia dakarkigu Amaia Portugalek. Itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten Pokemon telesaileko atal bateko argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak eta haren zergatiak Etxeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politekbikoak elkarlanean egindako lan batean aztertu dituzte. Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.

Fisika

Fernando Gonzalez fisikaria elkarrizketatu du Berriak. Ordenagailu kuantikoak. Unibertso paraleloekin kalkulatzeko artea izenburuko hitzaldia eman du berriki Iruñeko Planetarioan. Hitachi enpresa japoniarrak Londresko Cambridge Unibertsitatean duen laborategian egiten du lan iruindarrak. Ordenagailu kuantikoen prozesatzaileen nukleoetan dauden bit kuantikoak sortzeaz eta probatzeaz arduratzen den lantaldearen parte da. Ordenagailu kuantikoak oraindik ez dira existitzen, baina fisikariaren arabera, arruntek baino askoz ere ahalmen handiagoa dute. Horren sorrerak dakartzan onurei dagokienez, Gonzalezek hauek aipatzen ditu: “Material berriak sortzen lagunduko du; giza genoman arazoak azkarrago aurkitzen; Interneteko segurtasuna areagotzen; eta informazioa azkarrago bilatzen”.

Kimika

Garbigailuak jantzi zikinak garbitzeko erabiltzen dugu, eta bizitza errazten digu horrek. Alabaina, arropa garbitzea kutsadura-iturri garrantzitsua da. Kimikariak testuan esaten duenez: “Ez dugu ahaztu behar garbitzea, azken finean, zikinkeria eta zaborra tokiz aldatzea besterik ez dela”. Eta arrazoia dauka; izan ere, garbigailutik ateratzen diren hondakin-urek hainbat konposatu kutsatzaile dituzte. Azken urteotan bada arreta berezia sortzen ari den kutsatzaile-multzo bat: mikroplastikoak. Lopez Gazpiok azaltzen duenaren arabera, 5 mm baino txikiagoak diren plastiko zatiak dira eta haien arriskua hauxe da: hain dira txikiak, ezen uretako organismoek oso erraz irensten dituztela. Gainera, mikroplastiko horietan kutsatzaile organiko iraunkorrak itsatsi daitezke eta, horrela, bizidunek irentsi egiten dituzte. Artikulu interesgarria, betiko lez. Ez galdu!

Hezkuntza

Mikel Aizpuruk 1936ko unibertsitatean aurrekariak eta ezaugarriak izan ditu mintzagai testu honetan. 1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokiena baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bateratzeko agindu zuen Leizaolak.

Biologia

Ostrak izan dira artikulu honen ardatz, Juan Ignacio Perezek eman digu horien berri: Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Halere, energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera. Handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>