Guztiz biodegradagarria den mintza garatu dute

EHUko ikerketa

Nekazaritza eta industria arloetako azpiproduktuetatik abiatuz, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMATikerketa taldeak mintz berritzaile bat garatu du, %100 bideogradagarria, konpostagarria eta termozigilatu daitekeena.

prensa 1

Lehengai berriztagarri bezain oparoak dira landare-proteinak; erraz lor daitezke nekazaritza eta industriako azpiproduktuetatik, eta ontzien eta bilgarrien eremuan aplikatzeko modukoak izan daitezkeen ezaugarriak dituzte, egoera lehorretan barrera propietate onak dituzten mintzak sortzeko gaitasuna dutelako. Horrez gain, biodegradagarriak direnez, abantaila garrantzitsuak dituzte ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Ezaugarri horiek aintzat hartuta, UPV/EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko BIOMAT ikerketa taldeak mintz berritzaile bat ekoitzi du elikagaien ontzi gisa; baliabide ez berriztagarrietan oinarritutako ohiko mintzak ordezkatu ditzake eta % 100 biodegradagarria eta konpostagarria da. Bidenabar, biomintz berri horrek egungo mintz komertzialen propietateak hobetuko ditu, batez ere oxigeno eta argi ultramoreen aurkako barrera-ezaugarriei eta gardentasunari dagokienez. Beste propietate nabarmen batzuen artean aipatu behar da biomintza ezin hobeto itsasten dela azalera desberdinetan. BIOMAT taldeak garatutako biomintza termikoki zigilatu daiteke ontziratze-industriak “zailatzat” jotzen dituen azaleretan, esaterako polietilentereftalatoaren kasuan (PET). Gainera, ekoitzitako biomintzaren ezaugarri mekanikoak eta zigilatzeko aukera tenperatura baxuetan ere gordetzen dira (-20 ºC), ez baita mintz gogor eta hauskor bihurtzen, ohiko mintz batzuekin gertatzen den bezala.

prensa 2

UPV/EHUko BIOMAT taldeko irakasle eta ikertzaile Pedro Guerrerok azaldu duenez, “azken urteetan erregai fosiletatik eratorritako plastikoekiko menpekotasuna gutxitzea funtsezko helburu bihurtu da, bai legegintza-, bai gizarte-arloan ere. Xede hori lortzeko, zenbait premia jakin sortzen dira industria kimikoan, polimeroen industrian, ontzi eta bilgarrien sektorean eta, zehatzago esateko, elikaduraren industrian, eta horretarako baliabideak inbertitu behar dira elikagaietarako ontzi iraunkorrak ikertu eta garatzean. Ekoizteko prozesuan zein bizitza erabilgarria bukatu ondoren ingurumena errespetatuko duten material alternatiboen bilatze horretan, industria-azpiproduktuak balioztatuz material biodegradagarriak eta konpostagarriak garatzea eta produktuaren bizitza zikloari lotutako ingurumen-zamak aztertzea izan da gure taldearen ikerketen muina, lehengaiak lortzen diren unetik harik eta erabili ondoren materialak desegin arte. Ikerketaren emaitzak Journal of Cleaner Production aldizkari zientifikoan argitaratu dira.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.