Zelulen garraio sistema eta diabetesa

Peru S. Gamarra

diabetes_1571708c

Gaizki sentitzen naiz. Hilabete inguru daramat honela eta ez zait pasatzen. Kilo mordo bat galdu ditut dagoeneko. Arraroa da hau dena. Inoiz baino gehiago jaten dut baina ezinezkoa zait gizentzea. Gainera, oso ahul nabaritzen dut nire gorputza. Gaur, futbol partida baten erdian nengoela, zorabiatu eta aldageletara joan behar izan dut partida bukatu aurretik. Konortea galtzeko zorian ibili naiz. Eskerrak entrenatzailea nirekin batera sartu den. Gaixotasunen bat izango ote dut?

Medikura joan eta odola atera didate. Ez dut sukarrik eta dena ongi dagoela ematen du, baina ondoeza ez zait pasatzen. Itxaroteko eskatu didate. Atera didaten hori aztertu behar dutela eta zerbait dakitenean deituko didatela. Susmo txarra hartzen diot honi guztiari. Ez nago bat ere eroso.

Egun batzuk itxoin ostean medikuaren telefono dei bat jaso dut. “Mesedez, etorri zaitez hona ahal bezain laster, berri txarrak ditut zuretzako”. Beldurra. Ezjakintasunak ekartzen duen ezinegona. Kontsultako atea zabaldu eta han dago doktorea paperen artean galdurik. “Sentitzen dut, diabetikoa zara eta hemendik aurrera zure burua asko zaindu beharko duzu”. Nola da posible? Ni diabetikoa?

Bizitza zeharo aldatu zait eta negar egiteko gogo izugarriak etortzen zaizkit etengabe. Agur esan diet txokolatezko opilei eta baita horrenbeste maite nituen marrubizko gailetei. Jada ezingo dut nahi dudanean jan. Ordutegi finko bat jarraitu beharko dut beti. Militarrek bezala. Berdin da gose izan edo ez. Ordutegia sakratua da. Ze astuna den hau guztia. Agur eguerdian jaten nuen pintxoari. Agur, baita ere, arratsaldeko bokata eta garagardoari. Hori gutxi balitz, nire gorputza egunero ziztatu behar dut gorputzean dudan azukre kantitatea kontrolatzeko. Izkina bat bilatu, alkandora igo eta… zizt! orratza barrura. Gogorra da hau guztia.

Honelako istorioek bukaera bat izan dezakete etorkizunean hiru zientzialarik egin duten lanari esker. Pasa den astean eman zen ezagutzera aurtengo Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria nork jaso duen eta James E. Rothman eta Randy W. Schekman amerikarrak eta Thomas C. Südhof alemaniarra izan dira sarituak Fisiologian egin duten lan paregabeagatik. Ez dute diabetesa sendatuko duen edabe magikorik aurkitu, hori egia da, baina gaixotasun hau –eta beste asko- hobeto ezagutzen dugu beraien aurrerapenei esker. Eta, hau, ez da gutxi.

james-e-rothman-randy-w-schekman-and-thomas-c-s-dhof-win-2013-nobel-prize-for-physiology-or-medicine

Nobel Fundazioak hiru ikertzaile hauek saritu nahi izan ditu 40 urtetan zehar egin duten lanarengatik. Egia esan, bere ibilbide bikaina da saritu nahi izan dutena. Beraiek izan dira, beren ikerketen bitartez, zelula batek bere garraio sistema nola antolatzen duen argitu dutenak –badira urte batzuk jada hau dezifratu zutela, baina saria orain iritsi zaie-. Izan ere, garraio sistema hau definitu eta ezagutzeak etorkizun batean diabetesa edota beste immunologia nahasmen batzuk konpontzen lagundu dezake. Lan paregabea, zalantzarik gabe. Nobel Saria eskuratzeko modukoa. Urteetan zehar –ia bizitza oso bat- egindako lanak bere fruituak eman dizkie azkenean. Eta, gure gizartea, izugarri eskertua dago.

Hau guztia ulertzeko, zelula bakoitza molekulak sortu eta esportatzen dituen fabrika bat bezala imajinatu behar dugu. Adibide bat ematearren, intsulina sortu eta odolean barrena askatu egiten da eta neurotransimsoreak deitutako seinale kimikoak neurona batetik bestera bidaltzen dira. Molekula hauek zelula baten inguruan garraiatzen dira biologia zelularrean besikula deitzen diren pakete txikietan. Hiru irabazleek, pakete txiki hauek zelularen kanpo eta barrualdean nola jasotzen diren aurkitzea lortu dute. Hau da, pakete hauek noiz eta nola jasotzen diren dezifratzea lortu dute. Sistema hau beharrezkoa da besikulen fusioa kontrolatu behar den prozesu fisiologiko ezberdinetarako.

Besikula sinaptikoek nerbio-bulkadaren transmisioan parte hartzen dute

Besikula sinaptikoek nerbio-bulkadaren transmisioan parte hartzen dute

Besikulen garraio txarrak immunologia edota neurologia nahasmenduak dituzten gaixotasunetan gertatzen dira. Baita diabetesean ere. Garraio eskas hau dela eta, zelula bera kaosean erori daiteke. Zer egin ongi ez dakiela. Hiru ikertzaile hauen lanari esker, zelularen funtzionamendua askoz ere hobeki ezagutuko dugu. Giza gorputzak sekretu gutxiago ditu gaur egun eta diabetikoek albiste hau gogoz ospatzen dute.

Iturriak:

Nobel de Fisiología o Medicina 2013 (Investigación y Ciencia)

Nobel de Medicina 2013 premia el sistema de transporte que usan nuestras células (ALT 1040)

Los descubridores de las normas de tráfico celular ganan el Nobel de Medicina (Materia Ciencia)

——————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

2 iruzkin

Eman iritzia

MaiteMaite

Aitortu beharra daukat ez zaidala gehiegi gustatu artikulua…. izan ere, diabetesaren arazo handiena ez da besikulen “trafficking”-a, intsulina bera ez sintetizatzea edota intsulina horri erresistentzia izatea baizik. Hori kontutan, artikuluak esperantza faltsuak ematen dituela iruditzen zait… Hala ere, besikulen trafficking-aren garrantziaren eta gaixotasun askotan duen eraginaren dudarik ez dago. Beraz, guztiz merezitako Nobel saria!

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Ez dugu nahi, noski, esperantza faltsuak eman. Kontuan hartuko dugu iruzkin hau hurrengoetan. Eskerrik asko zure iritzia emateagatik.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>