UPV/EHU eta Tecnalia irtenbideen bila dabiltza lindanoa ekoiztean eta erabiltzean sortutako ondorioak burdinazko nanopartikulen bidez konpontzeko
Urte askoan, Bizkaiko bi empresa, Bilbao Chemicals (Barakaldo 1947-1987) eta Nexana (Erandio 1952-1982), lindano ekoizten eta ingurumenera botatzen aritu dira inolako kontrolik gabe. Isuri haiek eragin zituzten arazoak konpontzeko beharraz, eta, orobat, hori egiteko dauden zailtasunez jabetuta gaude gaur egun, oraindik ez baitago lurrarekin nahasirik dagoen lindanoa segurtasunez suntsitzeko prozesu bideragarririk. EHUko Kimika Fisikoa eta Kimika Analitikoa Sailek, Tecnaliarekin batera egin duten azterketa batean, berretsi egin dute burdinazko nanopartikulek lindanoa degradatzeko duten erreaktibitate handiaren hipotesia. Chemosphere aldizkarian argitaratu dute ikerketa1.
Intsektizida eta pestizida gisa erabili izan dute lindanoa nekazariek, eta, gaur egun erabiltzea debekatuta dagoen arren, lindanoa ekoizteak eta erabiltzeak eragindako ondorioak ez dira desagertu. Lindanoa toxikoa izateaz gain, bizidunetan metatzeko gaitasuna du; horregatik da hain arriskutsua. Ingurumenaren ikuspuntutik, disolbagarritasun txikia du, oso egonkorra eta iraunkorra da, eta nekez degradatzen da ingurumenean.
Oraindik ez dago prozesu bideragarri bat lindanoa segurtasunez suntsitzeko, baina aukera berritzaile eta efizientea izan daiteke burdinazko nanopartikulak erabiltzea. Burdinazko nanopartikulek eraginkortasun handia frogatu dute agente deskontaminatzaile gisa toxikotasun handiko konposatuen zenbait familiarekiko, esaterako lindanoarekiko. Alabaina, aplikazioa mugatu eta zailtzen duten desabantailak ere badituzte: batetik, erraz oxidatzen dira airea dagoenean eta, bestetik, metatzeko joera dutenez, mugikortasuna mugatzen die erabili nahi diren ingurunean. Hori dela eta, babestu egin behar izaten dira, polimero biodegradagarriak erabiliz, hala nola karboxilo metil zelulosa (CMC), poliaspartatoa (PAP) eta poli(azido akrilikoa) (PAA).
Laborategitik lurzorura
“Gure ikerketa honen bidez, laborategi mailan baliozkotu nahi izan dugu zer aplikagarritasun eta gaitasun duten burdinazko nanopartikulek lindanoa ezabatzeko”, azaldu du Itxaso San Románek, UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko kideak. Horretarako, teknika analitiko aurreratuak behar dira, zeinak gai izango baitira nanopartikula desberdinen aurrean gertatzen den degradazio-prozesua monitorizatzeko, erreakzio horren abiadura zehazteko, eta erreakzioan sor litezkeen azpiproduktuak detektatzeko.
Kontaminatzailearen beraren degradazio-prozesua lindanoa zuten ur-laginak analizatuta ebaluatu zen, fase solidoko erauzketa deritzon teknika erabiliz (SPE). Denbora iragandakoan disoluzioan geratzen zen lindanoa neurtu zen. Aldi berean, fase solidoko mikroerauzketaren teknika (SPME) erabili zen degradazioan sortutako azpiproduktu gaseosoak detektatzeko une oro, masa-espektrometriarako detektagailua duen gas-kromatografo bat baliatuta (GC/MS).
Erabilitako teknika horien bidez, lindanoa degradatzeko erabilitako nanopartilula-mota desberdinen eraginkortasuna alderatu eta ikertu ahal izan da, bai eta erreakzioak zer abiadura izan duen jakin ere kasu bakoitzean. Ikerketan ikusi da denbora iragan ahala (1-72 ordu) lindanoa desagertuz joan dela nanopartikulen aurrean, eta erreakzioak joera eta abiadura desberdinak izan dituela. “Nanopartikulen babesak areagotu egiten du lindanoaren degradazioaren efizientzia; gainera, nanopartikulak metatzea galarazten du, eta, horren ondorioz, erreakzio-azalera handitzen da”, adierazi du Itxaso San Románek. Bestetik, “denbora pasatu ahala lindanoak uretan zuen kontzentrazioa gutxitzen zen neurrian, ikusi zen hain kaltegarriak ez ziren beste azpiproduktu batzuk sortzen zirela, zeinak denborarekin, ziurrenik, askoz kalte gutxiago egiten zuten konposatu bihurtuko baitziren”, gaineratu zuen. Hala, bada, “frogatuta gelditu da ezen nanopartikula estaliak zein estali gabeak gai direla lindanoa produktu ez hain kaltegarri bilakatzeko”, azpimarratu zuen San Románek. “Aurkikuntza hori oso baliotsua da etorkizunean deskontaminatzeko tresna gisa aplikatzeko benetako ingurumen-matrizeetan”, gaineratu zuen.
Egileari buruz
Itxaso San Román UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da. Aipatzen den ikerketa UPV/EHUko Kimika Fisikoa Sailarekin eta Tecnalia Korporazioarekin batera egin da.
References
- San Román I., Alonso M.L., Bartolomé L., Galdames A., Goiti E., Ocejo M., Moragues M., Alonso R.M. & Vilas J.L. (2013). Relevance study of bare and coated zero valent iron nanoparticles for lindane degradation from its by-product monitorization, Chemosphere, 93 (7) 1324-1332. DOI: 10.1016/j.chemosphere.2013.07.050 ↩