Javier Peláez
Catherine Scott gazte atsegin bat da, eta pasio harrigarri bat dauka. Bizimodua bi giro oso desberdinetan egiten du. Alde batetik, Ertamerikako ostozabalen oihanetatik dabil. Izan ere, orain bertan Nikaraguan da, ni lerro hauek idazten ari naizelarik. Beste alde batetik baina, Simon Fraser Unibertsitateko (Burnaby. Canada) laborategi aseptikoetan dabil.
Pasio harrigarria duela diot, erabat liluratuta baitaukate armiarmek, “amazing, beautiful, sophisticated, charming, fascinating, elegant, resourceful, mysterious” diren animalia horiek, bere hitzetan. Gizakiok ditugun beldur sustraituenetakoa sortzen duten animalia hauek dira neska hau miresten dituenak. Gainera, ez du gogoko hor zehar ertz batean edo sabaian erraz aurki daitekeen edozein armiarma mota. Izan ere, Catherinek artropodo hauen artean pozoitsuenak eta arrikutsuenak hartu ditu aztergai.
Hori dela eta, ohituta dago bere jardueraren berri ematen duenean itzultzen dioten galderaz: “Eta ez al dizute inoiz ziztatu?”.
“Ez, didate inoiz ziztatu, armiarmek ez dute ia inoiz ziztatzen” erantzun izan du Catherinek urteetan eta urteetan.
Orain arte bere armiarmekiko “elkarbizitzan” eta irakurritako bibliografian oinarritzen zen erantzun hau emateko. Orain aldiz, ikerkuntza baten emaitzari esker esan dezake ozenki “Ez, armiarmek nekez egiten dute ziztadarik”.
Esan bezala, gure espeziearen subkonszientean oso sustraitua dago nonbait antzestrala den beldur hau, eta hala bildu du zinemak maiz: Harry Potter filmeko Ron Weaslyren ikara, Mordorreko tuneletan Frodok Hobbitaren azken filmean jasan zuen eraso basatia…
Catherine Scottek beldur horren aurka egiten du bere ikasketan, baieztatzen baitu alargun beltzak buru-belarri saiatzen direla aurrez aurreko borroka saihesten, bai eta oso mehatxatuak sentitzen direnean ere.
Izan ere, izugarrizko gaiztakeriak egin dizkiete armiarmei saio horietan, beren defentsa mekanismoak aztertzeko. Catherinek armiarma hauek sarri izan baititu ere eskuetan, ez dago esan beharrik oraingo honetan eskularru itxurako gelatinazko geruza batzuk erabili dituela, armiarmak gogaitzeko, atximur egiteko, estutzeko edo beste edozein eratara nekarazteko. Izan ere, ikusi nahi zuten noiz egiten zuten ziztada, zein indarrez egiten zuten, eta zenbat pozoi igortzen zuten.
Egileek, David Nelsenek eta bere biologo taldeak (Kaliforniako Loma Linda Unibertsitatea, Lur eta Biologia Zientzien Saila), hiru arrisku mota ezarri zizkieten armiarmei.
Lehenengo eta behin, egiaztatu zuten arrisku txiki baten aurrean 43 armiarmetatik batek berak ere ez zuela eraso egin. Hala gertatu zen armiarmak gogaitu edo bultzatu egin zituztenean. Denek ere, saihestu egin zuten enfrentamendua edo alde egin zuten. Mehatxuak goraka ezartzen zitzaizkielarik, armiarmek eutsi egin zioten bere jarrera iheskorrari eta gehien jota, seta pixka bat bota zuten. Hala gertatu zen estutu egin zituztenean, animaliei ziztada eman zitzaienean edo eskuen artean hartu zituztenean ere.
Ihes egiteko aukerarik ematen ez zuten egoeretan sartuta, seta bota zuten batzuek, eta hildakoarena egin zuten besteek, %50ean. Egoera horietan, bakar batek egin zuen erasoa. Arrisku ertainekotzat jo ziren egoera hauek.
Arrisku handiko egoerak sortzeko, armiarmak harrapatu eta bi atzamarrekin estutu egin zituzten, inongo ihesbiderik galarazita. Ikus bedi goiko argazkia. Hain egoera itogarrian ere, alargun beltzen %60ak baizik ez zuen ziztadarik egin.
Areago, ziztada egiten duten guztietan ez dute pozoirik ziztatzen. Izan ere, armiarma batentzat, gizakien aurka erabiltzea baino etekin handiagokoa da pozoia harrapakinak lortzeko gordetzea. Horrela, ziztada egin zuten kasu guztien erdian, ez zuten pozoirik erabili. Areago, ikertzaileek egiaztatu zuten pozoi-igorketa ohikoagoa zela armiarmak sabel aldean estutzen zirenean. Kontuan hartu behar da artropodoek erraz bizirauten dutela hanka bat galdetzen badute, baina sabela aldiz, oso ahula dute, bertan ez baitute armadurarik. Berez, beren organismoko alde horretan ziztatzeak edo estutzeak heriotza ekar diezaieke.
Plazaratutako emaitza hauek bada, kolokan jartzen dute alargun beltzaren irudi beldurgarri hori. Izenak berak ikara ematen du, baina egiaztatua dago hamaika gaiztakeria eginda ere, artropodo hauek ihes egiten saiatzen direla, eta inongo ihesbiderik ez dutenean ere, beren sabela arrikuspean sumatzen dutenean baizik ez dutela pozoirik ziztatzen.
Horrela bada, Catherinek orain arte ulertuak izan ez diren animalia hauen alde egin nahi izan du bere artikuluaren bukaeran. Berak espero du aurrerantzean ikaratuta gabe, liluratuta sentituko dela jendea armiarma hauekin.
Iturriak:
Christopher Buddle, Catherine Scott: “What happens when you poke, prod and pinch black widow spiders? You might be surprised” | Expiscor (Scilogs) 31 enero 2014
Nelsen D.R., Kelln W. & Hayes W.K. (2014): Poke but don’t pinch: risk assessment and venom metering in the western black widow spider, Latrodectus hesperus, Animal Behaviour, 89 107-114. DOI: 10.1016/j.anbehav.2013.12.019
Spiderbytes, Catherine Scotten bloga
Vetter, R. S. “Defensive behavior of the black widow spider Latrodectus hesperus (Araneae: Theridiidae)”. Behavioral Ecology and Sociobiology, 7(3), 187-193. doi:10.1007/BF00299363
MedlinePlus “Araña viuda negra”
Egileaz: Javier Peláezek (@Irreductible) zientziaz idazten du hainbat hedabideetan eta naukas.com plataformaren sortzaileetako bat da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
1 iruzkina
[…] Javier Peláez Catherine Scott gazte atsegin bat da, eta pasio harrigarri bat dauka. Bizimodua bi giro oso desberdinetan egiten du. Alde batetik, Ertamerikako ostozabalen oihanetatik dabil. Izan ere, orain bertan Nikaraguan da, ni […]