Maribel Arriortua: “Ikertzaile onak sortzaileak dira, txarrek, aldiz, kopiatu egiten dute”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

Maribel Arriortua
Maribel Arriortua

Ikertzaile batek bere lanean inork baino gehiago sinetsi behar du. Berdin du kanpotik hau edo bestea esaten badiote. Berak bere horretan jarraitu behar du. Irmo. Izatez, hori da zientzialari onaren ezaugarrietako bat. Noski, argumentuak behar ditu esaten duena defendatzeko. Eta ez edonolakoak. Nahiz eta mundu guztia kontra izan, ikertzailea bera esaten duenaz ziur badago, bere usteekin aurrera joan behar du, kanpoko eraginik gabe. Eta hau, ez da gauza erraza.

Galdetu diezaiotela bestela historian zehar egon diren zientzialari garrantzitsuenei. Nork esan behar zuen lurra zela eguzkiaren inguruan mugitzen zena eta ez alderantziz, elizak, mendeetan zehar, defendatzen zuen bezala? Nori bururatu zitzaion egi santu hura kolokan jartzea? Ba al zuen hori esateko nahikoa argumenturik? Bai, noski. Eta Galileoren argumentu sendo horiei esker aurrera joateko gai izan gara. Hori bai, kartzelan sartu nahi izan zuten publikatu zituen lanengatik. Hau dela eta, bere usteei uko egin behar izan zien espetxean ez sartzeko. Uko egin bai, baina esaldi xelebre hau gehitu zuen: “Eppur si muove” (“eta, hala ere, lurra mugitu egiten da”). Bere sinesmenei gogor heldu zien. Irmo. Eta denborak arrazoia eman dio, nahiz eta bere garaian jende asko kontra izan. Badira honelako ehunka adibide eta Dan Shechtman (Tel Aviv, 1941) da hauetako beste bat.

Azkeneko honek ez zituen elizaren sinesmenak kolokan jarri, egia da, baina bere istorioak (beste zientzialari askorenak bezala) badu zerikusia Galileo Galileirenarekin. Izan ere, Dan Shechtman-ek kristalografiaren lege guztiak hankaz gora jarri zituen duela urte batzuk. Bere esparruan lan egiten zuten kristalografoek gogor kritikatu zuten bere teoria eta, gainera, txorotzat jo zuten. Ez zuten kartzelan sartu nahi izan, baina gonbidapena egin zioten lehen urtean ikasten diren legeak berriz ere ikasteko. Ez zion gonbidapenari kasurik egin eta bere usteak gogor defendatu zituen. Mundu guztiaren kontra. Gaur egun, Nobel sariduna da kristalografian egindako ekarpenengatik.

Kristalografiaren urtea da aurtengoa eta, hau dela eta, Zientzia Kaiera gai honetan aditu ona den Maribel Arriortuarekin elkartu da. EHU-ko katedradun honek 2011an eskuratu zuen Euskadi Ikerkuntza Saria eta bere gaiaren gainean gauza asko kontatu dizkigu. Baita Dan Shechtmanen istorio polit hau ere. Hau da EHU-ko SGIker-eko (Zerbitzu Orokorrak) zuzendariak kontatu diguna.

– Zientzialaria eta ikerlaria zara, baina zer da hau izatea gaur egun?

Lehenik eta behin esan beharra daukat zorte handia dudala gustuko dudan zerbaitetan lan egiteko aukera daukadalako. Oso gustuko dut nire lana eta hori ezin dezake mundu guztiak esan. Gure lana gizarteak ordaintzen du kasu askotan. Nirean bai, behintzat. Beraz, esango nuke, ikertzaile bat gizartearen aurrean erantzukizun handia duen pertsona bat dela. Zientzialaria gizartearekin konpromiso fuerte bat hartu duen langile bat da eta, honenbestez, garbi izan behar du bere lanak egunen batean gizartean nolabaiteko eragina izan beharko duela. Hori bai, pertsona bezala nolakoa den galdetzen badidazu, pertsona normal bat dela esango nuke. Zientzialariak badu familia bat, baditu lagunak ere… (barreak)

– Kristalografoa zara. Nola azalduko zenioke zure lana zertan datzan ezagutzen ez duen norbaiti?

Kristalografia kristalak aztertzen dituen zientzia bat da. Adibide batzuekin garbiago azaldu daitekeela iruditzen zait. Kristalak dira, adibidez, izotzezko forma ezberdinak, goizetan kafearekin hartzen dugun azukrea, gaixorik gaudenean hartzen ditugun farmako zenbait… hauek guztiak kristalak dira. Batzuek estruktura konplexuagoak dituzte eta beste batzuek sinpleagoak, baina denak dira kristalak. Kristalak duen ezaugarri nagusia da kristalak berak baduela difrakzio patroi bat. Eta zer den difrakzio patroi delako hori? Bada, beste adibide batekin azalduko dut. Medikura goazenean eta X izpiekin plaka bat ateratzen digutenean, gure hezurrak agertzen dira. Hori izango litzateke gizakion difrakzio patroia. Guk gauza bera egiten dugu, baina kristalekin.

– Baina ez al da oso eremu mugatua kristalografiarena?

Inolaz ere! Gure eguneroko bizitzan kristal pila bat dugu gure inguruan. Elikaduraz hitz egiten dugunean kristalak edonon agertzen dira, landareen munduan ere kristalak daude… Kristalografia zientzia multidisziplinario bat da. Hau da, kimikariekin egiten dugu lan, arkitektura munduarekin ere, fisikariekin ere, baita medikuntzan ere… Kristalak edonon aurkitu ditzakegu.

– Zergatik aukeratu zenuen kristalografia? Txikitatik al zenuen garbi?

Ez, ezta gutxiago ere. Kimika ikasketak egin nituen bere garaian eta, ikasketa haien azkeneko urteetan, makromolekulekin egin nuen lan. Orain egiten dudanaren kontrakoa, hain zuzen ere. Enpresaren munduan ere ibili nintzen. Denbora batera beka bat atera zen lizentziaturako tesia egiteko eta gaia kristalografia zen. Aukera hartu nuen eta honela hasi nintzen lanean. Esan daiteke mundu batetik beste mundu batera pasatu nintzela bat-batean. Makromolekuletatik mikromolekuletara, hain justu. Hori bai, oso pozik nago aukera hori hartu izanagatik

– Zer da Maribel Arriortuarentzat zientzia?

Zientzia nire bizitzaren parte handi bat da.

– Oso erantzun polita, egia esan. Beste era batean egingo dizut galdera. Zer garrantzi izan du zientziak zure bizitzan?

Zientziarekin hazi den pertsona bat naiz ni. Nagusitzen joan naizen heinean zientzia alboan izan duen pertsona, hain zuzen ere. Ez nuke nire bizitza zientzia gabe ulertuko. Gaur egun oso argi daukat hori. Txikitatik zientzialaria izan nahi nuela esaten badizut gezurra esaten egongo nintzateke, baina denbora pasatuta bai: ez nuke nire bizitza ikerketa gabe ulertuko.

– Zein da zientzialari on baten eta txar baten arteko ezberdintasuna? Zeintzuk dira zientzialari on baten ezaugarriak?

Ikertzaile onak sortzaileak dira. Txarrek, aldiz, kopiatu egiten dute. Sortzailea izatea ezinbestekoa da edozein ikerlarirentzat. Hala ere, ez dugu irmotasunaren kontua ahaztu behar. Ikerlariak bere usteekin bukaeraraino joan behar du. Hori bai, argumentu sendoak izanda, noski. Hor dago Dan Shechtman-en adibidea. Berak, nahiz eta mundu guztia kontra izan, aurrera egin zuen bere ideiekin. Hau ere bada ikerlari on baten ezaugarria, zalantzarik gabe.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.